NAIZ
Atarrabia

31 taldek osatuko dute udako Hatortxu bereziko kartela

‘Zerua (hel)muga’ lelopean, 31 talde arituko dira uztailaren 29 eta 30erako Hatortxu Rockek antolatu duen edizio berezian. Besteak beste, Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, Delirium Tremens, Zetak edo Ibil Bedi igoko dira oholtzara.

Uztailan itzuliko da Hatortxu Rock Atarrabiara.
Uztailan itzuliko da Hatortxu Rock Atarrabiara. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azken bi urteetan antolatu ezin izan diren ekitaldiak udako Hatortxu Rock berezian gorpuztuko dira. Uztailaren 29 eta 30an elkartasun jaialdiaren edizio berezi bat antolatuko dute Atarrabian eta gaur eman dute jakitera bertan arituko diren taldeen zerrenda.

Ostiralean Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Skabidean, DJ Plan B, Anari, Zelanda, Gilipojazz, Sua, Badalonians Sound ft Harny Roots eta aurretik iragarritako Pleura, ETS eta The Baboon Show arituko dira. 
Larunbatean, berriz, The Lio, Delirium Tremens, Zetak, Antton Telleria bakarlaria, Ibil Bedi, Hammond York, La Mare, Lukiek, Sleketah Stepi, CRIM eta iragarritako Non Servium, Stay Homas, Herdoil Rotten XIII eta Green Valley igoko dira oholtzara.

Antolatzaileek baieztatu dutenez, «bi gune ezberdinetan banatutako hiru eszenatokitan arituko dira taldeak, elkartasun asteburu berezi berri bati doinua jarriz». Sarrerak, jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa dauka. Ostiraleko zein larunbateko sarrerak, aldiz, 30 eurokoa.

Horretaz gain, aurtengo jaialdiaren leloa ere aurkeztu dute, ‘Zerua (hel)muga’. «Helburu zehatz bat markatzen du. Zerua. Zerua espetxeari lotuta asko aipatu den kontzeptua da. “Urte asko zerua edo egun argia ikusi gabe” eta halakoak. Presoek zeru edo zeru zati txiki asko ikusi dituzte azken hamarkadetan. Baina ez Euskal Herriko zeruak. Orain bai, Euskal Herriko zerua ikusten dute askok. Baina espetxean jarraitzen dute eta zerua bere osotasunean, leiho txiki batetatik eta inguratzen dituen pareta horiek gabe ikusi dezatela behar dugu», argitu dute.

«Hori da gure helburua. Hori da gure zerumuga. Hori da gure bidearen helmuga. Eta norabide horretan jarraitzen dugu lanean», azpimarratu dute antolatzaileek.

Gogora ekarri dute Hatortxu Rock 1999an jaio zela, bi helbururekin: dispertsio politika salatzeko tresna berri bat izatea eta honek dakartzan gastuak arintzea. «Hori, noski, amaierako helburu edo nahi baterako bidea da: denak etxean izatea», nabarmendu dute.

Eta azken hilabeteetan «emandako pausoak» onartu dituzte. «Hainbestetan ikusi dugun dispertsioaren mapa hori asko murriztu egin da, buruz ikasitako espetxe zerrenda hori gero eta meheagoa da eta dagoeneko asko dira Euskal Herriko kartzeletan dauden presoak. Eta Euskal Herrian ez daudenak, gertuago daude. Hau, ezin da ukatu, lorpen garrantzitsu bat da. Garaipen bat. Baina lanean jarraitu beharra dago. Bidea luzea da».