Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Elitekoak

Honezkero Gipuzkoako eskola gehienetan egina izango dute Eskola Kirolako “merendola”. Ikasturtea amaitu dela ospatzeko erritu garrantzitsua da askari kolektibo hori; gailetak, olibak, freskagarriak eta, kasurik eleganteenetan, patata tortilla. Eta dagoeneko sumatu daiteke datorren urtean askoz gutxiago izango direla Eskola Kirolean izena emango duten haurrak. Orain artean Gipuzkoan derrigorrezkoa zen 13 urtetik beherako haurrek kirol klubetan izena eman ahal izateko eskola kirolean ere aritzea. EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat tarteko, dagoeneko ez da derrigorra.

Futbola. Neskatoa atezain. Ama-izebak atearen atzeko aldean, «ez dauka ideiarik» ahapeka. Halako batean, buelta eman eta xuxurlatuz galdetu die atezain urduriak: «Atearen erdian al nago?».

Errugbia. Lokatzez goraino mutikoa, bere inguruko haur guztiak bezala. Bi orduko saioan lokatzarekin jolasean, baloia ez ukitzeko ahaleginean, disimulu ederrean. «Lokatza ondo, baina besteekin talka egitea ez zait asko gustatzen».

Zumba. «Nik ez dut dantza egingo, a zer erridikulua», nerabezaro aurreratuak irentsi duen mutikoa. Joan da, ahaztu zaizkio inguruko begiratuak, dantza egin du denak emanda, gozatuz, askatuz. Erridikulua hitza borratu du goiz batez bere nerabe hiztegi hain zorrotz horretatik.

Triatloia. Igeriketa, bizikleta, korrika saioa. Antolaketa korapilatsua izan da, baina merezi izan du. Irabazteko aukera guztiak zituen neskatoak pausoa makaldu eta askoz atzerago zetozen lagunei itxaron die. Helmugara elkarrekin sartzea erabaki dute abiatu aurretik.

Arrauna. Hotza eta euria. Kezkatuta dago amona, ez ote diren uretara eroriko haurrak. Bilobari begira-begira. Kostatu zaie iristen, azkenak eta tarte handi batera. Dramatikoa izan zitekeen, baina biloba mela-mela eginda iritsi da amonarengana eta, «bua amona, sekulako sentsazioa da uretan arraun egitea!».

Eman ditudan adibideetan, akaso ez zen eliteko kirolaririk ernatuko, edo bai. Baina eliteko pertsonak sortzen laguntzeko balioak baino ez ditut ikusten Eskola Kirolean. Lagunartea, jarduera fisikoaren garrantzia, norbere ahulguneak eta indarguneak identifikatzea, ondokoari bereak aitortzea, ondo pasatzearen diziplina barneratzea, batzuetan aspertzea... eta?

Baina nik kirol jarduerari eskatzen diodan gauza bakarra da bere motxilarekin eta pozik entrenatzera joan den gaztetxoa antzeko bueltatzea; nekatuta, belaunak urratuta, baina joandako zoriontasun dosi berdintsuarekin poltsikoetan.