MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Dabilen harriari...

Arantza Quiroga oraindik Eusko Legebiltzarreko presidente zela, baina hauteskundeak pasatu berriak izaki, bazekienean ez zuela kargu horretan jarraituko, EH Bilduri buruz esan zuen mugimendua oinez erakusten dela. Indarkeriaren aurkako jarrera «uste osokoa» zela erakutsi behar zuela. 2012ko azaroa zen.

«Onartzen dutenean urte hauek guztiak min handia eragin duten akats handia izan direla, orduan sinistuko dut esaten duten guztia egia dela».

Hiru urte beranduago, 2015eko urrian, sinetsiagoa izango zuen Quirogak EH Bilduren jarrera: tartean esanak, talde horretako alderdi batzuek beti salatu izanak eta beste batzuek euren sorreran espresuki idatziz jarritakoak... Pentsatuko zuen Hasier Arraizek Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran esan zuenean «gure seme-alabei guzti-guztia kontatuko diegu, guk egin genuena eta guri egin zigutena, guk eragindako mina eta guri eragin ziguten guztia, eta gure seme-alabei esango diegu indarkeria beti biderik okerrena dela», uste osoz esaten zuela. Izan ere, egun gutxitara aurkeztutako bake eta elkarbizitzarako bere proposamenean EH Bildu beharrezkotzat jotzea, eta gai garrantzitsu asko bazterrean utzi arren hitzetan ez zela katramilatu behar eta euskal gizartearen onerako elkarrizketaren bidea urratuz aurrera egin behar zuela esan zuenerako, seinale, berak behintzat sinetsita zuela.

Quirogak agerraldia egin eta hogeita lau ordura gertatutakoak ulertzeko hamaika iritzi, interpretazio eta teoria entzun duzue dagoeneko. Erantsiko nukeena da puntu horretara iritsita Quirogak ia dena galtzeko zuela eta, gauzak horrela, aurrera egin behar zuela, Alonsok, Marotok, “El Mundo”-k, Covite-k eta gainerakoek esandako guztien gainetik. Horiek denak prebisibleak ziren, aurreikusita behar zituen, eta aurrera egin.

Nolanahi ere atzera egin zuen eta berarengandik gertuen egon dena, paradoxikoki, EH Bildu izan da. EH Bildu, eta Quirogaren aldaketa txikiarekin ilusio apur bat sentitu zuten herritarrak. Ez da posible izan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bezperan ez da erraza mezuak behar bezala ulertzea, gehienak distortsionatuak zabaltzen direlako eta iristen direnerako bidean distortsioa handitu eta areagotu egin delako. Agian berak ere kalkulu elektorala egingo zuen bere proposamena kaleratu zuenean, baina zaila da pentsatzea hain egoera ahulean den alderdiak, hain emaitza kaxkarrak izan dituenak azken hauteskundeetan, bi hilabete eskasetan, edozein dela ere proposamena, egoera aldatuko duenik, normalean halako prozesuak geldoagoak izaten baitira.

Arantza Quirogak erakutsi duena da mugigaitza zela pentsatzen genuena mugitu egin daitekeela. Goroldioa du harriak. Urte askotako goroldioa. Axularrek zioen mugitzen den harriari ez zaiola goroldiorik lotzen. Baina mugitzen hasi beharko du. Hasiera ez da erraza izango, goroldio itsatsiarekin egin beharko baititu lehenengo metroak eta ondoren hasiko da goroldioa galtzen eta gero arinki biratzen. Oraingoan ez da izan, ez da bueltaka hasi, baina mugitu daitekeela sumatu da, eta mugitu baldin badaiteke, mugituko da.