Patxi Gaztelumendi

Sarrionandiaren geografia

Bira kulturgunea goraino bete zen astearte zuri batez, Joseba Sarrionandiarekin bidaia literarioa egiteko. Iñigo Aranbarri hizlari. Mahai gainean Sarrionandiaren obra eta Aranbarriren apunteak. Argiak itzali eta adi adi entzule guztiak. Izuen gordelekuetan barrena poema liburuarekin, Sarriren geografian, handik hona, hemendik hara eraman gintuen Aranbarrik. Liburu horretako kapitulu bakoitzak ardaztu zuen hitzaldiaren funtsa, eta egileak aitortu zuenez «izugarria da, baina Sarrionandiaren historia liburu horretan aurretik idatzita dago, bitxia da baina dena idatzi zuen, eta liburuko guztia bizi izan du gerora Joseba Sarrionandiak». 

Birak hartu zuen atzoko hitzaldia (Aritz Loiola/Foku)
Birak hartu zuen atzoko hitzaldia (Aritz Loiola/Foku)

Hasi da Loraldia. Aste honetan Joseba Sarrionandiaren inguruko bi ekitaldi ditu egitarauak. Iñigo Aranbarrik 'Lur bat idazteko' hitzaldiari ekin zionean, Bira kulturgunea beterik zegoen. Interesa piztu zuen Sarrionandiaren geografia literatarioari buruzko solasaldiak, datorren ostiralerako iragarrita dagoen Kalaportu ikuskizunak piztu duen antzera. Ehunka batzuk sarrera saldu dira jadanik. 

Iñigo Aranbarri idazleak berak Sarrionandiaren mundua zelan bizi izan duen kontatzera hurbildu zen. «Idazle bat bere gogoetekin oinez, gogoa oinez» hasi zen. «Idazleak toki bat behar du, zeozer, izena duen toki konkretu bat, zapalduko dudan geografia bat behar dut ez erortzeko». Eta literatura klasikoan erabili izan diren fikziozko tokiak zerrendatu zituen. Txomin Agirreren 'Kresala'n Arranondo, Arranegi sortu zuen Eusebio Erkiaga edo Arralde Anjel Lertxundik. 

Literatura unibertsalak ere sortu ditu fikziozko lekuak: Macondo egin zuen ezagun Gabriel Garcia Marquezek, Comala berriz Juan Rulfok, Santa Maria izango da Juan Carlos Onettik asmatutako lekua edo Oeste Manuel Rivasek. «Eta hemen gaude gu astearte buruzuri baten Kalaportu mapan kokatu nahian» bota zuen irribarre gaizto batekin Aranbarrik; ordurako entzuleen arreta guztia irabazia zuen. 

Eta 80. hamarkada hasierara jo zuen. Bernardo Atxagak 'Obabakoak' plazaratu aurretik 'Etiopia' plazaratu zuen. Eta 1981. urtean Joseba Sarrionandiaren lehen liburua argitaratu zenean, hitzaurrea Karabantxeleko kartzelan idatzi zuen, 1981eko otsailaren 15ean. Izuen gordelekuetan barrena Sarrionandiak lehiaketa batera aurkeztutako lana izan zen, Bilboko Aurrezki Kutxak plazaratu zuen liburuaren lehen edizioa, eta edizio lanetan jardun zen Joserra Bilbao bera entzuleen artean zen Birako hitzaldian. 

Izuen gordelekuetan barrena. Joseba Sarrionandia 1981

Izuen gordelekuen barrena murgildu zuen entzulegoa Aranbarrik. Eta garaiko testuinguruan kokatzeko aski da Sarrionandiak espetxetik liburuari idatzitako hitzaurreko pasarte honi erreparatzea, Aranbarriren hitzaldiko gako asko bertan aurkitzen direlako:

Izuen gordelekuetan barrena honetako poemok zertan diren argituko dut apur bat. Bada, urte betean, 1980. urtean zehar, eginikako poemek osotzen dute. Irailan eta urrian idatzi nuen gehiena, baina urte guzian zehar bildurikako ohar eta gogoetez. Niretzat berezi samarra izan da 1980 urte hau: hogeita bi urte egin ditut, eta inoiz baino askeago senditu izan dut ene burua hazilaren hamairuan —aurkezten ari naizen poema bilduma hau osotu berri nuela— gartzelara, dirudienez luzarorako, sartu nauten arte. Esan bezala, 1980. urtean zehar sorturikakoak dira poemak eta, banan bana, sortuak direnez areago da poema bilduma, poema oso bat baino. Eta poema bilduma den arren ere, badu bilakaera edo egiturazio orokorra. Bada sarreran, liburua «bitakora kaiera» bat dela esaten da eta ondorengoa, beraz, bidaia bezala azaltzen da, bilduma zazpi zatitan banaturik: Sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praha eta Deserria, hau da, Europako zazpi lurralde eta hiri zahar mitikotan barrena. 

