Pedro Alberdi: «Alberto Sololuze ez du mendiak hil, gizakiaren diru-goseak baizik»

Alberto Sololuzeri, Zaldibarko hondamendiak lurperatutako langileari, agur sentikorra egin dio Pedro Alberdi koinatuak idatzitako gutun batek. Eta zenbait ardura seinalatu ditu.

NAIZ|21/02/2020
Langileak
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, gogoan pasa den larunbatean Eitzagara eginiko martxan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

‘Heriotza iragarri baten kronika’ izenburuarekin, sare sozialen bitartez gutun sentikorra zabaldu du Pedro Alberdik, Zaldibarko katastrofeak lurperatutako Alberto Sololuze gogoan. Honen koinatua da Alberdi.

«Ez, agintariok, Alberto Sololuze behargina ez du mendiak hil, gizakiaren diru-goseak baizik. Eta diru-gose horrek izen-abizenak ditu», aipatu du Alberdik idatzian. Eta hauxe erantsi du: «Abariziak batu ditu eraikuntzako enpresa-gizon eskrupulurik gabea eta sigla boteretsu bati lotutako politikari ustela, eta ederki ulertu dira. Zenbat eta diru gehiago, hainbat eta gutiziatsuago. Aseago, goseago. Oi, Toribio Etxebarriak burua altxatuko balu!». Etxebarria, PSOE eta UGTko kide izandakoa, Eibarko seme kuttuna da eta 1936ko gerraren ostean atzerrian hil zen, Caracasen, 1968an.

Hauxe da Alberdiren gutuna, oso-osorik:

«Zenbait agintari hedabideetan atera dira esanez mendiak hil duela Alberto Sololuze behargina eta mendiaren errua izan dela haren heriotza, mendia bere kabuz eta kanpoko eraginik gabe erori balitz bezala. Baina nola izan daitezke hain sinesberak? Baieztapen horrek ez du ez buru ez hankarik, arrazoi batengatik: Alberto Sololuze behargina, Joanes artzainaren irudira, zeharo maiteminduta zegoen mendiaz. ‘Oso egina zegoen mendi-oihartzun guztietara. Mila aldiz entzun zituen urrutiko trumoiaren orroa, ekaitz haizearen durundia, egurgilearen aizkorakada, behorren irrintzia, mozoloaren oihua, basahuntz beldurtiaren zalaparta; abere-arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, beleen garrasi latza, zozoaren txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen pol-pola, zuhaitz hostoen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa… Bazekien non eta noiz jaiotzen ziren gibelurdinik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamila, belatxeta, karraskila eta beste horrelako belar mota osasungarriak. Bazekizkien baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko harkaitz zulo eta aterpe denak’.

Ez, agintariok, Alberto Sololuze behargina ez du mendiak hil, gizakiaren diru-goseak baizik. Eta diru-gose horrek izen-abizenak ditu, kaleko aldarriek behin eta berriz aditzera ematen dutenez. Gertatutakoa, beraz, erraz irudika daiteke: abariziak batu ditu eraikuntzako enpresa-gizon eskrupulurik gabea eta sigla boteretsu bati lotutako politikari ustela, eta ederki ulertu dira. Zenbat eta diru gehiago, hainbat eta gutiziatsuago. Aseago, goseago. Oi, Toribio Etxebarriak burua altxatuko balu!

Agintea ondo erabiltzeak lasaitasuna sortzen omen du, ez bakarrik jendartean, baita agintariengan beraiengan ere. Ea ba…»

Pedro Alberdiren alaba den Helenek (NAIZek katastrofea gertatu eta hiru egunetara elkarrizketatu zuenak) hauxe adierazi du Twitterren, aitaren idatziari erreparatuz:

 

 

NOTICIAS RELACIONADAS

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.