Manuel Curros Enriquezek maisuki adierazten du XIX. mendeko progresismoaren dilema “Aires d'a miña terra” liburuaren sarrera-olerkian. Dena doa batasunerantz Progresuaren lege saihetsezinez, eta errekak ibaira doazen moduan bihurtuko dira dialekto guztiak hizkuntza bat, eta hizkuntza guztiak bihurtuko dira gero lengoaia unibertsal bakarra.
«AIRES D'A MIÑA TERRA»
1880an argitaratu zen “Aires d'a miña terra”, Manuel Curros Enriquezen liburua. Gai anitzen inguruan idatzitako bertsoen bilduma zen: tokian tokiko ohiturei buruzko apunteak, barne hausnarketak, munduaren bilakaerari buruzko gogoetak...
Liburua galizieraz argitaratuz, hizkuntza horren etorkizunean sinesten zuela ematen zuen aditzera Manuel Currosek. Eta hizkuntza horren duintasunaren errekuperazioan parte hartu nahi zuela: ortografia arrazional eta sistematikoa lortzen, sortu beharreko kultura letratua asmatzen eta, oro har, gizarte galego modernoa eraikitzen.
Liburua ez zen oharkabean pasatu, Currosen antiklerikalismoagatik batez ere. Oso esplizitua zen Eliza hierarkikoa salatzeko orduan, abadeak pobreez arduratu beharrean kazikeen pribilegioak defendatzen zituelakoan. Currosek Jainkoaren ideia bera ere zalantzan jartzen zuen, “Mirand'ó chau” (“Lurrari begira”) poeman esate baterako: «S'eu fixen tal mundo, que o demo me leve» («Halakoa egin badut mundua, deabruak eraman nazala»).
Liburuak Elizaren berehalako erreakzioa eragin zuen, eta 1880ko abuztuan, Ourenseko gotzainak publikoki gaitzetsi zuen “Aires d'a miña terra” liburua, «proposamen heretiko, blasfemari eta eskandaluzkoak» zabaltzen zituelako, eta eskumikatu zuen autorea. Ourenseko Auzitegiak, bere aldetik, liburuaren kopiak bahitzeko agindu eta egilearen aurkako epaiketa antolatu zuen.
ROSALIAREN ETA EMILIAREN ARTEAN
Kazikeak eta Elizakoak han zeuden, Galizian, eta hantxe daude oraindik ere. Baina ez ziren eskuineko erreakzionarioak izan Manuel Currosen areriorik zailena. Galego progresista asko zegoen galizieraz egitearen eta, batez ere, idaztearen kontra.
Galizieraren eta espainolaren arteko erlazioa oso diglosikoa baina nahiko egonkorra izan zen Galizian XIX. mendean zehar: galiziera herri hizkuntza menpekoa zen (b), gaztelania zen ofizial-nagusia (A). Baina, aldaketa demografiko eta soziopolitikoekin batera, egoera desegonkortzen hasi zen zazpigarren hamarkada aldean, gaztelania galiziera ordezkatzen hasi zenean. Hizkuntza ordezkapen prozesu azeleratuaren aurrean, bi jarrera sortu ziren: gaztelaniaren nagusitzearen aldekoa ala galegoa defendatzearen aldekoa.
1876-1879 urteetan galizieraren sustapenari buruzko eztabaidak izan ziren Galizian, eta hizkuntzarekiko jarrera dikotomia hori aldaketa historikoekiko ideologia biekin nahasten zen: tradizionalismoa ala progresismoa. Tradizionalisten artean galegoaren kontrako eta aldeko jarrerak izan baziren, progresisten artean ere bai.
