Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Hertzainak: «Euskaldunan piztu zen emozio kolektiboa berpiztu nahi dugu BECen abenduaren 16an»

Abenduaren 16an, Barakaldoko BECen, milaka lagun biltzea helburu duen kontzertua eta urtarrilaren hasieran bigarrena, Gasteizen. Azken horren data eta gunea zehazteke dauden arren, zerbait garbi dago: «Hori bai, hori Hertzainak taldearen agurra izango da».

Txanpi, Josu eta Gari, berriz elkarrekin. Taldearen 40. urteurrena betetzen da, gainera.
Txanpi, Josu eta Gari, berriz elkarrekin. Taldearen 40. urteurrena betetzen da, gainera. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Azkena gure alde’ izena jarri diote Hertzainak taldearen behin betiko agurra ekarriko duen bira txikiari. Une berezian iritsi da: alde batetik, osasun neurrien bukaerarekin berriz ere kontzertu jendetsuak  itzuli direlako; bestetik, euskal musikaren erreferentea den talde honen sorreraren 40. urteurrena bete delako.

Emanaldiei dagokienez, hauek dira datu zehatzak: bi emanaldi eskainiko dituzte; bata, abenduaren 16an BECen –sarrerak urriaren 4an jarriko dira aurresalmentan Kutxabankeko bezeroentzat; urriaren 5etik aurrera, guztientzat salgai–. Abenduaren erdialdeko asteburu hori ‘indartsua’ izango da, Bertso Txapelketaren finalaren bezperatan egingo baita emanaldia.

Besteari buruz hau baino ezin da aurreratu: urtarrilaren hasieran izango da Gasteizen, oraindik zehazteke dagoen aretoan eta egunean. Hori bai, kontzertu hori taldearen azken agurra izango dela egiaztatu zuten atzo, benetakoa, lagunarteko ospakizun bat egin nahi dutelako.

Punk euskaldun haiek

Euskalduna jauregiaren bizkarrean kokatutako Itsasmuseumean eman zituzten asteazkenean bi hitzordu horien inguruko xehetasunak Garik, Josu Zabalak eta Luis Javier Saiz ‘Txanpik’, Hertzainak taldearen hastapeneko kideek. Azken hori, hasieratik taldearen bateria izan zena, gurasoen zaintzak behartuta, ezin izan zuen 2019. urteko Kafe Antzokiko eta Euskaldunako emanaldietan parte hartu. Orain bai, eta hain zuzen ere, Hertzainak taldearen 40. urteurrena bete den unean.

Taldeak 1981-1982ko Gabon Zaharrean eman zuen lehen kontzertua Gasteizen. Gasteiz oso erdaldun batean, The Clash taldearen euskarazko bertsioak egin zituzten. Hizkuntzaren hautua egin zuten; jarrerarena ere bai.

Punk euskaldun banda haren hastapenean Josu Zabala zegoen; Txanpi ez zitzaien 1982ko udaberrira arte batu. Xabier Montoia M-ak osatzera pasatu zenean, Garik ordezkoa hartu zion kantari bezala. Ondoren, guztiok hain ongi ezagutzen dugun ibilbidea, diskoak eta kantak, belaunaldi batetik bestera pasatu direnak. Euskal Rock Erradikaleko eta Euskadi Tropikala delako mugimenduko partaide baino gehiago izan direlako: punk, ska, reggae...

Hainbat estilotatik edan zuten, lotsagabe, gure azken 40 urteetako soinu-banda osatu arte: ‘Hertzainak’ (Soñua, 1984), ‘Hau dena aldatu nahi nuke’ (Soñua, 1985), ‘Salda badago’ (Elkar, 1988), ‘Aitormena’ EP-a (Oihuka, 1989), ‘Amets prefabrikatuak’ (Oihuka, 1990), ‘Mundu berria daramagu bihotzean’ EP-a (Aketo-Komite Internazionalistak, 1991), ‘Zuzenean’ (Aketo, 1991), ‘Onena’ (Oihuka, 1991), ‘Denboraren orratzak’ (Oihuka, 1992), ‘Une etengabeak’ EP-a (Aketo, 1992), ‘Mundu berria daramagu bihotzean’ (Oihuka, 1999) eta ‘Kafe Antzokian’ (Josu Zabala eta Gari, Erroa, 2019) diskoak horren lekuko.

