MIREN AMURIZA
IRITZIA

Hareazko kroketak

Gabonetako kanpaina bete-betean dira komunikabideak: neskatxoentzako eta mutiltxoentzako jostailu bereiziak, perfume seduktoreak, zoriontasuna azukretan neurtzen duten dultzeak eta horiek guztiak kontsumitzearren kontzientzia ziztatzen diguten gobernuz kanpoko erakundeen iragarki hunkigarriak. Aurten azken horiei erreparatu diet bereziki eta nago, nahiz logotipoak aldatu, estilo liburu berari jarraitzen diotela denek:

1. Helarazi mezu sinple eta emotiboak, hartzaileak ez dezala benetan gertatzen ari denaz hausnartu; arazo erraza, konponbide erraza: «Zure Gabonetako opariek bizitzak aldatzen dituzte. Kafeak ehunka ume eroango ditu eskolara Ugandan» (bidezko merkataritzako denda batean irakurria). 2. Sentiarazi diru emailea ahalguztidun, baina ez zehaztu bere ekarpena zertarako erabiliko den. Sareko banner batek adibidez, ebolari buruzko azalpen laburra dakar erlauntzera doala dirudien boluntario uniformatuaren argazkiarekin eta titular honekin: «Zu bezalako pertsonei esker, epidemia hauen biktimak berehala artatzen ditugu». Jarraian klikatzeko lau aukera: «50 €, 90 €, 135 €, beste kopuru bat». 3. Paternalismoz mintzatu; koitaduak ez dira ezertarako gauza, nahikoa dute tokatu zaienarekin... Guk ordea, salbatu egin ditzakegu edo besterik ezean irri eginarazi. Errefuxiatuekin lanean diharduen erakunde baten iragarkiak esaterako, Googleko irudi bilaketa baten emaitzak dakartza: «autoa Espainia» sartu eta kotxe ederren argazkiak agertu; «autoa Siria», lehertutakoak; «umea Espainia», haur irribarretsua; «umea Siria», zaurituta; «umea Siria erakundearen izena», haur siriarrak kooperanteekin jolasten. 4. Baliatu haurren irudiak, errukarriak baina ez zatarrak, eta ager bitez bakarrik edo boluntarioekin. Nazioarteko GKE ezagunenetako baten iragarkian, hareazko parke batean olgetan ari den mutiko zuriaren irudiak eta desertuaren erdian dagoen mutiltxo beltzarenak (modeloak izan zitezkeen biak ala biak) tartekatzen dira ahots sarkor bat mintzo den artean: «Ume hauetako batentzat harearekin janaria egitea jolasa da, bestearentzat ez. Zuk babes dezakezu diru laguntza emanez».

Bizpahiru egunean darabilt basamortuko mutikoaren hareazko kroketa eztarrian trabatuta; pentsatuz erakundeok zenbat duten gobernutik eta gobernuz kanpokotik, zer lehia duten beren artean, eta zergatik autokritika sustatu behar luketen kanpainak ez diren propaganda estereotipatua besterik. Baina tira, nik neure burua horiek irensten dituztenak baino argiagotzat jo, eta zutabetxoa idatzi dut hondar-kroketa desegin dakidan. Eta hala ere biguntzen ez bada, eskerrak datozen egunotan xanpain onarekin bultza egingo diodan.