Nire juaneteak!
Hondartzan zenbat gauza ari naizen ikasten, ikusten eta entzuten aurten ere. Etzan eta eguzkitan gozo, nahi ez dela ere, albokoaren elkarrizketan norbere toallatik espiatzea ia-ia ekidin ezin daitekeen zerbait da. Tapoiak eraman beharko genituzke hondartzara albokoaren berri jakin nahiko ez bagenu, gertutasuna handia izaten baita halabeharrez eguraldia eguzkitsua denetan, marea gora badago zeresanik ez, eta gainera, hegoaldeko hondartzetan, behintzat, ahotsaren bolumenari ez diogulako sordinarik jartzen.
Egun hauetako batean nabari xamarra zen Euskal Herrira etorri ohi diren Saharako neska-mutilak hondartzaz gozatzeko eguna zutela. Ez dakit nola antolatzen diren baina baziren hainbat zaindari haur gehienen bainua zaintzen eta beste batzuk hemen hartu dituzten familiengana hurbiltzen ziren. Haurrak, pozik, zalapartan, uretara joan-etorri etengabean, tarteka hondarra barreiatzen... gure haurrak bezala.
Parean nituenak, euren elkarrizketagatik, etxean haur bana jasotako bi emakume ziren. Ez zuten gauza atsegin bakar bat esan haurrei buruz. Ez zutela ogitartekoa «mesedez» eskatzen, pareta batean poster bat itsatsi zuela besteak, pareta zikinduz, eta gainera ukatu egin zuela hura egin izana, oihuka zebilela orduan ere... «Eske... (eta muturra okertzen zuten) ez dira berdinak... horrelakoak dira».
Aparteko erraztasunez esaten zuten gainera, berdina eta ezberdinaren marra, zuzena eta okerrarena, edukazio ona eta txarrarena non dagoen, egia osoaren jabe balira bezala. Besterik ez zuten errepikatu arratsalde osoan, haurrak molestia bat balira bezala, norbaitek inposatutako zigorra balira bezala. Joxe Anton Artzeren poema hura etorri zitzaidan burura: «Zapalketa gorriaren erahilketa bilutsiaren aurrean entzungo diezu erruki hitza aipatzen. Xurgatze amorratuaren jende gosetiaren aitzinean entzungo diezu karitate hitza goraltzen....». Badakizue, «Ai, nere juaneteak» esanaz amaitzen den poema hori.
Errukiagatik ekarriko zituzten haurrak? Karitatez? Zergatik ekarriko zituzten? Zeruren bat irabazteko? Ingurukoei euren ontasuna agerian uzteko? Altxatu eta galdetzeko zorian egon nintzen, niri hain normalak iruditzen ari zitzaizkidan haur haiek zergatik ekarri ote zituzten halako maitasun gutxi emateko. Bitartean haurrak lezio ederra ematen ari ziren, hondartzan aurkitutako beste erkideak lagunduz, hizkuntza menperatzen ez zutenei ziztu bizian ikasitako gaztelaniaz edo euskaraz itzultzaile lanak eginez eta bi emakume haiei arratsalde guztian ikusi ez nien irribarrea behin eta berriro aurpegian marraztuz.
Gainerakoan, pareko toallakoek Espainian hauteskundeak hirugarren aldiz egitearen aukeraz zer pentsatzen duten, motxila gaineraino aulkia sartu duenak Kataluniakoaz duen iritzia edo krema ahoraino bota dizunak gaur zer jarri duen bazkaltzeko ere aparteko esfortzurik gabe jakin daiteke.
A! Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak irailaren 25ean izango direla ere harea artean jakin dut. Ezkerreko toallakoak belarritik aurikularrak kendu eta denok entzuteko moduan esan du.
Ai, nire juaneteak!

«Egian aztarrika hastean ateratzen dira zikinak, odola… eta argia»

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

El Gran Museo Egipcio, «la cuarta pirámide»

Guía para evitar algunos regalos nada apropiados
