Kirola
Lagun batzuk batu gara, etxean. Futbola ikusten ari gara. Atsedenaldian, iragarki batek eragin du eztabaida: terapia talde batean hainbat lagun bildu dira; bakoitzak bere futbol taldeko kamiseta darama eta dinamizatzaileak eskatzen die ondoan duten pertsonaren elastikoaz zerbait ona esateko. Inori ez zaio ezer otutzen; beraz, AAri galdetzen diote. AAk gauza onak esaten dizkie, informazioa ematen die, haiek kritikoki irakurtzen dute euren mugikorretan, baina ez dute ozen konpartitzen. Dinamizatzaileak hori ikusita, etsita, elkarri eskua ematearen keinua bertan behera uztea erabakitzen du. Horren ostean, pertsonek alde egiten dute, haserre.
«Telita», esan dut. Ez dakit nondik hasi. Iragarki horrek futbolaren miseria guztiak batzen dituela adierazi diet, gehi AAren zuritze beldurgarri bat: gizakiak = miserableak versus AA = objektiboa. Garagardoari trago bat eman diot.
Bigarren “round”-a hasi da: euretako batek dio ez duela iragarkia ikusi, eta ez dela fio nire interpretazioaz. Barre egiten diot, eta galdetzen dit ea nik ikusten ditudan kirol-animeak hobeak ote diren. Hakyu etorri zait burura; baietz erantzun diot, boleiboleko marrazkiek laguntasuna dute oinarri. Gainera, nahiz eta talde guztiek irabazi nahi izan eta pistan batak bestearen kontra jokatu, oso-oso jatorrak dira, elkarrekin entrenatzen dira eta, liskarrak alde batera utzita, aholkuak ematen dizkiote elkarri. Orduan mugitu du pieza: «Eta emakumearen papera, zer?» Xake-mate. Ezin horri erantzun. Marrazkiak izugarri sexistak dira.
Isilik zegoen hirugarrenak hitza hartu du, eta hartu bezain laster damutu da, “Conquis” programa ekarri baitu eztabaidara. Ez diogu atseden hartzen utzi: haren kontra pilota denak. Cesarrekin eta gladiadoreekin gogoratu gara; horra hor botere hierarkia bertikala. Programako aurkezleek parte-hartzaileak suntsitzen dituzte, behin eta berriz umilduz.
Bigarren zatia hastear denerako, gutako bakoitzak bere kartak erakutsi ditu, besteenak kritikatu, zenbait kasutan, erre ere bai, eta geure piloari erreparatu diogu. Beharbada, baten bat mahaitik kanpo botako dugu. Behintzat, beste begi batzuekin begiratu.
Ondo dago batzea; azken batean, kortisol eta endorfinen hartu-emanak, mokadu jateak, tragoek eta elkarrizketak akituta bezain pozik uzten gaituzte, edozein talde-kiroletan bezala.




