MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Berriz pentsatzeko

Viena naziek okupatua zegoen Alexander Van der Bellen jaio zenean. Teknikoki, Alemania zen Viena 1944an, urtebete beranduago Sobietar Batasuneko soldaduak iritsi ziren arte. Urte batzuetan militar aliatuen gobernupean egon ondoren, Austriak bigarren errepublika aldarrikatu zuen 1945ean, eta ordutik hona, beti, alderdi kontserbadorea edo sozialdemokrata egon dira hango gobernuan –azkenaldi honetan, halabeharrez, elkarrekin, bakoitzak bere aldetik nahikoa boto ez zeukalako–.

Van der Bellen ez da ez alderdi sozialdemokratakoa (SPO), ezta kontserbadorekoa ere (OVP, Alderdi Popularra). Berdeetakoa da, eta nahiz eta hango presidentetzarako hauteskundeetara independente gisa aurkeztu, seguru asko Berdeen, sozialdemokraten eta kontserbadoreen babesa izango du Austriako presidente berria izateko. Hori maiatzaren 22an ikusiko dugu. Baina hori inportantea izan arren, ez da inportanteena. Austrian gertatu den gauzarik inportanteena ultraeskuineko hautagai batek beste guztiei aurrea hartu diela da. Norbet Hofer 45 urteko ingeniari eta Askatasunaren Alderdiko (FPO) kideak irabazi ditu hauteskundeak lehen itzulian, alde handiz gainera. Eta beti boterean egon diren alderdi sozialdemokrata eta kontserbadorea laugarren eta bosgarren gelditu dira.

Austrian gertatu da, Britainia Handian eta Herbehereetan gertatzen hasi da, Frantzian luze gabe gerta liteke... Azkenean presidentetza lortu ez arren, milioika herritarren hautua ultraeskuinaren aldekoa da, gero eta gehiagorena. Eta antipoda ideologikoetan egonda ere, pentsatzekoa da milioika europar horiek aireportuetan gurutzatzen ditugun berberak izango direla, edo udan opor lekuetan topatzen ditugunak, autobideetako zerbitzuguneetan gure ondoan kafesnea hartzen dutenak direla... Pentsatzekoa da, horiek ere etorkizun hobe bat nahiko dutela, euren seme-alabak bakean bizitzea, zoriontsu...

Iruditzen zait, ordea, jada urte batzuk badituen fenomeno honen aurrean ez ikusiarena egiten ari garela besteok. Azken finean, Chirac izan zen presidente, eta ez Le Pen, Jospin lehiaz kanpo gelditu zenean, eta orain ere Austrian, seguru aski, Van der Bellen izango da, eta ez Hofer. Eta Van der Bellek, Chiracek bezala, gertutik ezagutu zuen nazien okupazioa, eta nahikoa izango dira Europari txertoa jartzeko. Baina kontua da sustoak gero eta handiagoak direla, gero eta toki gehiagotan gertatzen direla, Euskal Herrian hasi garela Fronte Nazionalaren indarra ikusten, eta zabaltzea denbora kontua izan litekeela. Aurrea hartzen ez bazaio behintzat.

Baina horretarako derrigorrezkoa da errealitatea bere horretan ikustea, eta ez «onismoaren» betaurrekoekin –buenismoa, hobeto ulertuko bada–; batzuetan «onismotik» baino gehiago du eta onanismotik. Milioika europar egonezin handi bat erakusten ari dira, eta eskaintzen zaizkien irtenbideetatik onena ultraeskuindarrena iruditzen zaie. Etorkizuna berriz pentsatzeko beste arrazoi bat. Arrazoi oso indartsu bat.