NAIZ

Gonzalezek azalpenak ematea eta ikerketa batzordeak eskatu ditu EH Bilduk Kongresuan eta Senatuan

CIAk GAL taldeetan izan zuen ardura seinalatu zuela argitara atera ostean, Felipe Gonzalez Kongresuan agertzea eta bertan zein Senatuan horri buruzko ikerketa batzordea eratzea eskatu du EH Bilduk. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa ere deitu nahi du.

Jon Iñarritu, Kongresuan. (EH BILDU)
Jon Iñarritu, Kongresuan. (EH BILDU)

Gobernuburu zen Felipe Gonzalezek GAL izeneko taldeak abiatzeko oniritzia eman zuela Estatu Batuetako CIAk berak txosten batean jaso zuela argitara atera ondoren, zenbait ekimen aurkeztu ditu EH Bilduk Diputatuen Kongresuan, dena argitzen laguntzeko asmoz.

Hasteko, Gonzalezen agerraldia eskatu du, Jon Iñarritu diputatuak eta Mertxe Aizpurua eledunak sinatutako eskaera baten bitartez. 1982 urtetik 1996 urtera arte espainiar Gobernuburua izan zen Felipe Gonzalez eta beti ukatu egin du GALen sorrerarekin zerikusia izan zuela. Hala ere, NAIZek gogora ekarri duenez, urte gutxi beranduago ETAren zuzendaritza osoa «lehertzeko» proposatu ziotela adierazi zuen 2010. urtean, CIAren dokumentuetan agertzen den antzeko moduan.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia ere eskatu du EH Bilduk Kongresuko osoko bilkuran, «CIAk desklasifikatutako dokumentuen harira Felipe Gonzalezen gobernuek gerra zikinarekin izandako harreman eta ekintzen inguruan argibideak eman ditzan».

Bi ekimen hauekin batera, EH Bilduk «Ikerketa Batzorde bana sortzea bultzatuko du bai Kongresuan eta baita Senatuan ere, Estatu Terrorismoaren inguruko erantzukizun politikoak argitzeko eta CIAko dokumentuek berriki baieztatutako egitateen inguruan xehetasun gehiago jasotzeko».

«EH Bilduk lan egingo du egitasmoak ahalik eta indar politiko gehienen babesa jaso dezan bi erakundeotan», erantsi du ezkerreko talde independentistak.