Eta Sarrionandiak aipatutako sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praga eta deserriko geografietan murgiltzen abiatu zen hizlaria. Kapitulu bakoitzetik bidaia bana proposatu zituen. 

Sorterri hautatuan

Lehen atal honetako bi poema aukeratu zituen Aranbarrik: 'Sorterriko koblak' eta 'Sustraiak han dituenak'. Sorterriko koplak jendaurrean irakurri ostean argi mintzatu zen idazlea: «ez da egongo maitasun kopla ederragorik, belaunaldi oso bat markatu zuten poema hauek». «Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak» bukatu zuen bigarren poemarekin Aranbarrik eta berehala ateraldia: «sinetsi behar da poema hau kartzelara sartu aurretik idatzi zuela». 

'Narrazioak' ipuin liburua ekarri zuen gogora ostean Aranbarrik. «Orduko edizioa daukat eskuartean eta zenbat hitz azpimarratu nizkion ikusten dut, ez nuen ezer ulertu, eta gaur egun normaltzat darabiltzagun berbak eta adierak dira horietako asko» aitortu zuen jendaurrean idazleak. Kartzelan idatzia den arren, liburuan ez da kartzela aipatzen, «ez dago presarik, egongo da kartzelaz idazteko aukerarik» gaineratu zuen Aranbarrik. Literatura historikoaz aritu zen, eta 'Ni ez naiz hemengoa' Sarrionandiaren liburuan horretaz egiten duen gogoeta irakurri zuen ahotsgoran. 

«Baina irakurleak 'Ni ez naiz hemengoa' irakurtzen duenerako, Sarrionandia ez dago kartzelan» bota zuen Aranbarrik orduan. Eta ihesaldia bera ere fikziozko kontu bat dela sujeritu zuen, eta Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa' nobelan ondo kontatzen dela baieztatu zuen, irakurtzeko gonbidapena eginez. 
"Sorterriak bi forma nagusi ditu Sarrionandiaren obran: itzuli beharreko espazio moduan -Oroitzen zaitudanean ama...-; egindako bidearen hasiera moduan; eta azken honetakoa da Kalaportu, 'Kolosala izango da' eta 'Lagun izoztua' nobeletan agertuko den lekua". 

Asmatzen duten Paris

Pott banda ere ekarri zuen gogora Iñigo Aranbarrik, eta beraien ahalegina nazioarteko literatura eta idazleak euskal literaturan txertatzeko. Joseba Sarrionandia berak, Izuen gordelekuetan barrena poema liburuko hitzaurrean:

Pott Banda aipatu behar dut ene erro literarioei buruz, zeren eta hemeretzi urte nituen sortu zenean eta, erakutsi guti baina ikasi haunitz egin bait dut Bandaren hiru urteko historian. Sei elkartzen ginen Bilboko Alde Zaharreko tabernan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde, Jon Juaristi, Manu Ertzila eta seirok. Oso desberdinak ginen kreaturok, gero bakoitzari asturuak erakutsi dion bezala, baina orduan nolabaiteko heterodoxiak elkartzen ginduen eta solasaldi atseginak genituen astero.

Paris banguardien hiriburua dela aitortu zuen Iñigo Aranbarrik, eta Sarrionandiak munduko 40 idazle izenekin osatu zuen sonetoa irakurri zuen jendaurrean. 

William Faulkner. Alice Liddell. Buster Keaton.
James Joyce. Marilyn Monroe. Stephen Crane.
Ambroise Bierce. Marcel Duchamp. Jules Verne.
Franz Kafka. Herman Melville. Andre Breton.

Humprey Bogart. Paul Klee. Francois Villon.
Jacques Brel. Ezra Pound. Louis Ferdinand Celine.
Nicholas Ray. Dante Alighieri. John Wayne.
Samuel Beckett. Jonathan Swift. John Huston.

Nazim Hikmet. Juliette Greco. Boris Vian.
Edgar Allan Poe. Vladimir Nabokov.
Hieronimus Bosch. Bram Stocker. Paul Celan.

Johan Huizinga. Jean Genet. Marcel Schwob.
Edgar Spencer Dodgson. Vladimir Holan.
Edward Lear. Joseph Conrad. Vincent Van Gogh.

