Jean-René Etchegaray eta Anje Duhalde, Alkartasuna sarien irabazleen artean

Euskal Herriko bake eta normalizazioa, migratzaileen eskubideen defentsa, euskal kantugintzari egindako ekarpena eta osasun eta kontsumitzaileen defentsa dira, hurrenez hurren, Jean-René Etchegaray, Laurence Hardouin, Anje Duhalde eta Marie-Ange Thébaudi Nestor Basterretxearen «Zazpiak Bat» dominaren bidez omenduko zaizkien lanak.

naiz|baiona|04/04/2018 13:04
Gar_j_rene_etxegarray_bobedme104
Jean-René Etchegarayk Bakearen Artisauekin egindako lanagatik jasoko du Alkartasuna saria. (Bob EDME)

Alkartasuna Fundazioak 2018ko Alkartasuna Sariekin omenduko ditu Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkatea Euskal Herriko bakegintza eta normalizazioa bultzatzeagatik, Laurence Hardouin abokatua eta migratzaile, erbesteratu eta asiliatuen eskubideen defendatzailea, Anje Duhalde euskarazko rock eta folk musikaren aitzindari eta euskal kantutegiko autore klasiko bilakatu dena, eta Marie-Ange Thébaud, ekologista eta osasun eta kontsumitzaileen aldeko ekintzailea.

Sari hauen bitartez, fundazioak «Euskal Herriko nortasuna, askatasuna, garapena eta kohesioaren alde lan egiten duten pertsonen ibilbidea» goraipatu nahi du. Etchegarayren kasuan, Bake Artisauen jardunari eman dion «laguntza eta ardura» aintzat hartzen ditu «Euskal Herria bake eta normalizazio egoerara bideratzeko».

Hardouin abokatuak migratzaile eta asilo bilatzaileen eskubideak aldarrikatzen eta berauek defendatzen egin duen «lan eskerga» azpimarratu nahi du Alkartasuna fundazioak. «Euskal Gatazka konpontzeko Bake Bidea elkartean egin dituen ekarpenak ere eskertzeko emango saio domina».

Anje Duhalde musikari lapurtarraren ibilbide oparoa ere saritu nahi izan dute. «Euskal rock eta folkaren aitzindari, 40 urtez baino gehiago doinu ezberdinak sartu ditu gure kantutegian, mundutik euskarara eta euskaraz mundura».

Thébaud ekologista ere sarituko dute «osasuna eta kontsumitzaileen aldeko defentsan egindako lanagatik».

Sari banaketa apirilak 21ean izango da, Baionako Le Bayonne ostatuan, Peio Menta eta Txomin Dmers txalapartari eta Gartzen Beraza dantzariaren parte hartzearekin.