Ariane KAMIO
DONOSTIA

Ukoa, hirukoa

Oier Guillanek, Koldo Izagirrek eta Josu Landak uko egin diote Euskadi literatura sarietan parte hartzeari. «Mr. Señora», «Franco hil zuten egunak» eta «Stephane Mallarme» lanak finalisten artean dira, eta fase horretara helduta jaso dute idazleek beraien sorkuntzen egoeraren berri. Hirurek beren obrak zerrendatik kentzeko eskatu dute arrazoi ezberdinak argudiatuta. «Utikan Euskadi Sariak» manifestua eta Mikel Peruarenaren auzia dira aurrekarietako batzuk.

Euskarazko Literatura deitzen zaion eremu horren barruan sartu ditu Euskadi literatura sarietako epaimahaiak Oier Guillanek (Donostia, 1975), Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) eta Josu Landak (Altza, 1960) iaz argitaratu zituzten lanak. “Mr. Señora” (Txalaparta) antzerki liburua da bata; “Franco hil zuten egunak” (Susa) kontakizun bilduma da bigarrena; eta “Stephane Mallarme” (Susa-Poesia Kaierak) autore frantziarraren antologia euskaratua da azkena. Hiru lanen balioa azpimarran jarri eta iragan uztailean finalisten artean zirela jakinarazi zieten hiru idazleei. Baina hiru autoreok beren lanak Euskadi literatura sarietatik kanpo gera daitezela eskatu dute. Ez dute parte hartu nahi.

Lakuako Gobernuak banatzen dituen sari literarioetan ez ditu autoreak bere lanak aurkezten. Pasa den otsailean argitaratutako oinarrietan horrela dio: «Modalitate bakoitzeko epaimahaikideek aurkeztuko dituzte sari-modalitate bakoitzeko hautagaiak». Kasuan kasu, hautagaitzen aurreko galbahea pasatzen duten idazleei jakinarazten zaie beraien lana azken fasean sartua dagoela.

Ez dira lehenengoak delibero hori hartzen dutenak. 2007. urteraino atzera egin beharra dago idazle talde batek “Utikan Euskadi Sariak” manifestua sinatu eta publiko egin zuenetik. Sarean dago oraindik deklarazio haren mamia, baita sinatzaileen zerrenda ere. Eta haien artean dira Guillan, Izagirre eta Landa. Adierazpenetako puntu batean halaxe dio: «Jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde gaudenez eta Euskadi Sarien erabakiek, daukaten oihartzun mediatikoarengatik, zeharka bada ere gure lanaren kalitatearen gaineko balioespena zein gutxiespena ezartzen dutenez, argi utzi nahi diegu gure irakurleei ez dugula horrelako parametroetan neurtuak izan nahi».

Josu Landaren arrazoiak ere hamarkada bat atzerago doaz. «Euskadi Sari horien oraingo modalitatearekin ez dut ezer jakin nahi. Nik duela hamar bat urte ‘Utikan Euskadi Sariak’ agiria sinatu nuen, eta orduko hartan Eusko Jaurlaritzak izan zuen erreakzioa eta emandako erantzuna politikoki arbuiagarriak eta, pertsonalki, sumingarriak izan ziren. Orduko hartatik eratorria da nire deliberoa», aipatu du idazleak.

Sariei uko egin dien azken kasua Mikel Peruarenarena izan zen. Idazle hernaniarrak 2014an kaleratu zuen “Su zelaiak” (Susa) nobela eta Euskarazko Literatura modalitateko Euskadi Saria eman zion epaimahaiak 2015eko sariketan. Peruarenak, ordea, urte hartako ekainetik –lana hautagaien zerrendan zegoela jakin zuenetik– helarazi zion epaimahaiari sarietan ez parte hartzeko argudio zerrenda.

Aurrekari horietatik abiatuta dator Guillanen arrazoiketa, «bereziki hunkigarria» baitzaio Peruarenak bere denboran egindako gogoeta, «oso modu zintzo eta elkartasunezkoan adierazten zuelako horrelako sariek bultzatzen duten kultur ereduak sortzaile zein hartzaile askorengan sortzen duen ezinegona, egun kulturak bizi duen prekaritate publikoaren eredua areagotu besterik ez duelako egiten. Berak aipatzen zituen halaber beste eredu batera gerturatuko liratekeen balizko ekimen eta ideiak, jarrera ezin eraikitzaileagoan. Neuk bat egiten dut bere bulkadarekin, gogoeta hauek behin eta berriz azaleratu behar direla sinetsita», esan dio egunkari honi.

Are, “Mr Señora” antzerki liburu bat izanda. Guillanek euskarazko antzerkiak instituzio publikoetatik jasotzen duen babes eskasa eta egungo kultur politikak jarri ditu auzitan eta antzerkizaleen lana «aktibismorako tresna gisa» aldarrikatu du, «komunitate baten parte izateko modua ere badelako». «[...] baina alderdienak ez ezik (ustez) jendearenak ere badiren instituzio eta diru publikoak kudeatzeko beste kultur politika batzuk posible direla uste dut, aldarrikatzen dut». Hor bere ukoaren arrazoia: «Urte batzuk bizirauteko emango lidakeen balizko diruari ‘ez’ esateak dakarren tripako minez, baina bizitza osoko urteak prekaritatean eta sortzaile gisa ezin ahalduntzean pasatzeak dakarren zama askoz astunagoak akuilatuta».

Literatura oso bat

Koldo Izagirrek Euskal vs Erdal dikotomian –edo harreman subordinatuan– egin du bere zioen habia. «Euskadi sarietan gu ‘euskarazko literatura’ gara, ez ‘euskal literatura’, erdaldunena ‘gaztelaniazko literatura’ da, ez ‘erdal literatura’». Eta jarraitu du: «Literaturaren kontzeptu agrafo bat daukate Euskadi sariek, hizkuntzak, azken finean, modalitateak baino ez zaizkienez (vasco izatearen modalitateak). Euskaditar modalitate bi dauzkagu beraz, euskaraz idazten dutenena eta erdaraz idazten dutenena, eta biak dira arma beraren haur jatorrak».

Tonuan gogor agertu da pasaitarra. «Euskadi sariak, izenetik hasita, irain hutsa dira». Eta «subordinazioaren zeremonia» direla azpimarratu du: «Parean jartzen ditu literatura nazional bat eta literatura erregional bat». Aldarrikapenari atxiki zaio: «Euskal literatura unibertsala da, ez du arazorik definitzeko, hizkuntzaz baita definitzen, munduko literatura guztiak bezala. [...] Ez da modalitate bat, literatura oso bat baino».