LIHER taldea

«Hori dana drogea dek!»

Oinarria grabatua izan da, bateria eta bajua listo! Diskoa eraikin bat izango balitz, lur zorua eta zutabeak jarriak ditugu dagoeneko. Eta orain gitarrak grabatzeko momentua heldu da.

Iñigo Etxarri pozik geratu da Kaki Arkarazoren gitarrak astindu ostean. (LIHER)
Iñigo Etxarri pozik geratu da Kaki Arkarazoren gitarrak astindu ostean. (LIHER)

Disko bakoitzaren aurretik kantu guztien maketa bat grabatu ohi dugu Etxarriren IN Estudioan, asko erotu gabe: Gitarren kasuan, linea bat distortsioarekin, eta beste bat linea garbiarekin.

Bada, Garaten, sei anplifikadore, lau pantaila eta sei mikrofono ditugu! Konbinazioak ia ehun aukera ematen dizkigu, eta Kakik denak erabiltzeko asmoa du. Gehitu guzti horri kontrol gelan ditugun 10 gitarrak... Bada, imajina dezakezuen bezala, luzerako emango du gitarren grabaketak.

Egun batzuk daramatzagu eta estudioan jerga propioa sortzen ari gara. Kaki lazkaotarra da, eta grabaketan Lazkao Txiki eta honen esaldi bat behin eta berriz ari gara errepikatzen: «Rokanrona, ingelesa eta hori dena drogea dek». Ba argi dago zein den Kakiren «drogea»: Gitarrak, dudarik gabe!

Abesti bakoitzean, konpasez konpas probatu ditugu aipatutako konbinazioak. Kakik harrituta utzi gaitu, ez baitu buruan duena lortu arte etsitzen soinuari dagokionean. «Zati honetan Marshall Masterlead-a Mesa Boogie pantailarekin ilunegi geratuko da akaso; Depedroko Jairo Zavalak utzitako beste pantalla honekin probatuz gero igoal…» eta horrela zatiz zati! «Stereoan gainera ez ditugu soinu berdinak jarriko alde bietan, ezta? L-an Liderena eta R-an Etxarrirena», eskerrak ez dugun musika 5.1 sisteman egiten!

Etxarri emozioz gainezka dago Kakik, Negu Gorriak taldearen Herrera de la Manchako kontzertuan (1990) erabilitako Gibson Les Paula eta 2001eko azken kontzertuan, Belodromoan, erabili zuen Guilda dituelako parez pare; «ze, Kaki, probatuko al ditugu bi hauek?» galdetu dio baiezkoa jaso nahian. «Ui! Noski baietz!» eta poz-pozik geratu da, diskoan bi gitarra hauek betirako geratuko direlako.

Ez dakigu Kakik zenbat kilometro egin dituen dagoeneko kontroletik aretora eta aretotik kontrolera, mikroak edo anplifikagadoreak aldatzeko, baina argi dago diskoa asko aberastu duela elementu guzti hauen konbinazioak. Esan daiteke kolore paleta inoiz baino aberatsagoa izango duela disko honek. Mila esker Kaki gitarren ingeniaritza hau posible egiteagatik!