MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Bidaiatzen

Bidaiatxo bat egin dut aurten ere udako oporrak aprobetxatuz. Laburra, astebete ere ez da izan Euskal Herritik kanpo ibili naizena. Baina beste aurpegi batzuk, beste ohitura batzuk eta telebistan beste anuntzio batzuk ikusi ditut. Zaila da globalizazioa gaur egun imajina dezakegun maila gorenean dagoenean –auskalo zer den imajinatu ezin duguna– gauza oso desberdinak ikustea, jatea, janztea, are gehiago Europa barruan mugituta, baina ideia berriak, ikusmira ezberdinak jasotzen dira beti.

Aurten ere, bidaia amaitutakoan, iaz bezala, nabaritu ez dudana da «pasatu» zaidanik.

Barojak esana omen da nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela –«El carlismo se cura leyendo y el nacionalismo, viajando»– eta Barojaren ondoren beste askok errepikatua –gehienak, «nazioaren batasun hautsezinean» oinarritutako konstituzio bat sutsuki defendatzen duten «munduko hiritar» espainolak–. Gutxi bidaiatutakoak izango dira, ez baitzaie inola ere nazionalismoa sendatzen, baina ulertzen diet: niri ere ez zait pasatu.

Norbaitek esango dit bidaiak luzeagoa izan behar duela. Astebetean antibiotikoek ere ez dutela efekturik egiten. Egia! Baina astebete nahikoa izan dut nire herria besteen pare ikusteko gogoa eta asmoa berresteko, eta asmo hori gauzatu dadin urratsak egiteko grinari eusteko. Joan nintzeneko neurri berean, edo handiagoan, beharbada.

Ez dut ezer frantziar edo espainiar gizon-emakumeen kontra; ez dut ezer espainiar edo frantziar gizon-emakume langileen eta euren herria hobetzeko egunero lanean ari direnen kontra; ez dut nire iritzitik oso urruti daudenen kontra ere ezer. Zapaltzeko ariketa egiten duten horiei bakar-bakarrik esan nahi nieke ariketa demokratiko bat egin dezatela, Europako herri aurreratuenek bezala.

Baina hori esanda, euskalduna naiz eta horixe izan nahi dut: Euskal Herriko herritarra, Europako gainerako herrialde guztiek dituzten eskubideekin. Are gehiago: Europa eta mundua hobetzeko borrokatuz; herritarren erabakietatik urruti, herritarren kontroletik kanpo, baina zuzenean herritarrei eragiten dieten erabakiak hartzen dituztenen jarrerei aurre eginez, borroka horrek askoz ere gehiago hurbilduko baikaitu demokraziaren definiziora.

Behin eta berriz entzuten ari naiz, adibidez, Kataluniaren aldean, hau ez dela Euskal Herriaren momentua. Baliteke. Beste behin ere Europako beste herrialde batzuek ekarritako aldeko haizea galdu dugula uste dut, baina momentua izateko landu egin behar da momentu hori, pedagogia egin urratsak egiteko, beti ariketa demokratiko bat egiten ari garela gogoratuz.

Askotan errepikatu dut eternitatean ez garela gu egongo. Guk oraingoa egin behar dugula eta gauzak presaka egitea kalteko izan ez dadin, presarik gabe baina pausarik gabe jardun behar dela eta, batez ere, hasi egin behar dela.

Niri aurten ere ez zait pasatu. Zuei?