Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos
Hau ez da kazetaritza, ezta literatura ere

Martutene, ihesaldi baten kronika

(Zugazart)

Welcome to Martutene

 

Zer axola du paisaiak, Gloriak, badiak, ortzemugak?

— Kaleitxia da nik ikusten dudana.

Manuel Bandeira, “Kaleitxiaren poema”

 

Arratsaldeko bostak jota iritsi da. Apirileko arratsalde eguzkitsu batek agurtu du leihoetako zirrikituen artetik. Etxean da berriro, zenbat denborarako izango den ez dakien arren. Neskalagunaren osasun egoerak ekarri du atzera Martutenera. Hark bizi duen trantzeaz jabetuta, mataza batean bildu zaio eguzki printzek eta sabela kiribiltzen dion esturak sortu duten hari ikusezina.

Furgoitik atera eta zuzendariak harrera egin dio. Abegikor agertu da hasieratik. Birgizarteratzea eta presoekin egiten dituzten saio bereziak izan dira hasierako hizketagaiak. Herrera de la Manchan bizitakoak antipodatan daudela iruditu zaio une batez, eta tentsioa baretzen lagundu dio hizketaldiak.

Betertzetik ikuskatu ditu segundo batez inguruan dituen galeria eta korridorea, zuzendariak presoekin eta funtzionarioekin antolatzen dituen futbol partidei gorazarre egiten dien bitartean. Ile beltzarana du, eta zaindutako bizarrak Errenazimentuko lorategien itxura hartzen du. Kideen oihuek zulatu dizkiote memoriak entzumenean gordetzen dituen mintzak: ezagunak zaizkio ahotsetako batzuk. Laster afalordua dute gainean, eta haiekin konpartituko ditu azken egunetan bizitakoak espetxean izango dituen lehen ordu horietan.

Ez da euri arrastorik ageri goiza esnatu denean ere. Zeldak zabaldu eta, kontaketa egitearekin batera, patiorako bidea hartuko dute denek. Goizetako errutina berbera izango da Herreran eta Martutenen, baina erosotasun puntu batekin dihardutela antzematen zaie denei. Hegazkin batek haizerik gabeko egunetan nola, halaxe lur hartu du berak ere espetxeko patioan. Entzun egin nahi du, esaten dutena barneratu, egokitze horretan inurri lan isila eginez.

Aste batzuk atzera izandako kontzertuaz ari dira kideak. Kortatu eta Barricada zuzenean entzun dituzte kartzelan. Itzela izan zen emanaldia. Nafarrak “Barrio conflictivo” disko estreinatu berriarekin sartu ziren Martutenera, ziurrenik haien lanik onenetarikoa denarekin. Rosendo Mercadok egin ditu ekoizpen lanak, eta diskoan Mikel Astrain bateria jotzailea omendu dute “Pon esa música de nuevo” kantuarekin. Urtebete atzera, 1984ko apirilean hil zen kontzertu batean buruko isuri bat izan ondoren. Diskoaz gain, aldaketa gehiago izan dira Barricadan; Sergio Osesek taldea utzi eta Alfredo Piedrafita eta Fernando Coronado batu dira.

Kortatu. Muguruza anaiak eta Treku Armendariz. Irungo Mosku auzoan hasiberriak diren hiru gazte, munduari zein aldetatik kosk egingo hausnar egiten. The Clash. The Specials. The Business. Ziztuan sortu, bizi eta adierazitako musika haiena, energia puruaren deskarga elektriko baten abiapuntu... zu atrapatu arte...

- Izan al duk kontzertuaren berri? Hi etorri aurretik izan zituan hemen.

- Bai, kontatu zidatek patioan. Ona izan huen, ezta?

- Aluzinatu egin genian, baina ez soilik kontzertuarekin.

- Zerekin, orduan?

- Musikariei apenas egiten zizkietek miaketak barrura sartzean. Ez gitarrak, ez kableak, kaxa bakar bat ere ez ditek zabaltzen.

- Eta hori, zergatik?

- Agian irudia zaindu nahi ditek, kanpora begira. Ez duk gauza bera preso bat edo musikari bat kontrolatzea.

 

Lau kontrol

Jainkoak zoriontsuak dira.

Sustraien bizitza bizi dute.

Fatuak ez ditu haien desirak zanpatzen;

Edo, zanpatu arren, gero

Bizi eternala ematen die.

Ez dute itzalik

Ez inor samintzen dituenik.

Eta, gainera, ez dira existitzen.

