
Osakidetzak bere buruaz beste egiteko arriskuan zeuden 2.004 pertsona detektatu eta artatu ditu duela hiru urte gertatu berriko suizidio ahaleginaren kodea ezarri zuenetik EAEn Suizidioa Prebenitzeko Estrategian. Zehazki, 2022an 564 lagun izan ziren, 2023an 647 eta 2024an 793.
Lakuako Osasun sailak jakinarazi duenez, euskal estrategia 2019an jarri zuen abian, jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta inpaktua murrizteko. Covid-19aren pandemiak zailtasunak eragin arren, euskal erakundeek koordinatuta eta zeharka jardun dute lanean jokabide suizidaren prebentzioan, detekzioan eta geroratzean eragina izateko gaitasuna duten eremu sektorialetan eta administrazio mailetan.
Gertatu berriko suizidio ahaleginaren kodearen ezarpenaz gain, beste aurrerapen batzuk ere izan dira, hala nola Osasun Kontseiluak prebentzio lanean izan duen inplikazioa, Osakidetzako Larrialdiek bideratutako 024 telefonoaren bidez emandako asistentzia, Lehen Mailako Arretako Pediatriak nerabeetan depresioa prebenitzeko eginiko baheketaren ezarpena edo pazientearen segurtasun estrategian suizidioaren prebentzioa sartu izana.
Ingurune komunitarioan ere urratsak eman dira, hezkuntza eremuan arreta berezia jarriz, Hezkuntza eta Osasun sailek ikastetxeetan prebentzio, esku hartze eta geroratzeko plan bat jarri baitute abian.
Estrategian aurreikusi den beste jarduketa-ildoetako bat da Osakidetzak aukera eman duela aurrez aurreko eta sareko prestakuntza ikastaroak egiteko, osasungintzako langileei eta osasun arloaz bestelakoei, herritar orori eta kalteberatasun egoeran dauden kolektiboei zuzenduta.
Zehazki, Bizi programa prebentzioko sareko prestakuntza ikastaroa da, profesional ez-sanitarioentzat edo klinikoak ez diren profesional sanitarioentzat, arriskuan dauden pertsonak detektatzeko, lehen laguntza eskaintzeko eta baliabide espezializatuetara bideratzeko tresnak emateko helburua duena.
Guztira, ikastaroak 3.700 pertsona baino gehiago trebatu ditu 2022an abian jarri zenetik, eta Europako Batzordeak osasun mentalean etorkizun handiko praktika gisa hautatu du.
Era berean, erakundeek bizirik irten direnen elkarteei babesa eta laguntza emateko ekintzak garatu dituzte, elkarte horien eginkizuna ezinbestekoa baita esparru horretan.
Orobat, Osasun Saila prest agertu da metatutako esperientzia eta azken urteotan EAEn lortutako aurrerapenak partekatzeko, Osasun Ministerioak ostiral honetan Lurralde arteko Osasun Kontseilura eramango duen 2025-2027 aldirako suizidioa prebenitzeko ekintza planari ekiterakoan. Izan ere, Lakuaren arabera, euskal estrategiaren esparruan dagoeneko hedatuta dauden neurriak aurreikusi dira plan horretan.
Estrategia globalak
Suizidioa prebenitzeko estrategia espezifikoaz gain, Lurralde arteko Kontseiluaren bilera horretan osasun mentalari heltzeko estrategia globalak ere jorratzea aurreikusita dago.
EAEn, Osasun Mentaleko Aholku Batzordea 2023-2028 aldirako Osasun Mentaleko Euskal Estrategia garatzen ari da, erkidegoan arlo horretan egindako lan historikoari jarraipena ematen dion ekintza plana, asistentzia sistema osasun mentalaren sustapenarekin eta nahasmendu mentalen prebentzioarekin bateratuz.
«Izan ere, euskal estrategiaren helburu orokorra da osasun mentalari arreta integrala bermatzea Euskadin, ikuspegi komunitarioan oinarrituta, pertsonan zentratuta eta hura suspertzera bideratuta», adierazi dute Osasun Sailetik.
Horretarako, hamar jarduketa ildo nagusitan taldekatutako hainbat ekintza garatzen ditu, hala nola autonomia eta eskubideak, arreta pertsonan zentratuta; herritarren osasun mentala sustatzea eta nahasmendu mentalak prebenitzea; prebentzioa, detekzio goiztiarra eta jokabide suizidarekiko arreta.
Gaixotasun mentalak dituzten pertsonei arreta ematea, komunitate esparruko errekuperazio ereduan oinarrituta; osasun mentala haurtzaroan eta nerabezaroan; familiaren arreta eta esku hartzea; koordinazioa; herritarren parte hartzea; prestakuntza, eta ikerketa, berrikuntza eta ezagutza dira beste jarduketa ildoak.

Akelarre, el hotel donostiarra de Subijana, entre los mejores del mundo, según Condé Nast

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu
