
San Joanen magiak eta udako berotasunak alaitasuna dakartzate, eta hala Euskal Herriko herri askotan ospatuko dituzte jaiak, Barañain eta Arbizun kasu. Nafarroako bi herri horiek herriari eskainitako egitarau oparoak prestatu dituzte, baina ez dira bakarrak.
Barañain
Ekainak 25ean, asteazkenean, hasiko dira Barañaingo jaiak, arratsaldeko 19.00etan botako den txupinazoarekin, eta lagunekin, familiarekin eta auzokoekin elkartzeko egunak datoz, non ez diren faltako hitzordu klasikoak: musika plazan, omenaldiak, bigantxak, bazkariak eta adin guztientzako jarduerak.
Egitarau ofizialaz gain, jaigunea ere antolatu du Barañaingo Jai Batzordeak, non egunero ekintza desberdinak egongo diren. Izan ere, txosnetan jaiak ofizialki baino lehenago hasiko dira, asteazken eguerdiko 13.00etan botako baitute txupinazo herrikoia, jaigunea zabaldu eta gutxira. Gero, bermuta, musika eta jolasak izango dira, kuadrillen bazkaria iritsi arte. Bazkalostean, gauera arte luzatuko den musika hasiko da.
Ekainaren 26an, osteguna, pentsiodunen bazkaria antolatu dute, eta arratsaldean txikientzako ikuskizuna egongo da, erakutsiz jaigunea herritar guztientzako dela, ez soilik gazteentzat. Iluntzean afari transmaribibollo feminista egongo da.
Ostiralean, 27an, umore ikuskizuna eta kontzertuak izango dira, eta hurrengo egunean berriro ekingo diote otorduei, herri bazkariarekin kasu honetan (lakuan izango da). Ekainaren 29an, azken egunean, puzgarriak eta aurpegi margoketa, eta Tsunzaren (Kenia) aldeko helmuga zikloturista izango dira, iluntzean musikarekin amaituz.
Festen txupinazo ofiziala ekainaren 25ean izango da, 19.00etan, eta ondoren Larrain Dantza egongo da herriko musika kolektiboen parte hartzearekin. Ondoren, musika kontzertuak, dantzaldia eta txaranga izango dira, 22.30etan zezensuzkoa iritsi arte.
Jai egitaraua hurrengo igandera arte luzatuko da, ekainak 29. Egunero su artifizialak izango dira 23:30etan, eta ondoren Larrain Dantza egingo dute. Berrikuntza gisa, aurten festetako su artifizialen bildumarik onena bozkatu ahal izango da ekainaren 30ean, eta uztailaren 1ean, 2an eta 3an Udaleko webgunean.
Horrez gain, bost egunez herriko kaleak musikaz eta animazioz beteko dira. Igandean, hilaren 29an, 00:00etan, Gaixoa Ni delakoan, Udaletxe plazan, su artifizialen azken traka bat eskainiko da.
Informazio honen babeslea: Oihalak
Arbizu
San Joan bezperan, ekainaren 23an, hasiko dira Arbizuko jaiak, 19.00etan egingo duten brindisarekin. Suziria bota ostean, txaranga abiatuko da 20.30etan ‘Maria Lonbren Zaldiya’ dantzatzeko unea iritsi arte. Gau honen tradiziozkoa den suaren garrak itzaltzen direnean, Iratzar taldeak erromeria eskainiko du.
Hurrengo egunean, San Joan egunean, puzgarriak eta herri-gosariarekin hasiko dira, gero Eingo taldearen ‘Kantan eta dantzan’ proposamenari ekiteko. Arratsaldean, Elai Alai dantza taldea arituko da, eta ondoren, Arbizuko erraldoiak aterako dira –duela bi urte sortu zuten konpartsa herriko hiru nerabek–. Gauean, Joselu Anayak taldeak erromeria eskainiko du, bi txandatan.