Hertzainak 1993an desegin zen ofizialki. Horren ostean itzulera xume batzuk egin zituzten, baina nork bere aldetik ibilbide propioa egin du. Orain Araban sortutako taldearen formazio klasikoa berreskuratu dute aldi berean «kaixo berriz ere eta behin betiko agur» bezala irakur daitekeen ‘Azkena gure alde’ bira honetarako.

Aurkezpenerako hautatutako tokiak bazuen bere esanahia ere, bigarren diskoko ‘Eutsi gogor’ kanta bertan izan ostean atera zitzaielako Karra Elejalde eta Josu Zabalari. Euskalduna ontziolako langileek aurrera zeramaten greba eta borrokaren ostean ondu zen. Borrokan ari ziren langileei bisita egin zietenean, arabar aktoreak kantaren letra idatzi eta Josuk euskaratu egin zuen.

Ontzigintzaren arrastoak dagoeneko desagertuta zeudenean, Bilbo berri honetan, 2019ko irailaren 25 eta 26an, musikaren jauregi hori bi hitzordu bereziren eszenatoki bihurtu zen bai taldearentzat bai haren jarraitzaileentzat: Gari eta Josu Zabalak, hainbat kide eta kolaboratzailerekin, euskal musikaren erreferentea den talde honen ‘espiritua’ berpiztu zutelako bi kontzertuetan oholtzaren gainean.

Sarrerak agortu zituzten. Egun batzuk lehenago Kafe Antzokian eman zuten emanaldi txikian, berdin. Josu Zabalak asteazkenean aitortu zuenez, pandemiaren iritsierak bira zabalagoa egiteko zuten asmoa –hiriburuetan kontzertuak eman nahi zituzten, eta agian beste toki batzuetan ere bai– zapuztu zien. Horrekin bueltaka ari zirenean, agur agurrari.

Ondarearen festa

Bilbon eman ahal izan zituzten emanaldi haiek, beraz, errepikaezinak ziruditen. Jende asko gelditu zen gogoz, kanpoan, agur egin ezinda. Zorionez, orain bueltan datoz. «Gure asmoa, noski, agur hau behar den bezala ematea da eta bi kontzertu horiek gure ondarearen festa izatea. Beste batzuekin batera, gu ere hor izan garelako, leiho bat irekitzen eta horren parte bat garelako. Bilbon eta Gasteizen gure ondarearen festa nagusia egitea da asmoa, hori egin beharra dugulako. Euskaldunan sortu zen emozio kolektibo hori berpiztu nahi dugu», argitu du Garik.

Bi hitzordu horietan Euskalduna jauregian piztu zen energiaren jarraipena izatea espero dute. Orain lanean ari dira, entseguetan sartuta –berriz, beraien artean, «sinkronizatzen», Josu Zabalak aitortu zuen bezala– eta edukiak prestatzen. Argi dute soka laukote talde bat eramango dutela eta kolaboratzaileak igoko dituztela oholtzara, eta, nola ez bada, lehengo kanta batzuk oinarrizko bertsioan joko dituztela, baina lau hamarkada ez dira alferrik pasatu.

Garik bere proiektu pertsonalak garatu ditu, Josuk legez, eta Txanpik Doctor Deseon jarraitu du lanean. Horren guztiaren isla egongo da prestatuko dituzten bertsioetan, «ez garelako 80ko hamarkadako berak», kantariak berak aipatu duen bezala.

Argi dagoena hauxe da: hainbat belaunalditako jarraitzaileak bilduko dituztela, 2019an agerian gelditu zen bezala, Gasteizko talde lotsagabe eta dibertigarriak eta haren kantek hamarkadetan zehar haztatu egin dutelako euskal gizartea. Ondare bihurtu dira, ez dute aktualitatea galdu. Hor, bestela, etengabe sortzen ari zaizkien bertsioak.

Josu Zabalak: «40 urte dituzten kantak dira, baina gaur egungo irakurketa pasatu dezakete. Urte horietan genero indarkeria aipatu genuen kanta batean, aldaketa klimatikoarena atera zen beste batean... Eta gaur egun pil-pilean dagoen kontu hori guk “Arraultz bat pinu batean’ kantan islatu genuen. Guk aldaketa klimatikoari txalo egiten genion, halako koitaduak ginen, baina neurri batean apunte bat hor dago. Aspaldi idatzitako hitzak dira, eta gaurko begiekin guzti-guztia ezin da ikusi, baina nik uste dut badaukagula gaur egun zer esan. Eta hori ere bada arrazoi inportante bat hau egiteko».