MIREN AMURIZA
IRITZIA

Tantodun galtzerdi bat

Orain hiru bat aste izan zen, lauhilabeteko bigarren eskola egunean. Ikasleak ezagutu berri nengoen, urduri. Ordu biko klasea prestatzeko hiru behar izan nituen: zer eta zelan esan, zenbat minutuan… Guzti-guztia apuntatuta. Fotokopiak enkargatu, Power Pointarekin birritan entseatu eta bezperan erabaki nuen, jakina, zer jantzi. Klasera orduko komunetik pasatu nintzen dena bere lekuan zegoela konprobatzeko; bai, batailarako prest! Banoa ikasgelara eta han hasten naiz, eskuak astinduz, arratsalde onak ematen. Bat-batean neska batek lehenengo ilaratik: «Miren, zerbait erori zaizu…». Begiratzen dut lurrera eta non ikusten dudan tantodun galtzerdi bat bertan. Stop. Bai, galtzerdi zimurtu bat erori zitzaidan jertsearen maukatik (galtzeta iheslaria nire besondora zelan ailegatu zen diostazue? Hori… beste afera bat da.). Play. «Ah, bai! Mobilaren zorroa», erantzun nion. Pantailako diapositiba ziztuan pasatu eta aurrera jarraitu nuen neure buruari esanaz, «oraingoan ere galanta egin dun!». Galanta, erridikulu galanta egin dun; egin dun, egin…

Ingurukoengan barreak eta irainak probokatzen dituen hura da erridikulua, sozialki «egokitzat» jotzen ditugun jarrera edota ezaugarrietatik aldentzen dena. Baina egokitasuna… estua zer da ba?! Erridikuluaren pertzepzioa erabat aldatzen da adinaren arabera: haurrei natura-natural irteten zaizkien gauza asko, trantze itogarri bilakatzen dira nerabeentzat; askok helduaroan gainditzen dituzte konplexuok eta beste askori zahartzaroko despreokupazioak bueltatzen die espontaneitatea. Umetan biluzik lasai-lasai ibiltzen garena, estaltzera jotzen dugu gerora; gurasoek ipintzen dizkiguten arropekin lehenengo eta geuk hautatutakoekin ondoren. Eta janzten dugu oinetakoetan erantzukizuna sendo, praketan oreka, pudorea kuleroetan, ausardia jertsean... Agertzen gara jendaurrera beztidura ondo neurtuekin, zer eta, usterik gutxienean tantodun galtzerdi bat mahukatik erori eta larru gorritan gelditzeko! Orduan esku batekin alua eta bestearekin titiak estaltzen ditugu; 12 urterekin amak komuneko atea zabaldu eta dutxatik irtetean harrapatzen gintuenean nola.

Egunerokoan eragiten diguten norma gehienen antzean, erridikuluaren sentipena ere kulturala eta erabat subjektiboa da; kosta egiten zaigu ordea une horietan trankildu, eskuekin gorputza haztatu eta ezetz, ez gaudela biluzik konturatzea (eta hala balitz ere, zer?). Bien bitartean lotsak ereindakotik ernetzen zaizkigu beldurrak eta bihurtzen dira sugegorri galtzerdi zimurtuak; baina lurretik jaso eta ezkutatu beharrean, zergatik ez eskoba kirtenari lotu eta nork bere askapenaren estandartetzat hartu?