naiz

Macronen erretratua kendu dute Bizi!-ko kideek Maule eta Donibane Garaziko Udaletatik

Aldaketa klimatikoaren aurkako ekintzaileak Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidentearen erretratuak erretiratzen jarraitzen dute; astearte honetan, Maule eta Donibane Garaziko Udaletatik.

Estatuak mehatxu eginagatik ere, horrelako ekintzak areagotzen ari dira. (Bizi!)
Estatuak mehatxu eginagatik ere, horrelako ekintzak areagotzen ari dira. (Bizi!)

Biarritzen eta Uztaritzen erretiratu zituzten lehenik Macronen erretratuak Bizi! eta Action Non Violente-COP21 taldeetako ekintzaileek, larrialdi klimatiko eta sozialari aurre egiteko Emmanuel Macronen esku-hartze eza salatzeko protesta gisara.

Gaur, goizeko 11.00ak aldera, Bizi! plataformako kideek beste bi koadro ofizial jaitsi dituzte, bata Mauleko Udaletik eta bestea Donibane Garazikotik. «Klima, justizia soziala... non dago Macron?» mezudun afitxak jarri dituzte erretratuen tokian, bi auzi horietan Macronen politikek erakutsitako hutsaltasuna gaitzesteko.

Gobernu frantsesak ekintza hauek zigortzearekin mehatxu egin zuen, eta ekainaren 26an nahiz irailaren 2an eta 11an Action non violente COP21 taldeko hamar kideren aurkako epaiketak egingo dira. Hala ere, gisa honetako ekintzak Estatu osoan biderkatu egin dira.

Erretratu ofizialak erretiratzearekin batera, burututako ekintzaren esanahia azaltzen zuten eskutitzak utzi dituzte Bizi!-ko kideek bi herrietako alkateentzat.

Hala, eskutitzak dio ekintza «ez biolento» hauek ez dutela udalerri jakinik jomugan, baizik presidentea eta bere Gobernua, ez baitituzte betetzen Parisko Hitzarmenean klima aldaketaren aurka hartutako konromisoak. «Lau urte beranduago, Frantziak jarraitzen du bere konpromisoak bete gabe eta, okerrago, berotegi-efektuko gasen isurketak handitzen ari dira», azaldu dute.