Joanes Etxebarria
Evo Morales

Evo Morales, beste agintaldi baten bila

Evo Moralesek, 10 urteko agintaldia luzatu ahal izateko, herritarren babesa lortu beharko du gaur Bolivian eginen den erreferendumean. MAS alderdiak demokrazia eta alternantzia ez direla sinonimoak ohartarazi nahi izan du kanpainan. Plan Patriotikoa abiatua dela eta, Moralesek 2019an berriz presidentetzara aurkezteko baimena eskatzen du, Konstituzioaren aldaketa bat dela medio.

Asko du jokoan Evo Moralesek. Konstituzioko 168. artikulua aldatzeari bai ala ez erantzunen diote herritarrek; baiezkoarekin soilik aurkeztu ahal izanen da Morales 2019ko lehendakaritzako hauteskundeetara Alvaro Garcia Linera presidenteordearekin batera. Lider ukaezina da aimara kulturako presidentea, eta oposizioan figura azkarrik ageri ez den bezala, ez da ordezkorik ageri MAS (Sozialismorako Mugimendua) bere alderdian bertan ere. Gainera, 2025. urtera arte luzatuko litzatekeen “plangintza patriotikoa” aurkeztu du jadanik Gobernuak, berau betetzeko asmoz.

Boliviako hiri handienetan eztabaidagai nagusia da, eta pronostikoak egitera ausartzen direnek ez dute baietzaren ala ezetzaren garaipen garbirik aipatzen. Landa eremuetan baietzak irabaziko duela ez da zalantzan jartzen, «bereziki pobreenentzat lan egin duelako Evok orain arte», Carlos taxistak dioenez. Hirietan hertsiago izanen da jokoa, bere ustez, «klase ertainak ez duelako hain aldaketa handirik ikusi egunerokoan».

Joan den urtarrilaren 22an, La Paz ospakizun hiri bilakatu zen, Evo Moralesen agintaldiaren 10. urteurrena zela eta. Kongresuan diskurtso mamitsua egin zuen Boliviako agintari gorenak, azken hamarkadan lortutakoa zerrendatuz eta aitzineko gobernuen datuak gaur egungoekin alderatuz sail guztietan. «Inor ez da diskurtsoa entzuten ari», zioen La Pazeko Murillo plazara hurbildutako andre batek, pareko pantailan presidentea mintzo zela; «irabazten ez badu, norentzat bozkatuko dugu? Ez da beste inor parean...».

10 urteko balorazioa. Erreferendumari begirako kanpaina bukatu da Boliviako bederatzi departamentuetan. Hirietako paretak bezala, herrialde osoko bide bazterretan tinduz markaturik gelditu dira kanpainaren arrastoak. “Bai” bat gurutze batez zikindurik eta “ez” bat tindu zuriz estalirik. Argudioak, haatik, aski meheak dira muraletan: «Aitzina bagoaz, zergatik atzera egin?», galdetu aldekoak eta «Ez goaz ongi», erantzun kontrakoak. Herritarrek, berriz, gehiago garatzen dituzte bataren ala bestearen alde bozkatzearen zergatiak. Cochabamba hirian adibidez, Nestor komertzianteak erraztasunak nahi lituzke etxe baten jabe bilakatzeko: «Indigena eta laborariek etxeak erosi ahal izan dituzte hamar urte hauetan; nik, berriz, mailegu bat eskatzean ezin ditut irizpideak bete», dio ernegaturik.

2006an presidente kargua hartu zuenetik, muturreko pobrezia apaltzea izan da Moralesen ahalegin garrantzitsuenetarik bat, desberdintasunak txikitzearekin batera. Hamargarren urteurreneko diskurtsoan, beste behin oroitarazi zuen 2005ean %38,5ean zegoela eta 2013rako %18,8ra jaistea lortu zuela bere gobernuak. 2020 urterako %8ra apaltzea hitzeman du behin eta berriz, eta desagerraraztea ere bere planetan sartzen du Moralesek. Lehentasunak hautatzean gertatu ohi den bezala, batzuk politika horren ondorioz baztertuak sentitzen dira.

Desberdintasunen eta arrazismoaren kontrako borroka, berriz, ezin daiteke neurtu datuetan. «Garaipen bat da herri indigenak eskubide historikoen jabe diren subjektu gisa eta gure herriko botere subjektu gisara ezagutuak izatea», Alvaro Garcia Linares presidenteordearen erranetan. Hamar urteotan indigenek espazio publikoa irabazi dute, Linaresen ustez, «oraindik ere kolonialismo arrastoak gelditzen badira ere, borrokatzeko zailenak, gure familietan ikasi ditugunak eta jarreretan, begiradetan eta keinuetan islatzen direnak». «Ez dira lurrera botatzen egun batetik bestera, baina agian belaunaldi berriek lortuko dute arrazismoa desagerraraztea», zehazten du.