Itsasoaren ezpainetan

Ulises eta Itaka ekarri zituen hizpidera Aranbarrik itsasoaz berba egiterakoan. Eta Kavafisen ekarpenak gogoan hartuz, «garrantzitsuena ez da helmuga, bidea bera baizik» bota zuen. «Gurean Ulises Martin Larralde deitzen da, hemen inork ez du koblakaririk behar, Ulises gabe jendea lasai bizi zen, eta Euskal Herrian jendea lasai bizi daiteke Joseba Sarrionandia gabe» jaurti zuen umore finarekin. Eta Sarrionandiaren obran itsasoa konstante bat dela nabarmendu zuen, 'Marinel zaharraren balada' aipatuz eta Eider Rodriguezek egindako saiakera nabarmenduz: 'Itsasoa da borroka bakarra'. «Literatura itsasoa da, etengabe berritzen delako» egin zuen gogoeta. «Zertaz ari da poeta itsasoaz ari denean?» galdetu eta Ruper Ordorikak abestutako 'Memoriaren map'" diskoko letrak ekarri zituen kontura. Kalaportutik, Ameriketako itsasora eta 'Lagun izoztua' nobelako Antartidara eraman zituen entzuleak une batez Aranbarrik.

Lisboako negarkanta

Portugalera ere bidaiatzeko aukera eskaini du Sarrionandiaren obrak. 'Ni ez naiz hemengoa' liburuan 'A saudade' sarrera idatzi zuen kartzelan espetxealdiko bosgarren urteko maiatzaren 4an. Horrela hasten zen: «Portugesetik, edo berdin gailego edo brasildarretik, euskararako hiztegirik balego, saudade hitzaren aldamenean honako hauk agertuko lirateke: saudadea, oroimina, bakardadea, herrimina eta beste». Fernando Pessoa idazlea eta bere heteronimoak gogora ekarrita akordura ekarri zuen poetak Portugal eta bere literatura, eta zeinen gustuko zuten garai batean Portugaletik ez ezik, portugesez sortutako literatura. Sarrionandiak portugesetik itzuli zuen Pessoaren 'Mariñela' antzezlana, Antonio Bandeira ekarri zuen euskarara eta Poemas Naufragos liburuan galegoz heldutako poemak itzuli zituen euskarara. 

'A minha patria é a lingua portuguesa' idatzi zuen Fernando Pessoak, haren oihartzuna egiten dute Kartzelako poemetako 'Euskara da gure territorio libre bakarra' Sarrionandiaren hitzek. 'Alberto Caieroren bisita' idatzi zuen Iurretakoak 'Izuen gordelekuetan barrena' liburuan, Ruper Ordorikak kantu bilakatuko zuena. 

Hodeien margoa

«Irlanda idazle handien lurraldea» dela aitortuz jo zuen Aranbarrik iparralderago. James Joyce, Oscar Wilde, Beckett, Swift edo Seamus Heaney etorriko zaizkigu gogora. Baina Yeatsen poemak itzuli zituen besteak beste Sarrionandiak 'Izkiraturik aurkitu ditudan ene poemak' lanean. 

Beranduago plazaratutako 'Hnuy Illa Nyha Majah Yahoo. Poemak 1985-1995' liburuan ere Irlandara eramango gaituen ipuina dago tartean 'Denbora presentea eta denbora pasatua' eta bertan Ismael Larrea izeneko iheslaria Irlandan aurkitzen da, bertan paper izkutu bat erakutsiko dio fraile zahar batek, Bakaikuko Argia Larraldek idatziriko eskuizkribu batekin. «Iragana oroimena da» egin zuen sententzia Aranbarik. 

Pragako orenetan

Eta Kafkaren hirira joan ziren entzuleak une batez. Kafkaren surrealismoa eta kartzelako bizitza adibidetzat hartu zituen Aranbarrik orduan. Kartzelako poemetan deskribatzen diren egoera batzuk ekarri zituen gogora. Eta 'Atabala eta euria' liburuko pasarteak irakurri zituen orduan. «Hiri bazterreko edifizio batetatik» ezin surrealistagoa, Puerto de Santa Mariako espetxean zegoela idatzitako ipuina bera. 

Iragan dira horiek oro

Denborak aurrera egin arren, azken kapituluan murgildu zen Loraldiako lehen ekitaldia. Deserria edo erbestea. Sarrionandiaren bizitzako zati garrantzitsu bat. Nahiz eta sarritan liburuak idatzi eta argiaratu, duela gutxi arte inork gutxi zekien non zen Iurretako idazlea. Eta paisaiaz gogoetatxoa egin zuen Aranbarrik orduan. «Paisaia espazio bat da elkarrekin bizitzeko, paisaia begiak dira, paisaia ideologia bat da, paisaia hautua da"» bota zuen. «Banuen sumo bat –hasi zen aitortzen–, lehen liburu honetan dago Joseba Sarrionandiaren historia guztia, hor dago gerora garatu duen mundu guzti hori, bitxia da baina guztia aurretik idatzi zuen eta liburu guztia gerora etorriko denaren kontakizuna da» Aranbarrik bukaeran. «Gutako bakoitzak egin du geografia bat, bakoitzak badugu Joseba Sarrionandia bat eta hori da ederrena, irakurle bakoitzak irakurketa bana egitea». 

Artikulu honetako kantuak playlist baten bilduak: