Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aste Nagusi Pirataren bizkarrezurra: piraten kofradiak

Donostiako Piratetako kofradia bakoitza gai, ikuspuntu, auzo edo ekintza nagusi baten arabera antolatzen da. Txalekoengatik bereizi ohi dira kofradiak; haien artean «pike sanoa» omen daukate, baina batez ere ardura eta lana izaten dute urte osoan. Piraten bizkarrezurra eta bihotza bihurtu dira.

Aste Nagusia kofradiako kideekin hasi zuten Eskifaiako kideek.
Aste Nagusia kofradiako kideekin hasi zuten Eskifaiako kideek. (Jon Urbe | FOKU)

Flamenka, Lasta eta Trinitate plaza dira Donostiako Aste Pirataren itsasontzi nagusiak, edozein olaturi aurre egiteko espazio ireki eta seguruak, nahiz eta hiri osoan barna beraien bizi ikuskera hedatzen ahalegintzen diren. Kolore ezberdinetako txalekoak dira Aste Nagusi piratan outfit ofizial eta arrakastatsuenak. Ehunka piraten lanari esker antolatzen dute aste osoko egitaraua; eta ipuinetan piratek bizitza kaotikoak badituzte ere, Donostian ongi indartutako bizkarrezurra dute: kofradiak.

Lehen abordatzea egin zutenetik hamar urtera, galdera berriak ikusi zituzten ortzi-mugan, batez ere antolaketa ereduari lotutakoak, eta garaiko piraten mugimendua hausnarketa zahar-berrietan murgildu zen. Itsasoari lotutako iruditeriari eutsi, eta jaietako herritarren parte hartze zuzena sustatzeko kofradiak sortzea erabaki zuten.

Iaz «esperimentu» bat egitea erabaki zuten kofradietara parte hartzaile berriak erakartzeko. Abordatzeko parte hartzaile kopuru handia ikusita, «kolore bat, kofradia bat» sistema martxan jarri zuten, harremanak sendotzeko helburuarekin. Jende berria sartu zen kofradia ezberdinetara, eta aurten ere errepikatu egin dute.

Kofradietan «momentu on batean» daudela diote, baina, herri mugimenduetan bezala, parte hartzea gorabeheratsua dela aitortu dute, eta inoiz ez dago inor sobera. Horregatik, bizkarrezurrak mugimendu batean duen garrantzia eta jai herrikoien filosofia gogoratuz aukeratu dute aurtengo leloa ere: Auzolanari tiraka.

Kolore bat, txaleko bat

Txalekoaren alde bat grisa, bestea koloreduna. Olatu batzuk iruditzat eta «Koplajurik gabe. Hitzetik, gorputzetik eta kulturatik gure koplajuei eta festei buelta emateko kofradia» lelotzat. Horixe da Kantauri kofradia, hala deskribatzen dute beraiek: «Euskal kulturatik abiatuta, baina gureak ere badiren beste hamaika kulturarekin harremanduz eta ikasiz, giro goxoan ondo pasatzeko kofradia da gurea».

Bakerodun txalekoa. Esku soinua jotzen ari den burezur bat iruditzat eta «Festa eta iraultza. Festak herriarenak direla sinistuz, auzolanak elkartu dituen gazte talde anitza gara. Aste nagusia egin nahi dugu… eta hau da gure ekarpena: festa, dantza eta iraultza!» hartzen dute aldarritzat Jaraneroek. Mojitoak prestatzen eta edaten espezialistak omen dira.

Granate koloreko txalekoa. Irribarre txikia duen pirataren irudiaz, pirata gazteen kofradia dela diote Eskifaiakoek: «Donostiako Piraten mugimenduan lekua izan nahi duten gazte aktiboak gara, gehienak mugimenduan sartu berriak, eta jai herrikoi eraldatzaileak bultzatu nahi ditugu. Gogotsu gabiltza!».