Ukaezinak diren garaipenen artean, ezin da ekonomia aipatu gabe utzi. Evo Moralesek berak uste du Bolivia herri garrantzitsua dela nazioartean «hamar urtez ekonomia zaindu delako; epe labur horretan lortu da 180 urtez lortu ez zena». Barne produktu gordinaren (BPG) gorakada, hamar urteko agintaldian, %5,1ekoa izan da urtero batez beste, eta zor publikoen beherakada nabarmena izan da. Sail horretan ere Gobernua etorkizunari begira jarria da, eta 2020rako BPGaren gorakada %5,8ra irits litekeela aurreikusten da. Oreka ekonomikoa, baita politikoa ere, oreka sozialik gabe deus ez direla dio Moralesek.

Ekonomia azkarrari esker, sozialismoaz mintzo den gobernuak ahalegin berezia egin du aberastasunak hobeki banatuak izan daitezen. Gutxieneko soldata bikoizteaz gain, etsenplu eman nahi izan zuen presidenteak berak, agintarien eta bere soldata %50 baino gehiago apalduz. «Presidente hau eredu bat da –dio Catarinak–. Bere gobernuko batzuk aberastu dira, ustelkeria kasuak izan dira, baina nik sinesten dut Evo pertsona zuzena dela, zintzoa dela». AEBetan hamar urte lanean eman ondoren Boliviara itzuli den Juanek, berriz, ez du berdin pentsatzen: «Koka ekoizleentzat egin du ahaleginik handiena; hark dio hirietan gehiago kontsumitzen dela, baina ez da egia. Ekoizpena ikaragarri handitu da; zergatik? Narkotrafikoan ari delako» presidentea, bere ustez.

Nazionalizazioa, Estatua indartzeko. Hidrokarburoak dira Boliviako aberastasun handiena, gasa bereziki. Enpresen nazionalizazioak eta YPFB enpresaren garapenak gorago aipaturiko emaitza ekonomikoak azkarki lagundu ditu hasieratik. Luis Arce Catacora Ekonomia ministroaren ustetan, haatik, «eredu ekonomikoa orain ari da fruituak ematen; aurten hasiko gara zinezko gasaren industrializazioan, esportazioak dibertsifikatu ahal izateko». Gasaz gain, gobernua inbertsio handia egiten ari da Uyuniko gatz eremuan, lurpean dagoen litioa –munduko erreserba handienetarikoa– atera eta landu ahal izateko. Askoren ahotan, Pachamama (ama lurra) babesteko bozkatu zen legearekin ez doa bat xede hori, beste hainbat xede potolo bezala, ingurumenerako kaltegarriak liratekeelako. «Gainera, txinatarrei saldu die dena, nazionalizazioa aipatu ondotik», gehitu du Ana sukaldariak.

Bestalde, ekonomiaren indartzea obretan ere islatu da azken hamarkadan. Azpiegituretan inbertsio handiak egin dira, bideetan bereziki. Boliviako mendi guztien artetik bide berriak eraiki dira, batzuetan garraiobiderik batere ez zegoen guneetan. «Nik ez dakit erreferendumean zer bozkatuko dudan», dio Potosiko garraiolari batek, «baina bideetan egin diren obrak inork ezin ditu ukatu. Lehen herri askotara ezin zen auto bat iritsi ere, orain laborariek beren ekoizpenak hirietan saltzeko aukera dute».

Lider ukaezina. Aldaketa prozesua Gobernuaren eskutik etorri da eta ukaezina da Evo Moralesen figurak lehen mailako garrantzia ukan duela. 2006ko hauteskundeak %54rekin irabazi zituen; 2010ean hasi zuen bigarren agintaldia %64rekin irabazi ostean; eta 2012ko agintaldia %61rekin garaitu eta gero hasi zuen. Boterera iritsi zenean oposizioak “tximino” izenez iraintzen zuen, Santa Cruzeko aireportura iristen zenean ez zioten bere hegazkinari lurreratzen uzten ere, eta hamar urte berantago pisuzko aurkaririk gabe gelditu da, garaipenak zerrendatuz. Esanguratsuena 2008an lortu zuena izan daiteke. Agintariak baliogabetzeko erreferendum bat bultzatu zuten hainbat kargutan zeuden oposizioko kideek, baina haiek atera ziren galtzaile. «Erreferenduma irabazi genuen eta estatu kolpea suntsitu genuen», goratu izan du Moralesek. Bozketa hura %67ko emaitzarekin irabazi zuten MASeko ordezkariek.

Lidergoa karisma baino zerbait gehiagorekin ere irabazi du aimara kulturako agintari gorenak. Haur zela lanean hasi zenak laborantza munduko ordutegiak eraman zituen La Paz hiriko Murillo plaza ingurura, presidentearen egoitzara; goizeko bostetatik iluntzera arte lan egiten baitu Moralesek, eta ondorioz bere kolaboratzaile hurbilek ere bai. Goizean goiz Armadako kargudun gorenekin biltzen den bezala, meategietako kooperatibekin, Elizako ordezkariekin edo haur langileekin bil daiteke. «Presidentea ikusi nahi baduzu Murillo plazan egon zaitez goizean goiz», aholkatzen dio herritarrak kazetariari, «ordu txikietan ikus dezakezu lanera sartzen» gehituz. Mugimendu sozialek ere ordu horretan izaten dituzte bilkurak Moralesekin, eta, presidentearen erranetan, harreman horrek mantentzen du oreka politikoa.