Ekainaren 25ean Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta haiei eskainitako meza eta luntxa antolatu dituzte. Gauera arteko egitaraua osatu dute, baina zerbait azpimarratzearren, mus txapelketa eta Tor magoa izango dira. Hurrengo egunean, berriz, Gazte Egunaren txanda izango da, eta aipagarriak dira poteo musikatua, bertso bazkaria eta jolas kooperatiboak. Arratsaldean Xaukena elektrotxaranga ibiliko da kaleetatik. Egun honetan musikak garrantzi berezia izango du, eta gauean kontzertuak izango dira. Hala ere, aurretik Palestinaren aldeko elkarretaratzea antolatu dute.
Kintoen Eguna ospatuko dute ekainaren 27an Sakanako udalerrian, trikitilariekin, herri kirolekin, buruhandiekin eta zezensuzkoarekin. Ekainaren 28an, larunbatean, Denak Itxaa Eguna izango da, eta beste gauza askoren artean piperropil gozo nafar tipikoa prestatzen ikasteko tailerra, monologoak eta triala izango dira. Gaueko erromeria Bizphiru Pelau taldearen eskutik izango da.
Ekainaren 29an agurtuko dituzte San Joanak, Haurren Egunarekin. Haur eta gazteen pilota partidak, play backa, ipuin musikatua, haurren bazkaria, jolas parkea eta buruhandiak izango dira. Eguna zezensuzkoarekin amaituko da.
Egunero, ohi bezala, aatea egongo da 18.00etan, herritar guztiek mokadutxo bat hartzeko. Zilarrezko katiluak erabiltzeko unea izango da.
Udala eskertua agertu da jai batzordean parte hartu dutenekin, urte hasieratik lanean egon baitira denontzako jaiak prestatzen, eta datorren urtera begira herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu die.
Informazio honen babesleak: Arbizuko Udala eta Arbizu Kanpina

Mutiloa
Nafarroan bada beste herri bat jaietan dagoena egun hauetan. Mutiloan pasa den asteazkenean hasi ziren jaiak, eta igandera arte, hilaren 22a, luzatuko dira. Ostiral honetan paella jana, erraldoi eta buruhandiak, dantza saioak, batukada, eta zezensuzkoa izango dira, beste ekitaldi batzuen artean.
Datozen egunetarako ere egitarau oparoa dute prestatuta, tartean Emakumeen bazkaria, zirku tailerra, kalderete lehiaketa edo bigantxak.
Leioa
Bizkaira salto eginez, Leioan ere ostiral honetan hasiko dira jaiak, eta ekainaren 24ra arte luzatuk dira. Aurten ere, koadrilak izango dira protagonistak eta giroa alaituko dutenak, eta ez dira faltako ohiko lehiaketa gastronomikoak, herri bazkariak, koadrilen arteko herri kirolak edo "soineko merkea" deituko lehiaketa dibertigarria.
Horrez gain, Mari Pepa eta Arlote pertsonaiak irudikatzeaz arduratuko direnak ehun urte betetzen dituen Leioa Kirol Elkarteko kideak izango dira.
Sestao
Sestaon jada jaietan daude, eta ekainaren 29ra arte luzatuko dituzte ospakizunak. Ezkerraldeko herri honetan Sanpedroak ospatzen dituzte, eta egitarauan ehun ekitaldi inguru txertatu dituzte, udalerriko txoko desberdinetan banatuta. Bitxikeria bezala, musika eskaintza zabala eta estilo guztietakoa izango da. Alde batetik, Euskal Herriko musikariak izango dira, tartean, Gorka Urbizu, Merina Gris edo Potato, eta bestetik Estatu mailan ezagunak diren David Civera eta Samantha Hudson.
Koldo Urkiaga txistulari eta euskaltzalea izango da pregoilaria, urte askotan Euskal Jaia antolatu izanagatik eskertza bezala.
Erandio
Erandioko Korpus jaiak badoaz aurrera, eta ostiral honetan bigarren eguna dute. Trikipoteoa, taloak eta erromeria izango dituzte gozagarri. Igandean, hilak 22, bitartean dantza taldeen ikuskizuna, herri bazkaria, abesbatza edota tortilla txapelketa izango dira, besteak beste.
Korpus jaiei jarraipena emanez, ekainaren 23an San Joan bezperako ospakizunak izango dira Astrabuduan, jolas, magia ikuskizun eta txokolatadarekin. Sua ikustera jendea sorginez edo baserritarrez mozorrotuta joatera animatzen dituzte herritarrak.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

