7.200 euroko isuna ezarri diete 12 laguni Santo Tomasetan Ursula txerria defendatzeko ekintzagatik

Santo Tomasetan Ursula txerria defendatzeko ekintzan parte hartzeagatik Mozal Legea aplikatu diete Askekintza mugimenduko 12 kideri eta isun bana ezarri. Guztira 7.200 euro eskatzen dizkiete «erresistentzia pasiboa erabiliz, Ursula txerriaren erakusketa galarazten saiatzeagatik».

naiz|Donostia|15/05/2018 19:15
Donostia
Mozal Legea baliatuz Askekintzako 12 ekintzaileri isuna jarri diete. (Jon URBE / FOKU)

7.200 euroko isuna ezarri diete, guztira, Askekintza mugimenduko 12 kideri, iazko Santo Tomasetan Ursula txerria defendatzeko ekintza batean parte hartzeagatik. Gipuzkoar hiriburuko Konstituzio plazan Eleak mugimenduarekin batera egin duten agerraldian adierazi dutenez, «Donostiako Udala izan da honen sustatzailea, berriz ere Lakuaren konplizitatearekin».

Udalarekin biltzen hainbatetan saiatu direla azaldu dute, «beste espezietako animaliek hiri honetan pairatzen dituzten egoeren inguruan hitz egiteko». Hitzordu hauek lortu ez dituztenez, «gure modura egitea erabaki genuen», azaldu dute. «Ezerk ez du legitimatzen aske izan nahi duen norbanako baten interesen urraketa, izaki sentikor eta agentziadun bat 12 orduz erakusketa objektu gisa tratatzea ezin delako inondik inora onartu», gehitu dute.

Mozal Legea aplikatuz ezarri diete isuna. «Euskal jendarteak arbuiatzen duen Mozal Legea aplikatzen jarraitzen dute euskal instituzioek, 2016an Legebiltzarrak Gobernuari ez aplikatzeko eskaera egin zion arren», adierazi dute Eleak mugimenduko kidee.

Jakinarazi dutenez, 2015-2017 bitartean 11.000 aldiz baino gehiagotan erabili dute Mozal Legea Hego Euskal Herrian. EAEn Ertzaintzak 8.000 espediente martxan jarri ditu eta Polizia Foralak beste 3.000 Nafarroan. «Ezarritako zigor hauen guztien artean, 4.000 inguru izan dira zuzenean eskubide zibil eta politikoekin zer ikusirik izan dutenak: manifestaldiak, kontzentrazioak, desobedientzia ariketak, poliziarekiko errespetu faltak, propaganda jartzeak, eraikinen okupatzeak», nabarmendu dute. Mugimenduak gaia Donostiako Udal Batzan gaia aztertu dadin mozioa aurkeztuko du.