Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Entrevista
RAMON AGIRRE ETA ELENA IRURETA
AKTOREAK

«‘Aupa Etxebeste!’k oso langa altua utzi zuen, baina ez dugu inor defraudatuko»

Ramon Agirre eta Elena Irureta berriro sartu dira Patrizio Etxebeste eta Maria Luisa Urangaren azalean. ‘Agur Etxebeste!’ ez da nolanahiko erronka izan: maila oso altu utzi zuen aurreko pelikulak eta utzi zuen zaporea denboraren joan etorriarekin idealizatu egin dela uste dute. Presioak presio, «rato» ona pasaraziko dutela hitz eman dute.

Elena Irureta eta Ramon Agirre aktoreak Maria Luisa eta Patrizioren azaletan sartu dira berriro. (Gorka RUBIO/FOKU)
Elena Irureta eta Ramon Agirre aktoreak Maria Luisa eta Patrizioren azaletan sartu dira berriro. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hamalau urte igaro dira ‘Aupa Etxebeste!’ hartatik. Nola izan da lan taldea berriro elkartzea?
Ramon Agirre:
Den-denak gaude, hori da hauen abilidadea. Luxuzko kameoak ere baditugu, eta hori izugarria da!

Elena Irureta: Elkar ikusi ikusten dugu, elkarrekin berriro lan egitea izan da polita, oso pozgarria. Hasi baino lehen, Kixirekin [Asier Altuna] kalean topo egin nuela, gidoiarekin hasi zirela esan zidan. Hain zaila ikusten nuen bigarren partea egitea…! ‘A ze marroia hauena’ pentsatu nuen, Etxebestekoekin berriro beste zerbait egitea. ‘Ari gea, ari gea, lasai’, esan zidan. Lasaitu nintzen pixkat, eta gidoiarekin egia esan etxean algara batzuk bota nituen (barreak egiten ditu, gogoratzean). Ederra! (barreak berriro).

R.A.: Erronka ez zen batera makala, bigarren zatia egitea… lehenengoak halako arrakasta izan zuen, eta gainera utzitako arrastoa idealizatuta dagoela uste dut. ‘Nola egin nuen barre!’, edo ‘¡cómo me reí!’ esaten digu jendeak, uste dut ordea agian ez zela hainbeste parre egin. Ez zen etengabeko algara, bai egoera batzuek sortutakoak, baina tentsioa ere bazegoen. Orain ere hala da. Ez zaie txiste konstantea gustatzen hauei [Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariei].

‘Aupa Etxebeste!’ren arrakasta bera izan da presio erantsia?
R.A.:
Bai, eta horregatik zen zaila, eta horregatik egongo ziren ziur asko zalantzak: egin, ez egin… langa oso altu zegoen. Nik esan izan dut: horretara iristen bagara, egin genuen hura bera lortzera… uste dut ez dugula inor defraudatuko. Gustora gaude egindakoarekin, nahiz eta ez zen erraza.

E.I.: Niri pelikula hau borobila iruditzen zait. Agian borobilagoa.

Fikzioan zer aldatu da hamalau urte hauetan Etxebeste Uranga familian? Ezer aldatu bada…
R.A.:
Patrizio Etxebeste alkatetzara ailegatzen da aurreko pelikulan. Geroztik legealdi batzuk igaro dira, dagoeneko instalatuta dago karguan eta gustoa hartzen hasita dago baita ere, Administrazioan oso noiz behinka [dio ironiaz] gertatzen diren gauza horietara ohituta…Hortxe abiatzen da istorioa…

Egoera aldrebes batek proban jarriko ditu familia harremanak… eta Maria Luisak hartuko du barkuaren lema. Nola deskribatuko zenuke pertsonaia? Eta zuek Ramon, nola ikusten duzu Patrizio?
E.I.:
Maria Luisa zeharo aldatu da. Hasieran, beste filmean bezala, nahiko etxekoa ikusten zaio, bertako kontuak, familia… Baina inguruan gertatzen ari dena ikusita, eta etxea ondo gobernatzen dula jakitun, herria ondo eramango duela konbentzituta dago, zintzo eta garbi jokatuta.

R.A.: Patrizio iluso bat da, txoriburua. Ez da gaiztoa, baina engainatzen erraza da, eta saltsetan nahastuta ibiltzen da. Eta ez du egoera kontrolatzen, baina gauzak badoazen bitartean egiten uzten du. Kaskarina da.

Umorearen bidez bada ere, jorratzen dira gauza serioak: ustelkeria, boterearen goxokia, hainbat joera ilun… mezu asko dago.
R.A.:
Ustelkeria, eta baita ere gizon eta emakumeen arteko rolak eta harremanak. Hor familiak pausutxo bat eman du eta gauzak irauli egin dira. Patrizio ere bere moztasun horretan konturatzen da emakumeen garaia dela.

Hain zuzen gizon eta emakumeen paperez… Roletan aldaketak ematen dira: Patrizio galduta ikusiko dugu etxean; ez ordea Maria Luisa udaletxean. Badaki ardura berrira ondo egokitzen.
R.A.:
Tipo konbentzionaletan konbentzionalena da, klasikoetan klasikoena. Eta emazteak proposatu arren alkate izateko aukera, hasieran brometan hartzen du, irriz. Ondoren konturatuko da izan daitekeela aukera ona. Patriziorentzat deskubrimendua izango da emaztea lan horietan ikustea. Etxea administratzeko gai bada, zergatik ez herria? Garai hartako gizonek deskubritzeko dutena deskubrituko du.

Ez hori bakarrik. Gainera, Patrizio bide txarretik eraman duten horiei aurre egiteko jarrera, Patrizio bera gai izan ez denean… Maria Luisa, chapeau! Orain ikusi da emakume modernoa dela, garaikoa. Berak erabaki eta berak egin.

E.I.: Diskurtsoa ematen duen momentutik agertzen da argi Maria Luisa. 'Hau horrela eta horrela da', gauza asko alde batera utzita. Askoz ere praktikoagoa da.

‘Agur Etxebeste!’k mezu asko iradokitzen ditu, gaurkotasunari lotuak. Umorea baliatuz egitea zailagoa da?
R.A.:
Errazagoa, ustekabean egiten duzulako. Ikuslea harrapatzen duzu tontakeriak esaten ari zarela, azaleko gauzetaz… umoreak hori permititzen du.

Euskal Zinemaren galan estreinatuko da, hilaren 24an, eta zinema aretoetara 27 ailegatuko da. Beldurra, gogoa, jakinmina… Zer sentitzen duzue?
E.I.:
Lagunek, eta gerturatzen direnek, gauza onak esaten dizkigute… Ni lasai sentitzen naiz, gustatu zait, eta zuri ere Ramon. Jakina, denei ez zaie neurri berean gustatuko, baina oso «rato» polita pasa dugu eta pasaraziko dugu.