Aitor Maiza Apezetxea / Salto Training
KIROLA

Bero kolpea jarduera fisikoan

(Getty)

Uda iristearekin batera, aire librean kirola egiteak zenbait arrisku dakartza, eta ez dira gutxietsi behar. Larrienetako bat bero kolpea da. Edonori eragin diezaioke, baina, bereziki, giro bero eta hezeetan intentsitate altuko jarduera fisikoa egiten dutenei.

Bero kolpea gorputzak gehiegizko barne tenperatura kontrolatu ezin duenean gertatzen da. Barne tenperatura hau 40°C-tik gorakoa izatera igarotzen da eta, ondorioz, barne oreka hori galtzen du gure organismoak.

Ariketa fisikoan organismoak beroa sortzen du gihar metabolismoaren azpiproduktu gisa. Askatutako energiaren %75-80 inguru bero bihurtzen da, eta soilik ehuneko txiki bat bihurtzen da lan mekanikoa, hau da, mugimendu. Baldintza normaletan, basodilatazioa eta izerditzea bezalako mekanismoen bidez kanporatzen da bero hori. Baina giro bero eta hezeetan mekanismo horien eraginkortasuna nabarmen murrizten da, eta gorputzak gehiago izerditzea bilatzen du, gorputzaren tenperatura jaisteko. Baina, aldi berean, gehiegizko izerdiak deshidratazioa eragiten du eta, kanpoko hezetasuna dela eta, izerdi hori ez da behar bezala lurruntzen.

Sintomei dagokienez, ohikoenak hauek dira: larruazalaren tenperaturaren igoera, nahasteak, zorabioak, buruko mina, bihotz maiztasun azeleratua, goragalea eta baita konortea galtzea ere.

Beraz, bero kolpearen arriskuak murrizteko, eguzki erradiazio handieneko orduetan jarduera fisikoa saihestea gomendatzen da, elektrolitoen bidez hidratazio egokia ziurtatzea eta izerdia lurruntzen lagunduko duten jantzi teknikoak erabiltzea. Gainera, funtsezkoa da giro beroetarako egokitzapena progresiboki egitea eta entrenamenduaren intentsitatea egokitzea. Esfortzuaren autopertzepzioa, bihotz maiztasuna edo gorputz tenperatura bezalako datuen monitorizazioa ere tresna baliagarriak dira bero kolpeak prebenitzeko.

Udak mugitzera, naturaz gozatzera eta aktibo mantentzera gonbidatzen gaitu, baina zaintzearen garrantzia ere gogorarazten digu. Beroa ez da kirolaren etsaia, baina errespetua eta arreta eskatzen ditu. Buruz entrenatzea da osasuna babesteko eta urte osoan ariketaz gozatzeko modurik onena.