«Ez da erraza lagunarte bat egitea»

«Ez da erraza lagunarte bat egitea»

Jokin Aranaldek urte luzez jarri dio ahotsa Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari (EIPK), eta, urteetan izandako ikuspegiari jarraiki, kolektiboan pentsatzen jarraitzen du, asmo argi batekin: «Geroz eta preso gehiago ari dira kalera ateratzen eta pozik gaude, baina hor atzetik dimentsio humano bat dago, eta kalera ateratakoan duintasun minimo batekin bizitzeko behar guztiak asetzeko lan egin behar dugu».
Kostatzen zaio bere egoera pertsonalari begiratzea; «iruditzen zait pribilegiatu bat izan naizela iheslari eta deportatuen %80rekin alderatuz». Erbestealdia amaitutakoan Gaztelura itzuli zen, semea eta emaztea bertan bizi baitziren, eta egokitzeko ez zuela «zailtasun handirik izan» onartu du. Ipar Euskal Herrian urteak eginagatik ere, eskualdeko jendearekin harremanak mantendu zituen, eta itzuli zenean, egokitzapenean, lotura horiek mantendu izanak lagundu ziola kontatu du. Hala ere, beti ez dela samurra izaten ohartarazi du: «Ez da erraza toki bat eta lagunarte bat egitea». Are zailagoa, etxetik kanpo.
Ipar Euskal Herrian «bizitza berri bat» eraiki behar izan zuen, eta horrek momentuan ezegonkortasuna sortzen badu ere etorkizunean tresnak eskuratzeko aukera eman diola azaldu du; bai harremanei dagokienez, baina baita «Euskal Herri osoa soziologikoki eta politikoki» kontuan hartzerakoan ere. Errepresio aldetik, garai gogorrak izan zirela aitortu du; «ezinegon, tentsio eta estres handia genuen egunero».
Erbestean igarotako urteetan «beti adi, beti zain» ibili behar zuela oroitu du eta Hegoaldera igarotzean testuinguruaren irakurketa berriro egin eta lasaiago ibili zela: «Gatazka armatua behin betiko amaituta zegoen, Guardia Zibilaren eta kontrolen jarrera ere aldatu zen; testuinguruari begiratuta, badakizu ezin dutela berdin jarraitu eta egiten duzu ideia bat zerekin topatuko zaren. Egoera erabat aldatu zen itzuli nintzenean; alderdi horretatik ez nuen beldur handirik».
Bizitza berri bat eraikitzea nekeza izan zen erbestera joandakoan; «hemendik ihes egiten duzu torturaren beldurrez eta jende guztia pozik jartzen da; etxekoak ere pozik jartzen dira torturatik libratu eta alde egin duzulako. Baina zuk beste bizi berri bat hasi behar duzu; oso gogorra da bizi berri bat berreraikitzea bera». Eta etxera itzulitakoan berriro berreraikitzea tokatzen da eta ez da samurra: «Oraindik saiatzen naiz Iparraldeko lagunekin harremana mantentzen, baina bizitza hartatik ere desengantxatzen joaten zara».
POBREZIAREN MUGAN
«Erretreta txiki bat» eskuratzeko aukera erbestean zegoela lortu zuen; izan ere, 60 urterekin 37 urte zituen kotizatuta Aranaldek, eta dokumentazioa berritzeko ezin zuenez muga igaro, jubilazioa hartzeko aukera zabaldu zitzaion. Horrek lasaitasuna eman ziola aitortu du: «Nire pentsio txikiarekin eta emaztearenarekin moldatzen gara, nahiz eta nik gaur bakarrik bizi beharko banu pobrezian biziko nintzatekeen».
Harrera Elkartearen laguntza beti ondoan izan duela baieztatu du Aranaldek; elkartea sortzeko hasierako batzarretan parte hartu zuen, nahiz pertsonalki behar handiegirik ez zuenez ez duen bertara jo izan; «Hego Euskal Herrira etorritakoan nik behar zuzenik ez nuen, posible nuen duintasun minimo batekin bizi, eta nik uste dut gehienon irizpidea hori izan dela, ahalik eta gutxien eskatzea, behar handiagoak badaudelako».
Hala ere, Harrerak, «zentzu guztietan», «beste dimentsio bat» hartu behar duela nabarmendu du: «Hasiera batean, zintzilik eta eskale ez geratzeko laguntza ekonomikoa ematen zuten, baina orain beste dimentsio bat du, ez bakarrik ekonomikoa: pertsonaren beharren inguruko zerbitzua eskaintzeko papera du». Eta zehaztu du ez dela momentuko zerbait, epe luzera begiratu behar dela.
URRATSAK EGIN BEHARRAZ
Urrunera, baina gaurdanik, «Harreraren lana espetxean hasten da», azaldu du, eta gogoratu du lan administratibo handia egin behar dela kalea zapaldu ahal izateko dauden lege eta artikuluak aplikatu ahal izateko, baita harremanak eraiki ere; lan bat eskuratu behar da sarritan aurrez, ikasketen matrikulazioak egin... espetxeko atea igaro aurretik hasten da, beraz, Harreraren lana, eta preso bakoitzarekin egoera jakin bat kudeatu behar da, bakoitzaren zirkunstantziei lotuta: «Harrerak harremanak zabaldu behar ditu, enpresen munduarekin, instituzioekin, eskolekin... Sare bat eraiki behar da preso hauek guztiek izan dezaten ateratzean lan egiteko aukera».
Horri loturik, instituzioek hartu beharreko ardura ere aipatu du: «Instituzioetan ere aukerak bilatu beharko dira pertsona hauen beharrei irtenbidea emateko, legalki jubilazio bat izan dezaten, osasungintza duin baterako sarbidea... Instituzioei ere badagokie».
Eta jarraian etorri ohi da atea igaro ostekoa, kanpokoa: «Asko eta asko adinekoak dira, ez dute lanerako adinik edukiko eta ez dute jubilaziorik, etxebizitzarik ere ez, eta agian oso familia txikia dute. Herri honetan beti egon da elkartasuna, eta badago, baina guk ezin ditugu bakarrik utzi, azkenera arte zaindu eta babestu behar ditugu».
Aranaldek gaineratu du oso egoera ezberdinak eta larriak sumatzen dituela inguruan: «Gaixo asko ditugu, eta arazo psikologiko asko daude. Kartzela eta ihesa baldintza gogorretan bizi izan ditugulako, eta ondorio asko utzi ditu horrek, eta urte luzeetan izango ditugu ondorio horiek. Gatazka politiko bat egon da herri honetan, eta beraiek izan dira protagonista nagusiak. Orain herri honek horiek guztiak zaindu behar ditu, bizikidetzaz hitz egin nahi bada, behintzat». Berarentzat ezinbestekoa da bizikidetzan urratsak egitea.

«La idea fundamental es que los presos pasen por la prisión, pero que la prisión no pase por ellos y, sobre todo, que no salgan peor que cuando entraron»

El derecho y el deber de escapar de prisión

Kartzelako euskal literatura, gaur egungoa bezain zaharra

Escapada a unos sanfermines de 1985 con mucha caspa y barracas políticas