Emilia Pardo Bazan kondesa eta idazleak, esate baterako, gaztelaniaren nagusitasuna kausa progresista moduan defendatzen zuen. Nekazarien hizkuntza zela galiziera, goi mailako kulturatik oso apartekoa eta sekula idatzi gabekoa. Idazle galegoek gaztelaniaz idazten eta hitz egiten zutela, eta ez zutela galizieraz idazteko arrazoirik, nekazariek ere, leitzekotan, espainolez leitzen zutelako. Eta horixe zela progresuaren bidea, «espainolez» alfabetatzea. Galegoz idaztea alferrikakoa iruditzen zitzaion Emiliari, galizieraz benetan hitz egiten zutenek ezin zutelako literatura hori irakurri. Eta artifiziala, gainera, farsatxo bat, ja gaztelaniaz hitz egiten zutenek idazten zutelako galizieraz...
Supremazismoz kargaturiko argudiook zabaltzen zituen Emilia Pardo Bazanek, eta progresistatzat pasatzen zen gaztelania laborari galegoen emantzipazio baliabidea zelako ideia. Rosalia de Castrok beste asmo batzuk zituen galegoz idazteko orduan:
«Creerán algús que porque, como digo, tentéi falar das cousas que se poden chamar homildes, é porque me esprico na nosa léngoa. N'é por eso. As multitudes dos nosos campos tardarán en ler estos versos, escritos a causa deles, pero só en certo modo pra eles. O que quixen foi falar unha vez máis das cousas da nosa terra e na nosa léngoa» (“Follas Novas”, 1880).
(«Pentsatuko dute batzuek ‘umilak’ dei daitezkeen gauzei buruz hitz egin nahi dudalako idazten dudala gure hizkuntzan. Ez da hori. Gure baserritarrek ez dituzte eurei buruzko bertsook irakurriko, luzaroan, baina ez dira eurentzat bakarrik. Gure lurraldeari buruzko gauzak berriro ere geure hizkuntzan hitz egin nahi izan ditut»).
Rosalia de Castrok etorkizun duinagoa nahi zuen bai nekazarientzat eta bai Galiziako herri osoarentzat, eta gainetik kendu beharreko zama erraldoia zela uste zuen Espainia inperiala. Doña Emiliak, berriz, argi bereizten zuen Galizia (a terra) eta Espainia (la patria: «Desde la zona tropical hasta el apartado cabo Finisterre, es España, inviolable en su unidad, santa en sus derechos»). Kuba, Puerto Rico edo Filipina tropikaletatik Fisterraraino hedatzen zen inperio kolonialean sinesten zuen.
Onuragarri eta sakratutzat zeukan Doña Emiliak Inperio espainolaren konkista eta inposizio egitura erraldoia, eta progresistatzat zeukan hizkuntza ordezkapena ere, zorionez gertatutzat ikusten zuena:
«Con ser hoy el castellano nuestro verdadero idioma […] habla majestuosa de Castilla».
Inposizioaren kontrako galegisten kexuak eta erreibindikazioak unibertsaltasunaren kontrako erreakzioak iruditzen zitzaizkion Doña Emiliari. Eta mesfidatzen zen poesia erregionalistaz separatismo haziak erein zitzakeelako eta, Francisco Pi y Margallen federalismoarekin loturik, utopia arriskutsua bihur zitekeelako:
«… esperemos que jamás llegará a tomar cuerpo tangible ninguna idea contraria a la unidad de la patria, lo cual sería para las literaturas regionales cargo más grave que el romper la del idioma y del pensamiento artístico nacional» (“La poesía regional gallega”, 1885-09-02).
Galegoz idaztea ja gaiztoa zen Doña Emiliarentzat, “hizkuntza batasuna” eta “pentsamendu artistiko nazionalaren batasuna” hausten zelako. Baina bihur zitekeen zitalagoa, ideia hori “delitu” edo “krimen” askoz larriagoa litzatekeelako politikaren alorrera helduko balitz.
Rosalia de Castro (1837-1885), berpizkunde galegoaren aitzindaria.