Fernando Pessoa

 

Jainkoak bizi diren tokira joan nahi luke, baina galtzaileen munduan agintzen duten horiengana, irabazteak, garaipenaren ondoren, arrastorik gabeko bidea uzten duelako atzean. Une ezti bat izango da, istant bihurri bat, baina ondoren beste borroka batzuetara engaiatzea ezinbestekoa da, aparrean jarraitu ahal izateko. Eta horretarako adrenalina behar da, galtzearen eta irabaztearen arteko sokan mantenduko zaituen txute gazi-gozo bat. Olinpo horretarako bidea hartzeko, momentuz, furgoneta bat beharko du, errepidea baita askatasun zeru horiek arnasteko bide azkarrena.

Bilboko Avia alokairuzko autoen enpresan aurkitu du atea, Martutenen pasatu beharko dituen lau kontrolen aurrekaria izango dena. Bizkaiko hiriburuan ez dago alanbre arantzadunik, hortaz, aise egin ditu egin beharrekoak. Kontratua sinatu eta ospa. Igandean itzuliko diola agindu dio leihatilaren bestaldean dagoenari.

Zugazart

Hemendik aurrera hamaika elementu batu genitzake kontaketara, fikzioaren espazio infinituan edonork nabiga baitezake literaturaren besoetan ontziraturik. Baina gehiegizkoa litzateke itsaso zabal horietan zeharkaldi baten aldeko apustua egitea, korronte, ekaitz eta enparauen esku geratzea bezalakoxea litzatekeelako. Eta gurea ez da enbor trinkoz eraikitako ontzia; haize-oihal bat eta gaua argitu ezin dezakeen kriseilua ez dira oraino nahikoa berme ur handitan sartzeko. Kostaldea gertu dago, eta ez gara portutik gehiegi urrunduko, artxibo eta hemeroteketako pataskara amarratuta geratzen delako belaontziko txikota, nahitaez.

Pisuzkoak dira bafleak, baina, hustuta doazenez, dantzan jartzen dira, furgoneta zulo baten gainetik igarotzen denero. 1948an inauguratutakoa da Martuteneko espetxea, eta, 37 urte atzera berria zena, hondatzen hasitako ordoki bat da orain. Frankismoan eraikitako lur berberaren gainean pilatzen dira orain preso politikoak eta sozialak, behiala Ondarretako espetxetik eraman zituzten gatibu errepublikanoen antzera.

Barrura sartzeko pasabideek berdinak izaten jarraitzen dute 85ean ere, eta igaro beharreko kontroletan ere aldaketa gutxi antzeman daiteke. Lau uztai, lau “jauzi” nukleoraino heldu ahal izateko eta, atzera bide berbera, espetxetik ateratzeko.

Taxiz heldu da Imanol Martuteneko atarira, gitarra aldean daramala. Kontzertua ematekotan da 11.00etatik aurrera. Bere kabuz iritsi da, ez duelako emanaldian lagunduko duen talde teknikoa ezagutzen. Eta igualtsu aterako da ondoren, familiarteko ospakizun batera joan beharko duelako. Hurrengo egunean “Orhoituz” diskoa aurkeztekotan da, gainera.

Ordubete iraun du, gutxi gorabehera, errezitalak. Gizonen eta emakumeen moduluak bateratu dituzte, emanaldia guztientzat izan dadin. Baina musikak ez du berdin jotzen kontzertuaz gozatzen ari direnen edo ihes egiteko zorian daudenen artean. Atmosfera aurrerakoiago baten gainean flotatzen du Martuteneko giroak; bezperan funtzionarioen eta presoen arteko futbol partida egin dute, eta Imanolen zuzenekoa dute orain. Ustez, behar bezala doa dena.

Baina gauzak ez dira beti pentsatu moduan ateratzen, Damoklesen ezpatak gainean behar du egon, eta egongo da. Sorpresaz bisita bat jaso du bietako batek. Ez zegoen aurreikusita, ez zuen inor etortzea espero, baina zoriak nahi izan du gaur azken bis a bis bat izatea espetxera gerturatu diren bi ezagunekin. Uste baino gehiago luzatu da egonaldia, eta azkenean lortu du handik irtetea. Kontzertua amaituta dago dagoeneko, eta bafleak furgonetan sartzear dira beste preso batzuk; funtzionarioa ere haiekin dute.

Bigarrena alkandora zuriz jantzita iritsi da. Urduri dago, oso, eta ez da ohartu zuritasun horrek bafleen barruan sor dezakeen kontrasteaz. Kide batek soinean daraman jertse iluna kendu eta hura janzteko agindu dio. Baina funtzionarioak hor jarraitzen du. Eta orain, zer?

Maradonak urtebete beranduago atera zuen “Jainkoaren eskua” deritzana Mexikon jokatutako Munduko Kopako finalaurrekoetan, eta Martutene jainkoen eskuen aurrekari izango da. Funtzionarioak giltzak ahaztu ditu eta badoa haien bila. Ez dago beste aukerarik, di-da batean bafle barrura sartzea besterik. Hauek furgonetan kargatu, eta kanpora. Lau uztai, lau “jauzi”, zerumuga berrietara eramango dituen asfaltoaren gainean jartzeko. Bigarren preludio bat ere izan zezakeen kontzertu hark, bi urteren buruan kantatu baitzuen Imanolek jainkoa balitz mundua dantzan jarriko lukeela.

