Jurgi Fernandez / Salto Training
KIROLA

Indarra eta hipertrofia motak

(Getty Images)

Ziurrenik noizbait indar entrenamenduaren inguruan hitz egin baduzu, «hipertrofia» kontzeptua agertuko zen elkarrizketan, edo okerrago, bi kontzeptuak nahastuko ziren. Oso ohikoa da gure kontsultan indar entrenamenduari buruzko azalpenak ematean, hipertrofiari diogun “beldurra” azaleratzea, eta gaur hori azaldu nahi dugu.

Argi utzi behar da indar lan egoki batek hipertrofia eragingo duela, noski; baina hipertrofiaren efektua ez da gorputzeko bolumenaren handitze hutsa, hipertrofia mota ezberdinak baitaude, egindako indar lanaren arabera alda daitezkeenak. Gainera, hipertrofia mota guztiek indar gaitasunaren hobekuntzan ez dute eragin berdina izango; azken hau kargaren bolumenaren (estimulu kantitatearen) eta intentsitatearen (esfortzu mailaren) arabera aldatuko da.

Adibide baten bitartez hobeto ulertuko da. Alde batetik, helburu estetikoa duen edonork, hau da, muskulaturaren bolumen handia izatea eta muskuluen forma handitzea, hipertrofia sarkoplasmikoa bilatuko du. Hemen, likido intramuskularra asko handitzen da eta horrek muskulua puzten du. Bestetik, bolumen handirik hartu gabe indarra aplikatzeko gaitasuna hobetu nahi duenak hipertrofia sarkomerikoaren efektua bilatuko du, non proteina uzkurtzaileak handitzeko gaitasuna hobetuko den. Bi hipertrofia mota hauek ez dira era isolatuan gertatzen; biak gertatuko dira beti indar entrenamenduaren ondorioz. Hala ere, entrenamendu motaren arabera, bata edo bestea gehiago eragin daiteke.

Hori dela eta, lortu nahi den helburua aurretik ezagututa, indar entrenamendu mota bat edo beste erabil daiteke. Indar entrenamendua egiteak ez du esan nahi gorputzaren bolumena eta pisua handituko direnik. Bestela kirol askotan kaltegarria izango litzateke, errendimendua gutxituko lukeelako. Eta, amaitzeko, hipertrofia sarkoplasmikoa ez da entrenamendu espezifikoarekin soilik lortzen; horretaz gain, programa nutrizional zehatza bete behar da eta atseden egokiak hartu behar dira entrenamenduari lotuta. Bolumena irabaztea ez da hain erraza.