Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Saiakeraz aldarrikatu du Anjel Lertxundik itzulpengintzaren lekua

‘Itzuliz usu begiak’ (Alberdania) liburuarekin itzulpenaren aldarrikapena egin nahi zuen idazleak euskal literaturaren sisteman, eta lan hori gutxiestearen joera apurtu. «Sistemak behar beharrezkoa du [itzulpena]; are gehiago, euskarak bizi duenean ehuneko handi batean itzulpena. Sufritu ere bai, administrazioa, burokrazia, hedabideak… alor guztietan dago, eta ez da beti, inondik ere, itzulpen txukuna», adierazi du.

Anjel Lertxundi idazlea, Koro Navarro itzultzailea alboan duela. (Maialen ANDRES I FOKU)
Anjel Lertxundi idazlea, Koro Navarro itzultzailea alboan duela. (Maialen ANDRES I FOKU)

Itzulpenaz ohar asko hartuak bazituen ere, denak desorden handi batean, onartu duenez, ez zuen asmorik gaiaz liburu bat argitaratzeko. Halaxe esan du Anjel Lertxundik, hain justu, liburua esku artean zuela. Gauzak zer diren…! Baina halako batean Ibon Sarasolaren kezka batzuk irakurri zituen itzulpengintzaz, eta ohartu zen bazituztela ezinegon, hausnarketa «bertsuak», bazeudela «loturak». Liburuaren aukera «nebulosa« zen bere buruan, eta haritik tira egitea deliberatu zuen.

Asmoak garbi zituela ekin zion ‘Itzuliz usu begiak’ (Alberdania) saiakera idazteari. Zeren hori ere garbi zuen: saiakera izan behar zuen, baina ez astuna, baizik freskoa eta arina, «dibertigarria» ere bai. Eta ez hainbeste itzultzaileei beraiei eskainia edo haiengan pentsatua, baizik «literaturaz gozatzen» dutenei idatzia. Horrek aberastasuna eta ugaritasuna eskatzen zion hizkuntza zein erregistro eta elementuen aldetik. Eta lortu du. Hala adierazi du Koro Navarro itzultzaileak, lanaren aurkezpenaren hitzaurrean.

Lehen asmoa «garbia»: «itzulpegintzaren aldarrikapena egin nahi nuen euskal literaturaren sisteman». Edozein literatura sistemak, ohartarazi du, hiru hanka nagusi ditu (idazlea, itzultzailea eta irakurlea). Laugarrena ere, nahi bada: liburua bera. Itzulpengintza gutxitzat jotzearen joera ere apurtu nahi zuen Lertxundik. «Sistemak behar beharrezkoa du, are gehiago, euskaraz berak ehuneko handi batean itzulpena bizi duenean. Askotan sufritu ere bai», tamaldu da. «Administrazioa, burokrazia, hedabideak… itzulpena alor guztietan dago, eta beti ez da txukuna».

Zentzu horretan, adi egotea eskatu du. Beretzat ezinbestekoa baita «kalitatezko itzulpegintza egotea».

Bide beretik, itzulpegintza literarioaren aldarrikapena bilatzen zuen bai estamentu publikoen aurrean hauek garrantzi gehiago emateraren aldetik (erakundeei, ordezkariei…) baina aldi berean idazleei beraiei ere «asko ikasia dugulako itzulpengintzatik», adierazi du. «Pena ematen dit ikusten dudadean itzulpengintzak gaindituak dituen edo normalizatu samarrak dituen arazoak oraindik nola ikusten ditudan jatorrizko testuetan. Eta horrek esan nahi du ez dagoela komunikazio bera, falta dela komunikazio hori idazleon artean, konpartimentu estankoak bagina bezala, elkarren arteko loturarik izango ez bagenu bezala», penatu da.

Beste ahotsak, beste koloreak

Literatura idazle eta itzultzaileen arteko harremana gabe ezin ulertu, beraz. «Idazleok, besterik pentsatzen badugu ere, ezin dugu denera iritsi. Munduaren koloreak, munduaren bibentziak, munduaren istorioak ezin ditugu guk idazleok bakarrik jaso. Eta entzun nahi baldin baditugu beste ahotsak, beste hizkuntzak, itzulpena behar beharrezkoa dugu. Bestela, kanpoko ahots horiek guztiak entzuten ditugu beste hizkuntza batean», esan du.

«Euskarazko literatura sorkuntzak jasotzen ditut euskaraz, baino gainontzekoa, den dena, gazteleraz irakurriko dut edo Iparraldekoen kasuan frantsesez», ohartarazi du. «Ahots inportanteenak, garaian garaiko tonuak, modu literarioak eta horiek denak euskarara ekartzea fundamentala da, bai irakurlearentzat eta bai idazlearentzat ere», amaitu du.