Hizkuntza aniztasunaz, orduko progresismoak bazituen axioma batzuk. Historia garapen aurrerakoi geldiezin eta norabide bakarreko gisa imajinatzen zuenez, darwinismoaren eskema biologiko naturalak alor soziokulturalera transplantatuz, egokienaren biziraupena proposatzen zuen. Arrain handiak txikiak jaten dituen bezain naturalki jan behar zituzten hizkuntza handiek txikiak. Arrazoiak eta botereak gidatuta, humanitatea batasunerantz zihoan, Mendebaldeko zibilizazioa unibertso osora zabalduko zen azkenean, eta, lengoaiaren alorrean, hizkuntza bakar unibertsalaren aurrean errenditu beharko ziren gainerakoak.
“Aires d'a miña terra” liburuaren sarreran bertan egin zion Manuel Currosek aurre hizkuntza unibertsalaren halabeharraren ideia jeneralari. Galegoz ala gaztelaniaz egin, gailegoen dilema konkretuaren ordez, Currosek hausnarketa benetan unibertsalagoa planteatu zuen.
Eta arrazoibide positibista aukeratu zuen, zientziaren aurrerapenak eta hizkuntza unibertsalaren beharrizan saihetsezina zalantzan jarri gabe. Arrazoia da derrigorrezkoena, jakina, nahiz eta sentimenduak ez baztertu. Manuel Currosek argudio arrazionalistez osatuko ditu lehenengo hamar bertsoak, sentimentalistez hondarreko hamarrak. Hizkuntza unibertsala ezinbestekoa da Currosen axioman, eta gainerako arrazoibide guztien premisa eta abiapuntua:
«Todo tende a unida…».
Auskalo linguistika historiko konparatuak batasuneranzko ala aniztasunerako joera azpimarratuko lukeen; Babelgo elezaharrak hizkerak ugaldu eta askotu egiten direla azaldu zuen; darwinismoak hizkerak berdintzera eta, bortxaz, batasunera goazela erakusten du. «Dena doa batasunerantz», dio progresuaren legerik nahitaezkoenak, errekak ibaira doazen moduan bihurtuko dira dialekto guztiak hizkuntza bat, eta hizkuntza guztiak desagertuko dira:
«Todal-as lenguas han de parar…».
Denak urtuko dira hizkuntza bakarraren itsasoan. Baina mintzaira zaharrak deseginez osatuko den hizkera bakar unibertsala, hizkuntza aukeratu hori, besteak baino hizkuntza aberatsago eta perfektuagoa, zein izango da? Susmatzekoa dela pentsatuko du baten batek, baina igual ez denok bat etortzeko moduko sumoan.
Arabiera izango dela imajinatu zuen Ibn Khaldunek. Frantsesa izatea nahi zuketen Ernest Renanek edo Jean Ybarnegarayk. Eta gaztelania-espainolaren mitoa kontatuko zuen Ramon Menendez Pidalen eskola linguistiko espainolak. Ingelesarena, berriz, Victoria erreginak edo Top Gear-ek. Antzinatik proposatu dira hizkuntza bikain espres asmatuak ere: Umberto Ecok saiakera ederra eskaini zien, “La ricerca della lingua perfetta nella cultura europea” (“Hizkuntza perfektuaren bilaketa Europako kulturan”). Ludwik Lejzer Zamenhof poloniar okulistak (“Doktoro Esperanto” erabili zuen izenordez, “Doktore itxaropentsua”) bere “Lingvo Internacia” edo “nazioarteko hizkuntza” proposatu zuen, perfektua, erraza eta neutrala zelakoan. Auskalo hizkuntzak, naturalak zein artifizialak, botere harremanetatik aparte egon daitezkeen, aseptikoak izan daitezkeen, edo neutralak.
Manuel Currosek bere burua kezka eta estualdi horretan jarri zuen, orduan, zein hizkuntza izan zitekeen unibertsala munduko hizkuntza aniztasun ikaragarrian. Zein hizkuntzatan idatzi, hizkuntza horrek eta idatzitakoak balio unibertsala izateko.
Currosek, ondo pentsatu ondoren, ez zuen duda izpirik: galiziera.
Ondo pentsatuz, zein aukeratuko zuen ba bestela?
1908ko maiatzeko Buenos Aireseko «Aires d'a Miña Terra» aldizkarian, Manuel Curros Enriquezen heriotzaren berri.
