NAIZ
Durango

Durangoko Azoka abian da

Euskal Herri osotik iritsitako milaka ikasle izan dira lehenak Landakoko atea zeharkatzen, Durangoko Azokaren 54. edizioari hasiera emanez. Abenduaren 8ra arte 264 erakusleiho parez pare irekita, eta Azokaren inguruan sortzen den ekosistema osoa martxan.

Landako gunearen itxura. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Landako gunearen itxura. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Goizeko 10.30ean ireki ditu ateak Durangoko Azokak, arymux artistak zeinu hizkuntzan egin dako ikuskizun laburraren ondoren. Landakoko ateak zabaldu eta azken urteetan bezala, Euskal Herri osotik iritsitako ikasleak izan dira lehenak gunea «okupatzen»: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku, Otsagabia...

Gaurtik eta igandera bitartean, Azokako zazpi guneetako ekosistema osoa martxan izango da: 264 erakusleiho, 405 nobedade, 273 liburu eta 91 disko, 200 ekitaldiko egitaraua...

Ikasleena izango da gaurko goiza eta ez dute aspertzeko betarik izango: diziplina desberdinetako tailerretan parte hartzeko aukera izango baitute.

Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen ere. 17 musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika-industriako kideen aurrean.

Ikasleen txanda bukatuta, bere ohiko egitarauarekin hasiko da Azoka. Ahotseneako zuzenekoen karpan,Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abarrek.

Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13.30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen ‘Mundu bat motxilan’...

Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: ‘Hiru uhinak’ dokumentala, ‘Ito’ fikziozko film labur kolektiboa, ‘Tantaka’ websaila... Kabi@n bi proiektu aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila alde batetik; eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.

Saguganbaran, areto handian oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.

Azokaren inaugurazio ekitaldi ofiziala arratsaldeko 19.00etan egingo da, Musika Eskolan. ‘Oparitarako’ izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du, eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dute.

Eta eguna bukatzeko, Plateruenan En Tol Sarmiento taldeak ‘Aukera berriak’ lana aurkeztuko du.