Jurgi Fernandez Ostoaga | Salto Training
KIROLA

Minaren aurrean zer? Atsedena edo mugimendua?

(Getty)

Azken urteetan lesio eta patologien inguruan askotariko ikerketak egin dira, eta horrek, beste hainbat alderditan bezala, betidanik erabili diren teknika, protokolo eta tratamenduak zalantzan jarri ditu. Horren adibide argiena immobilizazioaren erabilera da; lehen edozein lesiotan, hausturetan, bihurrituetan zein beste traumatismo batzuen ondorioz sortutako lesioetan, jarraibide ohikoena tokian hotza aplikatzea eta immobilizatzea izaten zen. Gaur egun, aldiz, bigarren hori kasu askotan ekidin egiten da, epe luzera eta berregokitzeko fasean eragiten dituen efektu negatiboengatik.

Gure gorputza mugimenduan egoteko programatuta dago, horrek mantentzen baikaitu bizirik. Muskulatura, hezurdura eta gorputzeko gainerako egiturak erabiltzeak gorputzaren beraren garapen prozesua eta eboluzioa baimentzen du. Kontrara, gorputz atal bat erabiltzen ez denean, narriadura prozesu bat gertatzen da; hau da, gorputz atal horren atrofia. Atrofia hori gertatzen da nerbio sistemak ez duelako bere jarduera behar bezala burutzen, eta informazioa bidaltzeko ahalmena gutxitzen da; gainera, inguruko giharrek lanik egiten ez dutenez, sistema muskulu-eskeletikoak aktibatzeko gaitasuna galtzen du; era berean, baskularizazio baxuago bat dagoenez, nutrienteen banaketa ez da hain aberatsa eta, ondorioz, ehunen birsortze prozesua ez da hain eraginkorra. Horrek guztiak ez du berregokitze prozesuan laguntzen eta prozesu hori moteldu egiten du, hasierako faseak luzeagoak izan behar direlako.

Mobilizazioak, ordea, aurretik aipatutako hiru sistemen jarduera maila mantentzea baimentzen du, bai baskularizazioa, bai giharren jarduera, bai nerbio sistema. Hala ere, lesioaren larritasunaren arabera, gehiegizko mobilizazioak ehunak suntsi ditzake eta lesioa okertu edota etorkizunera begira lesio kronikoak utzi.

Beraz, honek ez du esan nahi edozein lesio izanik, lehenengo pausoa mobilizazioa izan behar dela edo ez dela, baina bai balorazio egoki bat egin behar dela, lesioaren egoera ezagututa, ikusteko zein den aukera egokiena etorkizunera begira, mugimendu goiztiarra eta mobilizazioa edota immobilizazio osoa.