Txaleko urdin argia daramate soinean Groseko kofradiakoek. «Jaia kalera eta auzora zabaltzeko etorri dira Ubarroiak», aldarri egiten dute. Ubarroiak, kolore iluneko itsas hegazti lepoluzeak dira. «Piraten antzera, itsaslapurrak ere badira... eta botinaren ondoren, sekulako festa muntatzen dute denen artean», iradokitzen dute beraienera hurbildu nahi duenarentzat.

Kale Pozako lagunak Alde Zaharrean barrena.
Kale Pozako lagunak Alde Zaharrean barrena.


Marroi koloreko txalekoa eta haize zurrunbilo batek daraman burezurra izaten dute Intxaurrondoko kofradiakoek: «Auzoko bazter txikieneraino ekarriko dute Traganarruek Aste Nagusiaren esentzia, interakzioa hedatuz, alaitasuna eta jaia ditugu iparrorratz». Gune nagusietako festa auzoraino eta auzotarrenganaino zabaltzea izaten dute helburu.

Txaleko berdea jantzi du aurtengo Ezkilak, Pirata Bihurriena baita bera gorpuzteko ardura. Paperezko txalupa, begian partxea eta eskuetan ezpata ibili ohi dira denentzat festak aldarrikatzen. «Haur, gazte eta helduak elkarlanean, parranda hutsetik harago doan aste nagusi pirata bat eraikitzen», ideia zabaldu nahi dute lau haizeetara, pirata izatea bihurria izatea baita.

Morea den txalekoa soinean, atzean bi sardina hezurrekin, horiek dira Sardiñerak, eta kofradia feminista da. Jai eredu aske eta feminista sortzeko parte izan nahi duen orori zabaldu dizkie ateak: «Gurekin nahi ditugu emakume bizardunak, mari-mutilak, harro dauden mutxurdinak, butch alaiak, sirenoak, transmarikabollofeministak, adimen-bihotzak zabalik dakartzaten zomorro guztiak!».

Txaleko urdin iluna eta kamiseta gorria, horixe da Xibaroen outfit oso eta ofiziala. Amerikaren 1492ko konkistaz geroztik esklabotzari ihes egitea eta komunitate askeetan beren hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eustea lortu zuten xibaroek, eta istorio hori Euskal Herrira ekarriz urrun eta zeldetan dauden xibaroei omen egiten die kofradia honek.

Eskuzabalik hartuko zaituzte Donostiako Piratetan.
Eskuzabalik hartuko zaituzte Donostiako Piratetan.


Irribarre potolo bat eta txalo arrosa. «Izenak berak dioen bezala, Kalea umore onez eta pozez bete nahi dugun Alde Zaharreko zenbait kuadrilla gara, Kale Lagunak hockey taldearen inguruan ibiltzen gara eta Bizipoza eramaten dugu bizitzako lelo bezala», aurkezten dute beren burua Kale Poza kofradiako piratek, kaleak pozez betetzeko prest.

Txaleko ilunena janzten dutenak xelebreak dira. Xelebreak kofradiarena da txaleko beltza. «Zaharren eguna» antolatzeaz arduratzen dabiltzala entzun izan diote zenbaiti, eta ez daude ados, guztientzako eskaintza osatzen baitute: folk eguna, kantu-jira, mutxikoak… «Festa herrikoiak eta guztiok partaide garenak» lortzea dute helburu.

Mota guztietako kofradiak daude Donostian, egitarau askotarikoa eta osatua eskaini nahi baitute Donostiako Piratek. Horretarako, baina, ehunka inurri lanean behar dira Aste Nagusian eta gainontzeko egun guztietan. Skakeitanek esaten zuen bezala, mapa berri bat marrazteko piratak beharrezkoak dira: «Belak zabalduta eta auzolanari tiraka / Bihotzean daramagu mundu berri baten mapa / Izan gaitezen pirata!».