Aitor Maiza Apezetxea / salto training
KIROLA

Oinaren ebertsio-ratioa korrikaren mekanikan

(Getty Images)

Korrikaren biomekanika, hau da, lasterka egiteko dugun teknika aztertzea funtsezkoa da korrikalari bakoitzak dituen lesio-arriskuak ulertzeko. Parametro garrantzitsuenetako bat oinaren ebertsio-ratioa da. Adierazle horrek oinak lurrarekin kontaktatzen duenean gertatzen den orpoaren kanporanzko inklinazioa eta mugimendu hori lortzeko behar den denboraren arteko erlazioa deskribatzen du. Beste modu batera esanda, oinaren pronazioa nolakoa den erakusten digu; zenbatekoa den eta zenbateko abiaduran gertatzen den.

Termino sinpleetan, parametro hau honela lortzen da: ebertsio-angelu maximoa zati orpoaren hasierako kontaktutik maximo horretara iritsi arte igarotako denbora. Horrela, ratio altuak ebertsio azkarra adierazten du, eta ratio baxuak, berriz, mugimendu kontrolatuagoa eta progresiboagoa. Parametro hori neurtzeko, normalean, indar-plataformak edo oinetakoetan edo orkatilan jarritako sentsore inertzialak erabiltzen dira. Horiei esker, zehatz-mehatz erregistratzen dira kontaktu-fasean gertatzen diren aldaketa angeluarrak.

Azken ikerketak oinarritzat harturik, ebertsio-ratio handiegia arrisku-faktorea izan daiteke. Oinak ebertsioa azkarregi egiten duenean, luzaketa baten ondorioz, tentsioa areagotu egiten da pronazioa kontrolatzen duten egituretan, besteak beste, atzeko tibialean, Akilesen tendoian eta oinazpiko faszian. Ondorioz, arrisku-faktorea izan daiteke zenbait lesio sortzeko; esaterako, Akileseko tendinopatia, oineko fasziitisa eta estres tibialaren sindromea. Gainera, gehiegizko ebertsioak belaunaren eta aldakaren lerrokadura ere alda ditzake, beheko kate zinetikoan desorekak sortuz.

Ratio egoki batek, aldiz, lasterketako pauso bakoitzean sortutako inpaktua moteltzeko gaitasun hobea erakusten du. Ondorioz, parametro hori ebaluatzea oso baliagarria izan daiteke prebentzio-programak diseinatzeko, oinetako egokiak hautatzeko eta korrika egiteko teknika optimizatuko duten ariketak programatzeko garaian. Beraz, eman diezaiogun merezi duen garrantzia gure lasterketako teknika ulertu eta zaintzeari, azkarrago korrika egiteaz harago, askoz ere hobeto mugitzen lagunduko baitigu.