MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Larunbat arratsaldez, korrika

Normalean beti liburu denda bertsuak erabiltzen ditut liburuak erosteko. Pare bat, hiru asko jota. Hauetan badakit ez dudala arazorik eta erosiko dudala nahi dudan liburua. Euskaraz, gazteleraz zein beste hizkuntzan, beti daude aukeran. Euskal literaturari dagokionez beti iritzia ematen didate, gomendatu... Erostera noanaren izenburua oroitzen ez badut ere, badakite zertaz ari naizen. Ezagutzen dute euskaraz zer idazten den, nork idatzi duen, zenbat liburu dituen... eta, inoiz gogoratzen ez badute ere, izenburua esan, ordenagailuan sartu eta hantxe agertzen dira autorea eta bere lan denak. Alderantziz ere bai, autore baten azkena eskatu, eta, normalean buruz badakite ere, gertatzen da inoiz oso berria bada autorearen izena sartu beharra. Inoiz ez dute hutsik egiten. Sartzen dute eta berehala zerrenda osoa: dendan badagoen, eskatu eta noizko ekarriko duten... eta bitartean erakusgai dituztenak eskutan hartu eta kuxkuxean aritzeko aukera zoragarri hori, sarritan liburu baten bila joan eta bi edo hiru erostera bultzatzen duen aukera, orrialde inprimatuaren tinta usain ederrak zorabiatuta. Komentarioren bat, gomendioak, ordaindu eta hurrengo aldian gehiago!

Baina kurtso hasiera aztoratuan korrika batean euskal hiriburu bateko bi liburu denda entzutetsu eta handiren apalen artean egin dut proba ohiko «nire» liburu dendetatik urruti nengoelako. Euskal idazle batek duela gutxi idatzitako liburua, bere azken gehiago ere baditu eta. Libururik ez zen falta ez batean ez bestean. Mota guztietakoak, era guztietakoak, espainiarrak, beraien ikuspuntutik Espainia baino atzerrikoagoak, fikzioa, ez fikzioa, entsegua, ipuina, handia eta txikia marrazkiekin, gabe.... Denetarik. Ia erotu naiz. Baina batez ere erotu naiz bai batean bai bestean euskaraz idatzitako liburuak non ote zituzten aurkitzeko. Azkenean lehenengoan topatu dut euskal literaturaren atala. Bazter batean zegoen apalategi txikia zen. Dena nahasian. Nobela, fikzioa, mendirako gidak eta gainerakoak. Galdetu egin dut ea hura ote zen solairu osoan, solairu izugarri osoan euskaraz idatzitakoari emandako toki bakarra eta baietz erantzun didate. Apalategi estu eta txikia. Nabarmendurik zuten autore bakarra, era zarpailean, Bernardo Atxaga zen, zelo-paper batez bere izena jarrita. Baina ez ordena eta ez ezer. Begiek batera eta bestera egindako bide laburrean Sarrionandiaren bat ere ikusi dut, “Moroak gara...” eta gero nahasmendua. Genero beltzeko bat eta beste bat eta nahaspila. Anabasa narrasa.

Bigarrena ere zenbat metroko solairua! Zenbat liburu, zenbat sailkapen. Lehengo kolpean euskaraz ezer ikusi ez eta autorea aipatuz galdetu diot saltzaileari. Esan diot. «¿Cómo se escribe?», galdetu dit. Zaila zen bai! Jaio zen. Hausnarketa sortu dit, Euskal Herriko hiriburu batean, larunbat arratsalde batean korrika nenbilelako oso entzutetsuak diren bi liburu denda handitan sartu eta libururik gabe etxera bueltatzeak. Ez zaie batere axola ez euskara ez non dauden.