MIREN AMURIZA
IRITZIA

Ander bat

Lantzean behin gertatzen dira gauza bitxiak, zutabe batean kontatzeko modukoak. Han nengoen lehengoan, Bilboko Termibusen, azkeneko autobusaren zain. Itxaronaldi tentel horietan, ingurukoen izenak asmatzen entretenitu ohi naiz sarri. Ordukoan Maria Luisa bat zegoen ospitaleko autobusari begira, bere bufanda eta maletatxo (gaixoarentzako pijama garbia, La Hola…); Moussa bat kostaldekoaren zain, kapitalean saldu bako materiala koadrodun poltsa karratuan batuta; eta Ander bat nire alboan jarrita. Hamabost-hamasei urte izango zituen; puntuzko jertsea, bakero nasaiak eta estreinako zapatilak; ile luze samarra bekain eta belarrietan behera; mugikor ikusgarria esku artean eta kaskoak bertara konektaturik. Biolinaren funda eta karpeta zeuzkan ondoan (zenbatetan ez ote zioten aginduko familia-bazkari gogaikarriak girotzeko?). Belaunburuak gora eta behera zerabiltzan; kantuari jarraitzen ziharduelako, hoztuta zegoelako, urduri… Edo dena batera. Halako batean, burbuila musikala plop! lehertu eta autobusera altxatu zen presaka. Agur-agur. Eta non konturatzen naizen orri bat jausi zitzaiola bankupera! Konfiantzan dakarkizuet irakurritakoa, baina ez inori kontatu mesedez. Hauxe zioen Termibuseko biolinistak:

«Urte berrirako promesak. Aurten mate gaindituko dut, urtarrileko azterketa suspendituz gero, partikularrera apuntatuko naiz. Nire urtebetetzearen ondoren, apirilean edo, motorreko karneta ateratzen hasiko naiz, mate gainditzen badut, eta gurasoei scooter mitiko bat eskatuko diet udarako. Nirekin en plan lasai hitz egitera datozenean, saiatuko naiz hain bordea ez izaten. Futbolean jarraitu egingo dut, behintzat ekainera arte, eta ahaleginduko naiz neure kontura sarriago entrenatzen. Lokalean denbora gehiago pasatuko dut, asteburuetan batez ere, eta probatzen hasiko naiz… Vodka beltza edo likor piruleta. Instagramera argazki guapoak igoko ditut, mendikoak eta. Perfilekoa aldatuko dut, Whatsappekoa ere bai. Ilea moztuko dut, tipo Txurru ‘Gu ta Gutarrak’-ekoa. Eta jaietan X-i (izena tatxoi batekin estalita zegoen) rolloa eskatuko diot. A, eta amari esango diot biolina utziko dudala. Eta horiexek dira 2016rako nire promesak».

Ez ahal zatzaizkit haserretuko, Ander, sekretutxook idazteagatik. Zaude lasai, esan diet inori ez kontatzeko eta. Eupada bat zuri eta aurten (aurten bai!) biolina utzi eta gitarra, kastañuelak edo dena delakoa jotzen hasi gura duzuenoi; edo behingoz futbola lagata, denbora biolinari eskainiko diozuenoi. Promesa iheskorrekin astirik galdu barik, datorrena datorrela, benetan desio duzuen hori egiten ahaleginduko zaretenoi.

Urte berri on.