MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Erremediorik gabe

Espainiako Diputatuen Kongresuak itxura eraberritua izango du datorren asteazkenetik aurrera. Abenduko hauteskundeen emaitzen ondoren, inoiz baino sozialista (PSOEko kide) gutxiago izango dira bertan, kontserbadoreak (PPko kide) nagusi baina gehiengotik urrun, eta Espainian «emergente» deitu dieten C’s eta Podemos alderdietako kide ugari. Baina, itxura guztien arabera, nazionalismoa nagusi izango da, berriro ere, erresumako Gorteetan.

Hautetsontziak itxi bezain pronto ikusi zen Espainiako politikak lehengo lepotik duela burua. Mariano Rajoy, hauteskundeak irabazi arren sekulako galera izan duen lider kontserbadoreak, Espainiaren batasuna jarri zuen lehentasun gisa. Horren inguruko adostasuna zen derrigorrezkoa gobernu berri bat osatzeko. Bigarren indarrak ere, PSOEk (azken 40 urteotako emaitza txarrenak izan ondoren) bat egin zuen planteamenduarekin: beste aukera bat, alternatiba bat bilatzeko lanean, Podemosekin mahai baten bueltan esertzeko, derrigorrezkoa zen, aldez aurretik, Pablo Iglesiasen alderdiak Kataluniarako proposatzen duen erreferendumari uko egitea. Espainiaren batasuna lehenik.

Podemosek berak zioen, Espainiaren batasunaren garantiarik onena zela erreferenduma egitea: bitarteko ezberdinak, baina helburu berbera, erresumak baturik jarraitzea. Ciudadanosek zer esanik ez…

Herritarren benetako interesak jarri ohi dituzte mahai gainean lau alderdi horiek, Kataluniatik edo Euskal Herritik independentziaren aldeko planteamenduak azaleratzen direnean. Jendeak beste lehentasun batzuk omen ditu, independentziak ez omen du jaten ematen. Baina egoera konplexu baten aurrean, Espainiaren batasuna aldarrikatzen dute guztiek, nahiz eta Podemosen kasuan horretarako Katalunian erreferendum bat eskatu. Katalunian bai eta Euskal Herrian ez? Eta Galizian? Zeintzuk dira Pablo Iglesiasek baterako edo besterako erreferenduma aldarrikatzeko behar dituen baldintzak?

Datorren asteazkenean hasiko gara ikusten alderdien arteko hitzarmenak noraino heltzen diren, bakoitzak zer lortzen duen eta zeren truke. Batez ere zer lortzen duten orain arte aipatu ez ditudanak, baina espainiar Gorteetan egongo diren IU, ERC, DiL, EAJ, EH Bildu eta CCk. Edonola ere, iruditzen zait Espainiaren batasuna ardatz hartuta, zaila izango dela batez ere Katalunia eta Euskal Herriko herritarren zati handi bat integratzea lortuko duen planteamendurik. Edo beste modu batera esanda, gehiengo berriek ere arrazoi emango dietela erreferenduma ez dela posible esaten dutenei. Ezinezkoa dela Espainiarengandik eta Espainiarekin galdeketa demokratikorik adostea; ezinezkoa dela bide hori jarraituta irtenbideren bat topatzea.

Bitartean, Espainiako alderdi nagusiek kontraesan nabarmenean jarraituko dute. Herritarrei benetan interesatzen omen zaizkien gaien gainetik Espainiaren batasuna ezarriz, nazionalismo bete-betean, euren buruari integratzaile deituz eta gainerakoei baztertzaile. Erremediorik gabe.