NAIZ
DONOSTIA

Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak uko egin diote Euskadi literatura sarietan finalista izateari

Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak uko egin diote Euskadi literatura sarietan finalista izateari. Munduko Poesia Kaieretan argitaratutako Rosalia de Castroren eta Seamus Heaneyren obrak euskarara ekarri zituzten, eta itzulpengintza alorrean daude izendatuta, baina «bakean uzteko» eskatu dute.

Koldo Izagirre eta Xabi Borda iaz, beren lanen aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Koldo Izagirre eta Xabi Borda iaz, beren lanen aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ironiaz betetako idatzi batean, Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak Euskadi literatura sariei uko egin diote, NAIZek jakin duenez.

Bi idazleok itzulpengintza alorrean dira finalistak, Susaren Munduko Poesia Kaieren bilduman argitaratutako bi lanengatik. Izagirrek Rosalia de Castro galiziarraren poemarioari heldu eta bakardadea, kezka sozialak eta lurraldetasuna aintzat hartzen dituen lanak euskaratu zituen.

Bordak, aldiz, Seamus Heaney poeta ipar irlandarraren poemarik esanguratsuenak itzuli zituen euskarara.

Beren ukoaren berri emateko ‘Utikan Euskadi saria’ izenburua duen idatzia igorri diote bi idazleok Lakuako Gobernuari. Bertan diotenez, «liburu berberagatik» izendatu dituzte finalista «euskal literaturaren erresumaren barneko itzulpenaren komunitate autonomoan: ‘Poesia Kaiera’ delako bana ageri da izendapenaren kausagarri bioi iritsi zaizkigun jakinarazpen ofizialetan». 

Izagirre eta Bordaren arabera, «ez batak ez besteak euskaratu dugu horrelakorik, eta honenbestez abisatu nahi genioke igorleari igorri diezazkiela jakinarazpen horiek dagozkien itzultzaileei, suplantazio salaketarik erantsi ez diezaguten, larria bailitzateke guretzat sariketa horretan parte hartu nahi ez eta amarrutan harrapatuko bagintuzte».

Izendapen ofizialean Rosalia de Castro eta Seamus Heaneyren izenak ez agertzea kritikatu eta bi autore horiek aldarrikatu dituzte: «Bromazkoak diruditen kontutxo hauek alderdi tristerik ere izan ohi dutenez, guk ere jakinarazi nahi genuke beste hauxe, biok eta beste askok daukagun literaturaren kontzeptuak begiramen handiz tratatzen dituela Rosalia de Castro eta Seamus Heaney bezalako poetak».

«Euskadi Sariak, utzi gaitzazue bakean Eta batez ere, utzi ezazue literatura bakean» eskatuz bukatzen dute idatzia.

Izagirrek iaz ere uko egin zien Euskadi literatura sariei, Oier Guillan eta Josu Landarekin batera. 2007ra egin behar da atzera idazle talde batek ‘Utikan Euskadi Sariak’ agiria sinatu eta publiko egin zuenetik.