MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Zero numeroa

Bere hitzak norbere eginez baino ezin omenaldia egin Umberto Ecori, eta bere azken lanaren izenburua lapurtu eta euskaratuz gogoratu nahi nuke Alessandriakoa. Europako aparteko idazle eta pentsalaria, askorentzat “Il nome della rosa” nobela zoragarriaren bidez ezagun egin zena, ondoren bere beste lan eta azterketa eta hausnarketetan sakontzeko. Uste dut Ecori “Il Nome della rosa”-rekin eta ondoren maisuki zinera eramandako lanarekin, “publiko handiaren” aurrean gertatu zitzaiola bere garaian Lewis Carrolli “Aliceren abenturak lurralde miresgarrian” lanarekin bezala: ondoren kaleratu zuen “Condensation of determinants, Being a New and Brief Method for Computing their Arithmetic values” lanarekin, ezin ulertuta utzi zituela milaka jarraitzaile, honek matematika tratatuari balio apurrik kendu ez bazion ere.

Eskura dugu Ecorenak berriz aztertu eta ikasgai batzuk freskatzeko aukera, agian bere garaian ongi jaso edo ulertu ez genituenak.

Bere sorterrian, Italian, irakurri nuen udan kazetaritzan jarduten garen guztiok irakurri behar genukeena: “Numero Zero”. Hitz argi eta jakintsuz, Ecok proposatzen digu esaten digutena, azaltzen digutena, ikusten duguna zalantzan jartzeko, susmopean jartzeko, atzean gordeta duena bilatzen eta aurkitzen ahalegina egin behar dugula kazetariok, beti, etengabe, atsedenik hartu gabe. Mezua zabaltzen diguna ustez eta ikuspuntu guztietatik zalantzagarria ez bada ere, gertakaria zabaldu nahi duena sozialki auzitan jarria ez badago ere, baita onartua eta goratua izanagatik ere, egun hobetsita ditugun balio eta sistemen paradigma bada ere.

Susmopean jarri behar dugu, Ecoren iradokizunez, esku artera datorkigun edozer, lehen ariketa gisa eta arretaz eta kontuz begiratu bozgorailuarena egiten digun medioari ere, beti. Botere politikoari, botere ekonomikoari, botere eta sasi botere guztiei bigarren eta hirugarren begiratua bota behar diegula, lehen unean sortu diguten hausnarketaz gain, beste pare bat mereziko dutela, paperera, edo airera eraman baino lehen.

Azken urteotan inguruan egin den kazetaritza ekarri dit gogora eta hainbat kasu nola jorratu diren “kakotxik gabeko” bertsio ofiziala onartuz , egia ez ziren hainbat baieztapen, batzuetan modu sibilinoan eta beste batzuetan era baldarrean, sinetsarazi nahi izan dizkigutenez. Egunotakoa da Espainiako prentsa etengabe esaten ari zaiguna: nork eta nola agindu behar duen herrialde hartan, espainiarrak apokalipsitik gertu geratuko balira bezala beste aukerak gailenduz gero.

Tarda Otegiri bisitan joan zitzaion joan den astean eta bisitaren inguruan sortutakoek Espainiakoa low cost demokraziatzat definitzera eraman zuten politikari kataluniarra. Demokrazia bat low cost denean, halakoxea izaten da bere inguruan egiten den kazetaritza ere, normalean. Urte hauetakoen berri gertutik jarraitu du Otegik; beraz, telefono berriarekin borrokaren bat gorabehera, badaki zer duen esku artean. Ez da zerotik hasiko, baina hainbat gauzatan horrela hastea hobe!