LIHER taldea

Kolpe erratuak

Liher taldearen 2021eko egunerokoaren lehen atala.

Ander Berzosa bateria-jotzailea izan da estudioko lanak egiten lehena (LIHER)
Ander Berzosa bateria-jotzailea izan da estudioko lanak egiten lehena (LIHER)

Datozen hiru asteetan bulego izango dugun lekura iristea ez da erraza. Gidari hasiberriak uxatuko lituzkeen pista bihurri batek banantzen du Garate Estudioa Andoaingo herritik; ehunka metroko desnibela mendian gora. Baina gu desiratzen gaude iristeko: laugarren lan luzea grabatzera goaz Kaki Arkarazoren gidaritzapean.

Pandemiaren tuneletik atera ez garen honetan, bide malkartsu honetako zuloak nola, orbain asko ditu grabatzera goazen lan honek; eta badakigu hori. Hain zuzen ere, orain arte erakutsi ez ditugun orbain horiek agerian jartzera goaz, hamaika abestiren bitartez. Eta horrek normalean baino urduritasun handiagoa eragiten digu.

Baserrira iritsi eta material guztia estudiora eraman; rockaren alderik onena. Azkar du muntatua Anderrek bateria. Martxel Arkarazoren laguntzaz mikrofoneatu dugu instrumentua. Ohi lez, bera da lehena hasten. Eta ohi lez ere, hiru egun eskasetan egin du kabroiak bere lana; zehatz, elegante, sendo.

Kakiren metodologia ez da aurreko grabaketetan bizi izan duguna bezalakoa. Organikoa maite du, kolpe erratua, soinu inperfektua. Ezer editatzen ez zuela ere entzuna genuen joan aurretik. “Ez dudala editatzen? Bai, zera!”; erlaxatzen goaz.

Ander jo eta jo ari da, abestiak hainbat bider errepikatzen, gehienetan oso-osorik. Izerditan. Ziurrenik Kaki madarikatzen ariko da barrenetik; baina badaki emaitza entzutean esfortzuak balio izango duela. Normala den bezala, zati bakanen batean trabatu da; eta inprobisaziorako tartetxoren bat edo beste ere izan da.

11. abestia; azken kolpea. Baketak kaxa gainean utzi, kopeta eskuaz lehortu. Brabo Ander!