JOKIN URAIN
IRITZIA

Hutseginak

Edozein leku da ona, edozein ordu, gogoa emanez gero bata bestearen arrimura batzeko. Izan liteke denda ataria, anbulatorio aurrea, autobus geltokia. Adinean aurrera samar joandako jendea ikus eta entzun zenezake antzeko gaiak aletzen. Beharrezko jarduna da, azkuran hazka egitea beste. «Zer egingo diogu…», dio batek, bere berriketa ixteko edo besteren batena errematatzeko. «Bai, lehen ez zen horrela, baina dagoenarekin aurrera egin behar», besteak erantzun, etsipen aireari buelta emateko beste arrazoirik aurkitu ezinean. Aurrera egin behar, dena eraman eta deseginez datorren denborari kontra egiterik ez dagoelako.

Biharkoaren eta etzikoaren aztarrenik ez, baina iragan urrunaren lekuko bakunak gara edonor, oroitzapenak bakoitzak bere erara jaso eta gordetzen dituelako. Horregatik izango da urteen kontaketarekin batera handitzea kontu zaharrak berritzen aritzeko joera. Anbulatorioko sarrera baino gune gozoagoa izan liteke mahai-ingurua, edo taberna aurreko terrazako lagunartea. Aldarteak eta lekuak aukera eman orduko ekartzen ditugu hizpidera duela mende erdiko ibilera eta bizipenak. Antzinako egunak berriz bizitzeko modu bat dela iruditzen zaigu, edo une batez bederen atzera haurtzaro edo gaztaro hartara itzultzeko era da. Gozo-guneen beharrean eta ase ezinean bizi baikara beti.

Halakoetan, baina, ez da harritzekoa gertaera beraren bi-hiru aldaera agertzea lau-bost lagunen artean, eta ez da modu txarra izaten bakoitzaren memoria probatzen hasteko. Oroitzapenek ere beren bidea egiten baitute gutako bakoitzaren akorduan, originalarekin zerikusirik ez duten aldaerak izatera iristeraino askotan. Horrek ez leukake ezer txarrik, hala ere, guztiak ez baleuka kutsu ezkor bat, etsipen aire kutsakor bat.

Alzheimerra baino lehenagokoa igual izango da memoria txarraren gaitza, areago hedatua ere bai, eta antzinako gazteoi adina eragiten die gaurkoei. Historia beti norberarekin hasten dela jakiteko lain erakusten digu bizitzak; errazagoa da horrela, beste konplikaziorik gabe. Beste erremediorik gabe ere bai beharbada, ez baitu ematen aurreko belaunaldien jakintza ondorengoetara iristen denik. Esan ote liteke behin eta berriz eta bata bestearen jarraian huts egiten duten belaunaldien segida baizik ez dela gizartea?