 

Karmen

Zuk ez dituzu ezagutzen

Odola barreiatu zeneko muinoak.

Ihes egin genuen guziok,

Guziok utzi genuen han

Arma eta izena. Andere batek

Begiratzen zuen gure ihesa.

Gutariko bat bakarrik

Gelditu zen, ukabila hertsirik,

Ortze hutsa so egin zuen,

Burua makurtu eta hil egin zen

Harresiaren azpian, isilean.

Orain odol lohigune bat dago

Eta bere izena. Andere batek

Igurikatzen gaitu muinoetan.

Cesare Pavese, “Zuk ez dituzu ezagutzen”

 

Ekainean iritsi zen Martutenera senide baten osasun egoera zela-eta. Aste batzuk daramatza Donostian, eta oraindik ez du hondartza zapaltzerik izan. Sasiak eta espetxeak garraiatzen duten hareaz lepo dauka bizkarrean dakarren motxila zamatsua, eta ihesaldi arrakastatsu batek sortzen duen brisak soilik mugiarazten ditu hondar aleak bere baitako itsasertz bare horretan. Uztailak 16a du gaur eta bero sapa itzelak jotzen du Gipuzkoako hiriburua. Gaua lasai antzean joan dela iruditu zaio; hasiak dira baretzen ondoan dagoen kuarteletik sartu-irtenean doazen autoen eta furgoien sirena hotsak. Isiltasunean are ozenago entzuten da kaleko mugimendua eta iluntasunean argi urdinen aztarna askoz nabariagoa da. Karmengo jaiak dira Donostiako portuan; marinelentzat egun handia, haien zaindariari gorazarre egiteko baliatzen dutena.

Zugazart

Ez da arrantzaleen arropak jantzi eta parrandan ateratzeko modukoa etxe horretan dagoen eguratsa. Pertsianak erabat jaitsita joaten dira eguneko 24 orduak; ez du, ordea, leku itxi eta ilunetara ohitzeko beharrik, urteak dira presondegiko baldintzetara egokitu zenetik. Telebista gutxi ikusten zuen txaboloan, baina hemen ez dago aukera askorik. Ainhoa eseri zaio ondoan. Bederatzi hilabete eskas ditu neskatoak, eta jostagarria zaio haren presentzia. Tourrean ari diren txirrindulariak nola, halaxe saiatzen da kilometroak egitea ahalbidetuko dioten hanken gainean oreka mantentzen. Abiadan joan nahi luke, baina ozta-ozta altxatzen du ipurdia parketez estalitako zorutik.

Lehenengo aldiz ikusi du telebistan gizonezko beltzaran bat euskaraz hitz egiten. Harritu egin du estanpak, eta euskararen mugen eta zabalkundearen arteko ataka horren gainean hausnarrean hasi da. Ez dio gehiegi iraun gogoeta denborak, ordea; badu bestelako entretenimendurik. Michael Knight. Dotorea bera, dotorea kotxea eta are dotoreagoa automobilarekin komunikatzeko erabiltzen duen ordularia. “Ikusiko al dugu inoiz halakorik?”. Kitt-en gidari gisa irudikatu du bere burua une batez, Iparraldeko itsasertzetik inork jakingo ez lukeen lekuetara bidaiatzen. Gainera, Poliziaren presentzia antzemango balu, berehala emango lioke abisua, eta lasai asko lo egingo luke autoaren atzealdean, bigilantzia iraunkorra izango bailuke aparailu elektroniko berriz jositako ibilgailuari esker.

Ia hamar egun igaro dira bafleetako abentura hartatik, eta handik ez zen Kitt baten maletategian atera. Han hezur-haragizkoak izan ziren ekintzak; funtzionarioei sartu behar zitzaien ziria, ez beste norbaiten esanetara dagoen makina robotizatu bati. Bestelakoa da hierarkia espetxean, eta are desberdinagoa ezkutuan dagoenarentzat. Beste norbaiten zapatetan jarri nahi luke une batez, Bulebarretik pasieran helatua zupatzen ari den bikotearenetan edo hondartzako olatuak atzetik irentsi duen igerilari despistatu horrenetan. Areago, berrogei urte aurrerago saiatu da irudikatzen bere burua, baina zaila egiten zaio halako ariketa futurista bat gauzatzea. Nekeak jota ziplo erori da Ainhoa, besteen zapatetan aise sartzen diren bi hankatxo horiek agerian. Karmenak dira gaur portuan, marinelen zaindariaren eguna.