MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Urte berrirako

Datorren astean estreinatuko dugun 2016. urteko martxoaren 23an dute epemuga jarrita Kolonbiako bake prozesuaren azken akordioa lortzeko. Desarmatzea eta alde biko su etena adostu behar dute epe horretan. Bakea ikusteko zorian daude herrialde hartan.

Ia 7 milioi biktima, 220.000 hildako, 27.000 bahitu, 25.000 desagertu, ia 6 milioi errefuxiatu. Horiek dira hamarkada luze hauetan bertako gatazkak, gutxi gorabehera, utzitako zifra ikaragarriak.

Martxorako jarrita duten azken urrats horren aurretik gatazkaren konponbiderako atalik zailenetakoan, konplexuenetakoan, akordioa erdiestea lortu dute: biktimen auzian, alegia. Habanan, Kolonbiako Gobernua eta FARC ados jarri dira eta biktimen oniritzia jaso dute aurrera egiteko. Une honetatik aurrera protagonismo berezia izango dute biktimek bake prozesuan, horrela onartu dielako lortutako akordioak. Oso interesgarria da onartu dutena aztertzea, gainetik besterik ez bada ere.

Biktimei erreparazioa emateko sistema oso bat sortuko dute. Egia argitzeko, elkarbizitzarako eta antzekorik berriro ez gertatzeko batzorde bat eratuko da; desagertutzat jotakoak aurkitzeko talde bat antolatuko dute; gatazkaren arduradunak epaitzeko jurisdikzio berezi bat sortuko, eta hor ariko diren magistratuak independenteak izango dira; hau da, ez dituzte aukeratuko ez gobernuak ez FARCek ere.

Auzitegietatik kanpoko beste bide batzuk ere hobetsi dituzte, omenaldiak edo aitortzak adibidez. Gainera, bi aldetako su-etena gertatzen denean, nazioarteko zuzenbidea errespetatuz, eskuzabal jokatuko dutela azpimarratu dute. Amnistiarik ez da izango, baina tratu berezituak, kartzela zigor neurtuak... zigorgabetasunik ez, baina bizi izandakoari amaiera emateko moduko bideak jarriko dituzte.

Bi aldeek batera egindako agerraldian, FARCek bere alderdia osatu eta demokrazian parte hartu behar duela adierazi du Gobernuaren ordezkaritzak, eta FARCeko ordezkariak etsaiak kartzelan ikusi baino nahiago dutela elkarrekin lan egin esan du. Bakea lortu nahi dutela erakusten duten keinu oso argiak. Lurraldetasuna eta genero ikuspegia ere jaso dituzte akordioan eta gizarte osoaren arduraz, erantzukizun kolektiboaren beharra azpimarratu dute. Gizarteak inplikatu behar du bake prozesuan, gizarte osoaren arazoa delako.

Azken urratsa falta da, baina gatazka luze, korapilatsu eta odoltsu honek amaiera izan lezake urte berriaren hasierarekin. Puntu honetara iristeko, ofizialki 2012. urtetik elkarrizketetan ari dira, Habana lekuko dela. Bakea lortu nahi izan dute. Oso egoera zailak, korapilatsuak, bizi izan dituzte. Etenak eta geldotzeak izan dituzte urte hauetan, baina aurrera egin nahi izan dute.

Nola ez da ba posible izango hori Euskal Herrian? Nahi izatea da hasiera. Jakitea bidea ez dela erraza izango, askotan mingarria izango dela, kostatuko dela, baina argi edukitzea askoz gehiago irabaziko dugula guztiok, galduko duguna baino.