«O IDIOMA UNIVERSAL»
Galiziera aukeratzeko motibo batzuk esplikatu zituen Manuel Currosek: lurraldearekiko eta arbasoekiko leialtasuna; norberaren hizkuntza hitz egiteko naturaltasuna; interlokutore, komunitate horretako jendea hartzea; hizkuntzaren berezko ezaugarriak...
Ez ziren arrazoi guztiz objektibo eta neutralak. Galegoaren alde, kristautasuna ere aipatzen zuen Manuel Curros antiklerikalak: giza mugimendu espiritualik erraldoiena, kristautasuna, ekialdeko hizkuntzarik txikienean sortu zela, ez latin inperialean ez hebreera kultuan, baizik arameraz; hizkuntza txiki inperfektu horretako berba pobreak erabili zituela Jesusek bere egia adierazteko. Hizkuntza ez da mespretxatu behar gutxirena delako, ez ofiziala ez delako, ez inperfektua delako.
Emilia Pardo kondesak, Miguel Unamunok bezala, espainoltasuna asumitzen zuten, progresuaren izenean, Inperioaren autoritatearekin naturalizatuz hispanitatea. Currosek, herri xehearen hizkuntza erabiliz, bestelako legitimitate eta autoritate bat errekuperatu nahi zuen: herriari herriaren izenean hitz egiteko ahalmen galdua. Subalternoen hizkuntza aukeratuz idazteko, duintasuna eta kultura emanez hizkuntza menperatu horri, herritar horien askatasuna eta demokrazia sustatzen zuela sentitzen zuen Curros poeta zibilak. Eta asmo estetiko-literarioak soziopolitikoekin konbinatzen zituen ondorioztatzeko: nazioak ez badu literatura egiten, orduan literatura eginen dugu nazioa egiteko.
Gailegoen idazkera espainola ona izan da beti: heziketa onekoa, gustu orokorrera egokitua, behar den bezalakoa. Currosek ez zuen nahi literatura gozoa izatea zapaltzaileentzat, ez zapaltzaileen alde jarritako galegoentzat. Gailegoak gailegoz idatzi behar zuela uste zuen, eta tiraniaren aurkako destilazio pozoitsuren bat ere espero zuen menperatuen mingainetik.
Manuel Currosek printzipio demokratiko unibertsal eta aurrerakoiak aipatzen zituen, politika linguistiko inperialisten aurka. Ez zuen gailegoz idazten gailegoa esentzialki berezia, ezertan hobea edo partikularki maitagarria zelako, baizik jende pobreak, oligarkak bezainbeste, bere hizkuntza egiteko eskubidea duelako.
«ESPAÑA PARA TODOS», 1931
Hizkuntza unibertsalaren inguruko Manuel Currosen poema 1880an idatzi zen, eta Espainiako historiako momentu oso berezian izan zen aipatua, 1931ko irailaren 18an, Errepublikaren Konstituzio proiektuari buruzko eztabaidan.
Laugarren artikuluaren erredakzioa zen arazoa, eta Alfonso Rodriguez Castelaok emendakin oso moderatu bat aurkeztu zuen, inolako atrebentzia separatistarik gabe, onartuz gaztelaniaren inposizioa Estatu osoan, baina gainerako hizkuntzak apur bat babesteko asmoarekin. Hauxe zen proposamena:
«El castellano es el idioma oficial del Estado. Ni legislativamente ni administrativamente se coartará el uso de la lengua propia en las diferentes regiones».
Katalanaren ofizialtasuna onartua zuen ja Errepublikaren Gobernu Probisionalak.
–Frantziako txakurrek Espainiako txakurrek bezala egiten dute zaunka. –Bai, noski, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute oraindik animaliek. (Castelao, 1931)
Baina Miguel Unamunok hartu zuen hitza espainolismo linguistikoaren alde eta gainerako dialektoen kontra. Hasteko, gaztelania zen hizkuntza nazional eta unibertsal bakarra (eta “espainola” deitu behar zen). Gainerakoak ezin ziren izan ez unibertsal, ez nazional, ez hizkuntza, ez ezer:
«El vascuence, hay que decirlo, como unidad no existe, es un conglomerado de dialectos en que no se entienden a las veces los unos con los otros».
