Amaia Uribe
IRITZIA

«Ice» eta ICE

“Ice” izotza da ingelesez eta ICE siglekin ezagutzen da Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako polizia. Egunotan argi geratzen ari da, izen hoberik ezin zutela aukeratu. Izotza baino bihotz gogorragoa dute ICEko agenteek, izotza baino sentimendu hotzagoak eta izotza baino arriskutsuagoak bihurtu dira migratzaileentzat zein euren sarekaden kontra dauden herritarrentzat.

Beldurgarria da ikusten ari garena. Ezer ulertzen ez duten bost urteko haurren atxiloketak, familien banaketak, injustiziak salatzen ari diren herritarren hilketak. Maskaren atzean ezkutatuta, Trumpen aginduak muturreraino eramaten ari dira ICEko agenteak. Min emanez, gozatuko balute bezala. Beldurra eraginez, boteretsuago sentituko balira bezala. Izan ere, soldata batek ez du justifikatzen egiten ari direna. Ez da lana. Basakeria da. Eta hori ez dago zuritzerik.

Hauteskunde kanpainan deportazio masiboak agindu zituen Trumpek, baina ikusten ari garena migratzaileen ehiza da. Eta min ematen duten irudien erdian, badirudi, bere jatorriaz ahaztu dela Estatu Batuetako presidentea. Mary MacLeod bere ama eskoziarra zen eta hemezortzi urterekin iritsi zen Estatu Batuetara poltsikoan 50 dolar bakarrik zituela. Trumpek beti defendatu du turista modura joan zela eta berez ez zeukala Estatu Batuetan geratzeko asmorik. Gwenda Blair idazleak egindako ikerketaren arabera, baina, hasiera-hasieratik Estatu Batuetan bizitzea eta hiritartasuna lortzea zen haren helburua. Melania Trump bera ere etorkina da. Melanija Knavs izenarekin jaio zen Eslovenian. 90eko hamarkadan modelo bisa batekin iritsi zen Estatu Batuetara eta Donald Trumpekin ezkondu ostean bihurtu zen Estatu Batuetako hiritar. Une horretan, bere gurasoak ekarri zituen Estatu Batuetara eta Donald Trumpek hainbeste kritikatu duen familien bateratze politikari esker lortu zuten hiritartasuna.

Trumpek behin eta berriro esan du migrazio legeak gogortu nahi dituela, baina duela urte batzuk bere lege horiek indarrean baleude, ICEk bere ama, emaztea, amaginarreba eta aitaginarreba deportatuko zituzkeen. Horretan pentsatu behar luke, egiten ari dena egin aurretik. Baina, tamalez, Trumpek ez daki zer den enpatia eta ICEko agenteek baino izoztuago dauka bihotza.