Boilerfabrik, lorategia ezkutuan
Boilerfabrik eraikina lan eremua -kasu honetan, fabrika bat- bizilekuarekin eta lorategi batekin integratzeko proiektu aitzindaria izan zen. 1950eko hamarkadan eraiki zuen Atelier 5 estudio ospetsuak Thunen (Suitza), eta, bere izaera industriala galdu gabe, Mugimendu Modernoaren lan handienetakoa da.

Familia bakarreko etxebizitzak nagusi diren Thuneko auzo batean, Boilerfabriken hormigoizko silueta anomalia gisa ageri da. Eraikinak ez du ingurunearekin bat egiteko saiakerarik egiten; aitzitik, bere industria izaera argi erakusten du. Hala ere, galdara fabrika trinko horren gainean, kaletik ikusten ez den lorategia dago. Estalkia etxebizitzaren luzapen bihurtzen da, ekoizpenaren zaratatik urrun eta Alpeetako gailurretara irekita.
Thun goi-ordoki suitzarraren eta Alpeen arteko mugan dago. 1950eko hamarkadatik aurrera, hiria bertako aintziraren eta mendien artean zabaldu zen. Testuinguru horretan sortu zen Boilerfabrik, Atelier 5 taldearen proiektua. 1955ean Bernan sortutako kolektiboak mugimendu modernoaren printzipioak berrikusi zituen. Hormigoiaren adierazpenarekiko interesa mantendu bazuten ere, etxebizitzaren indibidualtasunean, bizitza komunitarioan eta arkitekturaren eta lurraldearen arteko harremanean jarri zuten arreta kolektiboko kideek.
Landarediaren integrazioa etengabeko gaia izan zen Atelier 5 estudioaren lanean. Esaterako, Flamatt I, Siedlung Halen edo Thalmatt moduko proiektuetan, topografiara egokitutako etxebizitza tipologiak garatu zituzten, non patioek, lorategi pribatuek, terraza mailakatuek eta komunitate-espazio berdeek etxeen barnealdea luzatzen zuten, eta etxeko bizitzaren eta paisaiaren arteko bitartekotza lanak egiten zituzten. Lorategia ez zen apaingarria, kanpoko gela baten parekoa zen, gai zena intimitatea emateko, harreman kolektiboak errazteko eta arkitektura lekuko baldintzetara egokitzeko.

Gaurko ereduak, ordea, kezka hori ustekabeko testuinguru batera eramaten du. Etxebizitza lorategi-hegal baten gainean bermatu beharrean, etxebizitzari eta landarediari lotutako espazioa industria-nabe baten gainean kokatzen ditu. Lana eta bizimodua ez dira bi mundu erabat bereizitan antolatzen, egitura bera partekatzen duten jarduera lotu gisa baizik. Fabrika beheko mailetan dago, etxebizitza eta lorategia, aldiz, esan bezala, estalkiaren gainean. Bi eremuek eraikuntza sistema bera dute, baina esperientzia espazial desberdinak eskaintzen dituzte. Etxebizitza industria-jardueraren gainetik dago, zaratatik eta fabrikako mugimendutik urrun. Eskailera nagusi batek eraikinaren maila guztiak lotzen ditu, jabearen bulegotik etxera zuzenean igotzeko aukera emanez. Horrela, bi eremu bereiziak organismo bakar baten barruan integratzen dira.
Lorategia ez da sarreratik berehala ikusten. Hara iristeko, korridore estu eta itsu bat zeharkatu behar da. Sukaldearen eta jantokiaren ondoren agertzen da landaredia, ustekabean. Ibilbideak espazio ilun eta estu batetik lorategi argitsu eta babestu batera eramaten du. Jantokiaren ondoan, egongelak mendebaldera begira dagoen logia batera ematen du, eta goiko solairuko logela bakoitzak balkoi bat du. Handik, begirada bi mailatan antolatzen da, lehen planoan lorategia agertzen da, eta, atzean, mendien paisaia zabala. Horrela, etxebizitza behatoki bihurtzen da.

Proiektuaren berezitasuna da lorategia. Landarediari esker, estalkia ez da fabrikaren sabai soil gisa hautematen; aitzitik, lurzoru bizigarri bihurtzen da. Horrela, industria oinarri astunaren gainean etxeko bizitza agertzen da, belarrak, ura eta landaredia protagonista bihurtuta. Uraren kudeaketa ere proiektuaren parte da, euria parterreetara bideratzen da, eta soberakina fatxadako irekiguneetatik kanporatzen da.
Estrategiak Le Corbusierrek Parisen proiektatutako Beistegui apartamentuko terraza gogorarazi dezake. Han ere, horma batek ingurune hurbila ezkutatu eta begirada urruneko paisaiara zuzentzen zuen. Boilerfabriken, mekanismo hori Alpeetako testuingurura eramaten da; gertuko hiria desagertu eta mendiak lehen planora ekartzen dira.
Boilerfabrik eraikinak estalkia ulertzeko beste modu bat proposatzen du. Sabai hutsa izan beharrean, lorategi, etxebizitza eta begiratoki bihurtzen da. Proiektuaren indargune nagusia itxuraz kontrajarriak diren errealitateak uztartzeko duen gaitasunean datza. Alde batetik, produkzio-jardueraren gainean bizitegia garatzea, eta, bestetik, hormigoia bizitza begetalaren euskarri bihurtzea. Honakoa, beraz, ez da gainjartze hutsa, programa desberdinen arteko nahasketaren harremanari buruzko hausnarketa da.

Grafitis de trinchera, de la memoria al arte

Antes éramos el pastel, ahora, solo la crema

Urbasa en su mejor momento: el otoño, un éxtasis de colores

Grazia Garagorri, XVII. mendeko hilketa matxista bat, gaur egungoen ispilu