Ukatzen zuen euskararen batasuna, eta ukatzen zuen halako hizkuntzak batzeko edo modernizatzeko ezein posibilitate. Aitortu nahi zion, euskarari, «duintasunez hiltzeko eskubidea». Eta gailegoari berdin. Eta katalanari ere antzera.
ELKAR HOBETO ULERTUKO DUGULAKOAN
Espainolismo linguistikoak, oraingoan kriterio ezkerreko eta progresistekin itxuraz, honela erredaktatu nahi zuen Konstituzioa:
«El español es el idioma oficial de la República. Todo ciudadano español tiene el deber de saberlo y el derecho de hablarlo. En cada región se podrá declarar cooficial la Lengua de la mayoría de sus habitantes. A nadie se podrá imponer, sin embargo, el uso de ninguna Lengua regional».
Espainola inposatu behar da. Ez da beste hizkuntzarik inposatu behar inondik inora. Horixe da Espainian Monarkiak eta Errepublikak, diktadurak eta demokraziak ezarri duena. «El castellano es la lengua española oficial del Estado» dio gaur egungo Konstituzioak ere, «gaztelania» aipatuz espainol moduan, gainerako hizkuntzen ere espainoltasuna markatzeko; lokarritxo semantiko bat badaezpadan.
Eskertu behar Unamunori beste batzuk baino argiagoa izatea, tranpak antolatzeko orduan ere: esate baterako, maioriak aipatzeko orduan («En cada región se podrá declarar cooficial la Lengua de la mayoría de sus habitantes»). Espainola izanik ofizial eta derrigorrezko bakarra, laster izango zen espainola erregioetan ere maioritarioa, eta erregio bakoitzeko beste hizkuntza bertan ere minoritarioa; beraz, hizkuntza erregionala ez zen zertan koofiziala izan.
Eskertu behar zaio, diot, Don Migueli ez lotsatzea esateko orduan nondik mintzo zen euskara, galegoa edo katalana ukatzeko orduan. Ez zen linguistikatik ez soziologiatik mintzo, baizik “batasun nazionalaren bihotzetik”:
«No quiero decir en nombre de quién hablo; podría parecer una petulancia si dijera que hablo en nombre de España».
Espainiaren izenean mintzo zen Don Miguel ere, Doña Emilia bezala, Espainia inperialaren izenean. Eta argi zehaztu zuen 1901ean Bilboko Lore Jokoetara, euskararentzat hileta duina eskatuz, zertara joan zen ere:
«Cuando yo fui a mi pueblo, fui a predicarles el imperialismo…».
Betiko supremazismo linguistiko gaztelau-espainolaren aldean, Castelaoren boz umila entzun zen egun hartan Madrilen. Herri batek bere hizkuntza baztertzea sekulako zapalketaren eta duintasun kolektiboaren anestesiaren ondorioa dela esan zuen. Gailegoek, euskaldunek eta katalanek bezala, duintasun kolektibo hori errekuperatu behar zutela.
Espainolek eurek, besteekiko errespetuan oinarritzen den duintasun kolektiboa errekuperatu behar zutela. Eta hizkuntza unibertsalaz, alegiatxo hau kontatu zuen Castelaok:
«Finisterren (Bretainian) nengoen ni arratsalde batean, neure sorterria neukala gogoan, eta kukuak kantatu zuen derrepentean, eta ohartu nintzen hango kuku hark geure herriko kukuak bezala kantatzen zuela, eta txakur batek egin zuen zaunka, eta ohartu nintzen txakur hark ere geure txakurrek bezala egiten zuela zaunka, eta hauxe pentsatu nuen: hizkuntza unibertsalarekin bizi dira animalia gizajoak, eta badago jendea pentsatzen duena galiziera hil behar dugula, horrela elkar hobeto ulertuko dugulakoan».