CONTENIDO PATROCINADO

San Blas jaiak iritsi dira Idiazabalera eta Abadiñon prest dira azoka famatua ospatzeko

San Blas eguna gertu da. Otsailaren 3an Abadiñok bere azoka berezia hartuko du, behi eta idirik gabe baina hainbat berrikuntzekin. Idiazabal, berriz, jada murgildu da jaietan eta otsailaren 4ra arte luzatuko dira, aurten goitibehera txapelketa eta zinta-karrerarekin.

Axariaren jaitsiera Idiazabalgo San Blas jaietan, 2025ean.
Axariaren jaitsiera Idiazabalgo San Blas jaietan, 2025ean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko jai-egitaraua dagoeneko martxan da. San Sebastian egunaren eta Nafarroako hainbat inauterien ondoren, San Blas jai tradizionalen txanda iritsi da, besteak beste, Goierriko Idiazabal herrira. Festetako egitaraua pasa den asteburuan abiatu bazen ere, bederatzi egunetan zehar luzatzen da eta oraindik badago non gozatu, urtarrila amaierako eta otsaila hasierako hotz honi aurre egiteko. Izan ere, Axaria ostiral honetan jaitsi da plazara eta Santa Ageda bezperara arte (otsailak 4) luzatuko dira jaiak.

Pregoia Atxurbide elkarteak irakurri du, 1976. urtean sortua. 50 urte hauetan herri kirolen arloan jardun du, batez ere pilotaren modalitate desberdinak sustatzen. Hauek izango dira igande honetan, otsailak 1, arratsaldeko 16.30ean Igarondo pilotalekuan ospatuko den pilota eskolako haurren jaialdiaren antolatzaileak.

Aurten ere, Udalak indarrak batu ditu elkarteetako eragile eta herritarrekin egitarau oparo eta askotarikoa osatzeko. Betiko ekitaldiak mantendu dituzte, baina berritasunak ere badaude.

Hasteko, bi urtez ospatu gabe egon diren goitibehera txapelketa itzuliko da bere 22. edizioan (larunbat honetan, urtarrilak 31). Bestetik, aspaldiko ohiturari helduz, zinta-karrera berreskuratu dute umeei eskainitako ekintzen artean (otsailak 2).

Larunbat honetan ekitaldi maitatuenetako batek hartuko ditu kaleak, alegia, mozorro topaketa non koadrilek inauteri giroa jarriko duten eguerdian. Joselontxos txarangak jarriko du musika. Arratsaldean, berriz, batukada izango da Idiazabal, Lazkao eta Legorretako joleekin. Iluntzean, berriz, herri afaria egingo dute.

Otsailaren 2an, astelehena, umeen jolasez gain, goizean zehar ospatuko direnak, arratsaldean helduentzako jolasak izango dira jubilatuen etxean. Iluntzean, berriz, patata tortilla lehiaketa ospatuko dute trikitilariek alaituta.

San Blas egunean, otsailak 3, San Migel elizako kanpai bueltakoen ostean, erroskilak bedeinkatzeko unea izango da 11.00etan, eta aldi berean haur zein helduen XXXVII. San Blas txirrindulari lasterketa hasiko da. Arratsaldean, gaztetxeak antolatuta, kuadrillen arteko jolasak jokatuko dira.

Azken egunean, San Blas txiki egunean, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte, Kantu Jira taldeak antolatuta, Axariari agur esan aurretik.

Gaueko musikari dagokionez, kontzertuak eskainiko dituzte Izurri Berria, Irten-bide, Biziraun eta Joselu Anayak taldeek.

Informazio honen babesleak: Idiazabalgo Udala, Iparragirre eraikuntzak eta Iturrioz construcciones.

San Blas opilak eta kordoiak, Abadiñoko azokan.

Abadiñoko azoka, behirik gabe

San Blas egunean, otsailak 3an, Abadiñok bere azoka berezia ospatuko du. Aurten, dermatosi nodularra dela eta, Lakuako gobernuak ezarritako neurriei jarraituz, azokan ez da behi zein idirik egongo, baina gainontzeko ospakizunak mantenduko dituzte.

Denera, 130 ekoizle inguru eta 110 abelburu izango dira plaza eta txoko desberdinetan. Martitzena bada ere, jende ugari batzea espero du Udalak, eta jai giro bikainaz gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.

Gune nagusia Trinketeko aparkalekuaren inguruan egongo da. Bertan, nekazaritza azoka egingo da: ogi eta gozogintza, gazta, ortuariak, eztia, denetariko produktuak, sagardo eta txakolina, txerriki eta okela, kontserbak eta patea. Aurreko urteetan egin bezala, bi sari banatuko dira aurten ere: fruta eta barazki-postu onena eta nekazaritza-azokan ondoen apaindutako postua. Berritasun bezala, 10:30ean, Euskal Herrian ekoizten diren gazta desberdinen dastaketa komentatua egingo da azokan.

Txanporta plazan, berriz, artisautza azoka egongo da ikusgai. 27 postu egongo dira guztira, eta larruzko postuak, bitxigintza, kosmetika naturala, modu artisauan eta jasangarrian egindako arropak egongo dira ikusgai, besteak beste. Trinketearen atzealdean jarriko dira abeltzaintza-azokarako karpa irekiak, eta trinketeko aparkalekuan egongo da landareen gunea, zortzi postu hain zuzen ere.

Aurten, 110 abelburu izango dira abeltzaintza azokan. Tartean, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta astoak egongo dira. Goiz osoan zehar, zaldiak mozteko eta ferratzeko erakustaldia egingo da eremu horretan. 11:00etan, berriz, euskal artzain txakurren erakustaldia egingo da lehen aldiz.

Gaztañodi parkeak nekazaritzako makineriaren gunea hartuko du, hiru kaletan zehar banatuko diren 12 erakuslerekin. Gainera, San Blasek burdingintza, egurrezko tresnak eta saskigintza eta uhalgile tradizional bat hartuko dituen gunea izango du. San Blaseko erroskilla eta opil postu tradizionalak eta taloak erosteko aukera ere egongo da.

Egunean zehar kultur eta kirol-jarduera ugari izango dira eta horien artean berrikuntza nagusia I. San Blas aizkolari kopa izango da. Bertan, Euskal Herriko punta-puntako aizkolariek parte hartuko dute eguerdian. Arratsalde-gau partean, ordea, musika izango da protagonista.

Informazio honen babeslea: Abadiñoko Elizateko Udala