MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Zu

Anjel Lertxundi • Erein, 2015 • 280 orrialde

2012ko uztailaren 9an aldatu zen betiko liburu honetako protagonisten bizitza. Narratzailearen emazteak pankreako minbizia du. Aurrekoaren ifrentzu bihurtuko zaie handik aurrera bizitza, haren erresumako biktima apal izatera pasatuz. Orduantxe sortzen da “Zu”, Orioko idazlearen azken liburua. Autobiografiatik asko du eleberri honek, Lertxundiren beraren emazteari minbizia diagnostikatu ziotenean dietario formal bat idazten hasi zen-eta. Azkenean, literatur egitasmo hark liburu itxura hartu du eta «bizitzaren artea, bizitzeko gogoa, sufrimenduaren erdian ere bizitza bilatzea aldarrikatzen du –idazlearen beraren hitzetan–, eta ez etsipena. Bizitza da asmatu den gauzarik onena». Bidaia literario honetan Thomas Mann, Albert Camus eta Susan Sontag izan ditu lagun, besteak beste, “Otto Pette” eta “Hamaisegarrenean aidanez” bezalako lanen egileak.

Nafarroako auziaz •

Pruden Gartzia • Elkar, 2015 • 128 orrialde. 13 euro • Lau saiakera labur bildu ditu Pruden Gartzia (Oñati, 1964) historialariak, laurak ere Errenazimentuan kokatuak eta, aldez edo moldez, Nafarroako Erresumaren galerarekin lotura dutenak: Martin Azpilikueta «doktore nafarrak» XVI. mendean nafarrek independentzia galdu ondoren izandako jokabidea eta garrantzia aztertzen du batek; Erasmo Rotterdamgoak Julio II. aita santuaren kontra idatzitakoa beste batek; Tomas Mororen figura hirugarrenak, eta Azpilikuetaren beraren ama-hizkuntza azkenak. Estilo arin eta jantzi batean, atzera begirarazten digu Azkue Bibliotekako zuzendaria denak, baina burua eta gogoa gaur egungo Euskal Herrian dituela. Joxe Azurmendik idatzi du epilogoa.

 

Hiri hondakin solidoak •

Jon Alonso • Txalaparta, 2015 • 314 orrialde. 18 euro • Enekoitz Ramirez «Lanbas» ETAko kide eta preso ohi, arte salerosle ohi eta lapur ohiaren ibilera berriak dakartza Jon Alonsok (Iruñea, 1958). “Camembert helburu” (1998) lanean aurrenekoz agertu zen Lanbas eta, 2012an “Zintzoen saldoan” protagonista bihurtu ondoren, oraingoan Euskaltzaindian jasotako hainbat mehatxu ikertzen detektibe lanak egingo ditu. Bartzelonan, edukiontzi batean biluzik eta hilik agertu den unibertsitate euskaltzainaren heriotza ikertuko du. Hala, bada, ertzainak, prostitutak, mossoak, kazetariak, euskaltzainak eta mota guztietako hondakinak agertuko zaizkigu abentura berri honetan.

 

X hil da •

Alaine Agirre• Elkar, 2015 • 84 orrialde. 11 euro • Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa... bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exorzitatuz, obsesio baten bulkada eustezinaz. Idazle iaio baten sena erakusten du Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) bere bigarren eleberri honetan, kontakizunaren erritmoa eta hizkuntzaren edertasuna trebezia handiz uztartzen baititu gai beraren inguruko bariazio hauek lantzean.

 

Identitatea eta anomalia •

Eduardo Apodaka • Pamiela, 2015 • 352 orrialde. 22 euro • «Lan honekin atera dudan ondorioa da hasieran nuen intuizioa, eta hori zen euskal identitatea esaten dugun hori identitate izatera ez dela heltzen, nolabait esatearren, ez dela identitate», dio Eduardo Apodaka (Bilbo, 1965) filosofo eta soziologoak. Identitatea eta, zehazki, euskal identitatea ditu aztergai, beraz, saiakera honetan Apodakak. Eta, finean, galdera bat: Zer behar dugu, garai hipermoderno hauetan, bizigarri eta guregain izaten jarraitzeko? Hori bera da, hortaz, entsegu honen nahia: paradigma sozial hipermodernoan euskal identitatearen bizitasuna eta, oso bereziki, bizi- indarraren baldintzak zein diren galdetzea eta aztertzea.