Mundu mailan, berriz, Pachamamarekiko (ama lurra) erakutsi duen atxikimenduan aitzindari izateagatik egin da ezagun, besteak beste. Ama Lurraren Nazioarteko Eguna finkatu zuten egunean NBEko ordezkarien aitzinean mintzatu zen Morales: «Lurra ez da gurea, gu gara Lurrarenak» esaldi famatua erran zuen orduan. Hainbat gailurretan ama lurraren bozeramaile ere bilakatu da kasik, baina horretan ere kritika batzuk entzun behar izan ditu. Iritzi kritiko batzuentzat joan den urtarrilean Dakar lasterketak hirugarren aldiz Bolivia zeharkatu izana, adibidez, ez da zuzena, «Pachamama babesteko legeari dagokionez kontraesankorra» delako; irabazi ekonomikoak handiak direlakoan, lasterketak ingurumenean eragiten dituen kalteak ez ikertzea ere leporatzen diote Gobernuari.

Ustelkeria. Oposizioak eta erreferendumean ez bozkatzea defendatzen dutenek bereziki goi kargudun batzuen ustelkeria kasuak aipatu dituzte kanpainan gobernuaren kontra jotzeko. Fondo Indigena izeneko planean egitura sindikalentzat eta nekazarientzat inbertsio-funts handiak ezarri ziren, gobernuz kanpoko erakundeen bitartekaritzarik gabe, xedeak zuzenean ordezkariekin adostuz eta finantzatuz. Baina iazko abuztuan Gobernua fondoa likidatzera behartua izan zen 50 bat xede “fantasma” agertu zirelako, ez zirenak existitu ere edo ez zirenak burura eramanak izan. 205 pertsona auzipetu dituzte eta ministro ohi bat, bi senatari eta Moralesen lehen orduko hurbileko hainbat agintari kartzelatuak izan ziren.

«Ez dugu inor babestuko», argitu zuen estatuburuak. Fiskalaren hitzetan, 6,8 milioi dolar publiko sartu ziren kontu pribatuetan, eta afera argitzeko lanetan ari da justizia orain. Aferak hedapen handia izan zuen komunikabideetan hasieran, eta oraindik ere –bereziki oposiziotik hurbil diren hedabideetan– haren berri ematen da. Herritar batzuek «denak ustelak» direla trenkatzen badute ere, beste batzuek argi dute Gobernuko agintari anitz ‘bustiak’ direla «baina Evo ez», egunkari saltzaile den Isabelek bezala. Ustelkeria kasu horrek gaurko emaitza baldintzatu dezake, nahiz eta Gobernuak justiziaren esku utzi duen auzia.

2025ari begira. Plan Patriotikoa betetzen uzteko eskatzen die bereziki Evo Moralesek herritarrei. 2025ean Boliviaren berrehun urteak ospatuko direlako data horretara so jarri dute plana, gobernuan segituko duten esperantzarekin. Hamar urte eskasean ekonomia egonkortasunera eraman ondotik, BPGren gorakadak segitzea aurreikusten dute, agintariek bezala, hainbat ekonomialarik. Horregatik, orain arteko inbertsioak areagotuko dituztela hitzeman dute gobernuko buruzagiek; izan obretan, laguntza sozialetan, teknologia berrietan, hezkuntzan edo osasunean, besteak beste.

Aberastasunen banaketa hobearen ildotik, muturreko pobrezia desagerraraztea helburu nagusia bilakatu da 2025erako. Analfabetismoa ofizialki desagertu zen Boliviatik %3,8ko tasara heldu zenean (2001ean analfabetoak herritarren %14 ziren), baina hezkuntza hobetzea ere planaren adar azkarra da. Zerbitzuen (edateko ura, argindarra, etxeko gasa, telekomunikazioak...) «sozializazio eta unibertsalizazioa» ere epe horretarako lortzea espero duela iragarri zuen Moralesek plana aurkeztean. 13 zutabeko plana betetzeko baiezkoak irabaztea ezinbestekoa zaio presidenteari.

Kontinente osoa ere gaurko emaitzari begira jarriko da, euren gobernua progresistatzat daukatenek ez dutelako beste atzerapausorik ikusi nahi, Argentinan eta Venezuelan eskuinak hauteskundeak irabazi berritan. Ezkerreko gobernuen gorakada izan zen bezala, mugimendua frenatua balitz bezala ikusten dute hainbat analistak. Ezkerreko mugimenduek, berriz, erreferendumaren emaitza positiboa balitz, beherakada horri etenaldia ematea espero dute.