Nagore BELASTEGI
Elkarrizketa
IñIGO ETXEZARRETA
MUSIKARIA

«Ehundik gora izan dira disko honetarako proposatu ditudan melodiak»

Lekorako En Tol Sarmiento boskoteak ziklo bat amaitzen zela iragarri zuen 2017an, eta «Aukera berriak» diskoan aldaketa hori islatu dute. Durangoko Plateruenan dute zaleek bihar hitzordua. Abenduan Hatortxu Rocketik pasatu ostean, Euskal Herritik bira abiatuko dute martxoan.

Duela pare bat urte ziklo baten amaiera iragarri zuen En Tol Sarmientok. Zein zentzutan nabari da hori disko berrian?

Abestiak konposatzerako garaian amaiera bat ikusten nuen. Beti melodia guztiak plano berdinera eramanda ez genuen lortzen abestiak behar zuten moduan ateratzea.

Hori lortzeko eta estilo berriak probatzeko laguntza beharko genuela uste genuen, eta horregatik hasi ginen lanean ekoizle batekin, Pello Reparazekin. Atera dugun diskoan islatzen dira inoiz jo ez ditugun estiloak. Uste dut gure abestiak pixka bat eguneratu direla.

Orain arte ska-rock horretan mugitzen zineten, zein estilo landu dituzue oraingoan?

Disko honetan pare bat abesti oso rockeroak dira hala eskatzen zutelako, baina beste batzuetan runba katalana, reggaea, elektronika, pop, balada… behin egin genuen balada bat, baina ez halako produkzioarekin, txeloekin eta pianoarekin. Lehenengo abestia nahiko ska da.

Aldatu ez dena da zuen musikak transmititzen duen alaitasuna, ETSren zeinua.

Taldearen esentzia mantentzea nahi genuen, hori zen hasierako premisa, bestela izena ere aldatuko genuen! Horri eutsiz saiatu gara zerbait heldua eta profesionala egiten.

Pello Reparaz aipatu duzunez, nola egin duzue lan berarekin?

Gainontzeko diskoetan nik etxean konposatutako gauzak lokalera eramaten nituen zuzenean, eta bertan probatzen genituen. Kasu honetan, Pelloren eta bion arteko elkarlana izan da. Lokalera eraman aurretik, urtebete baino gehiago egon gara gure etxeetan abestiak lantzen, demoak sortzen eta aldaketak egiten. Dena gutxi gorabehera prest genuenean, maiatz aldera, lokalera eraman genuen eta orduan hasi ginen entseatzen.

Lehen nahiko itxia nintzen. Buruan zerbait nuenean, horrela izatea nahi nuen. Kasu honetan ez nintzen gai ikusten jauzi tekniko hori bakarrik egiteko.

Eta horrela lan egiten ehun melodia sortu zenituen!

Taldearen fuertea melodiak dira, eta hori egiteko ez dago teoriarik. Horregatik, egunero konposatzea gustatzen zait, mugikorrarekin zerbait azkar grabatu, eta asko ditudanean erabakitzen joatea. Kasu honetan, ehundik gora izan dira disko honetarako proposatu ditudan melodiak, eta pixkanaka baztertzen joan gara gehien gustatzen zitzaizkigunak gelditu ziren arte. Horregatik uste dut atera diren zortzi abestiak nahiko potenteak direla.

Beste aukera bat izango al dute baztertutako doinu horiek?

Nahiko kritikoa izan naiz, eta ikusten nuen edo ez nuen ikusten. Gehienak joan egin dira, ez nituelako beste inon ikusten, eta beste batzuk gorde egin ditut, beharbada ETSrekin edo etorkizuneko beste proiektu batekin lantzeko. Ikusiko dugu merezi duten edo ez.

«Aukera berriak» nahiko dantzagarria da. Horregatik aukeratu duzue single bezala?

Beti lehen singleak diskoaren izena darama jendeari ideia hobeto islatzeko. Taldeak aldaketa bat egitea erabaki zuenez, “aukerak” hitza sartu nahi nuen. Nik letrak beti azkenerako uzten ditut eta horiek egiten hasi nintzenean konturatu ginen abesti hau nahiko potentea zela eta aurretik ateratako beste singleekin konparatuz nahiko desberdina zela. Aldaketa transmititu nahi bagenuen ezin genuen antzerako kanta bat aukeratu.

Baduzue kanta bat Green Valley-rekin. Zergatik kolaborazio hau?

Normalean letrak bukaerarako uzten ditudala esan dizut, baina kasu honetan “logela honetan” esaldia sartu nahi nuen niretzat garrantzitsua delako norberarentzako espazio bat izatea. Banekien esaldi hori abesti baten estribilloa izango zela, eta horrek lasaitasuna eskatzen duenez, abestiak erritmo lasaia behar zuen. Kantua prest genuenean zati bat libre utzi nuen kolaborazio bat egin nahi nuelako.

Green Valleyko Ander gasteiztarra da, ni bezala, nahiz eta elkar ezagutzen ez genuen. Niri pila bat gustatzen zait Green Valley, eta taldeak duen filosofian oso presente daude norberarentzako une horiek. Beraz, abesti honetarako ezin hobeto. Esan zidan libre zegoen tarte horren letra eta melodia sortuko zituela. Nik ez nion guztia eginda eman, eta berak ekarpen handia egin du.

Eta diskoa ixteko «Heldu da garaia» balada aukeratu duzue.

Bigarren diskoan ere balada bat egin genuen, eta orain beste bat? Horrela atera zen eta hain abesti ona izan eta gordetzeak ez du zentzurik. Amodiozko kanta bat da, inoiz ez dela berandu alboan dugun horri eskerrak emateko.

Jendeari eskerrak emateko ere balio du. Nire kasuan nire bikotean oinarritu naiz, baina gustatzen zait jendeak propiotzat sentitzea.