JOKIN URAIN
IRITZIA

Gauezkoak

Guztiok edo gehienok gara edo izan gaitezke gauzale, gustatzen zaigu momentu batean edo bestean, giroa gozo zaigunean. Batzuei atsegin zaigu gau oskarbi izarratuari begira egotea ia zorabiora arte, horretarako poeta izan beharrik gabe. Ederra da gau elurtuan paseo bat ematea inor ez dabilen lekuan, eta ez duzu inuita izan beharrik. Ilargi beteak badu zerbait esaten ez dakidana, eta agian hobea da astronomo ez izatea harrituta geratzeko.

Baina gauak baditu beste leku eta espazio batzuk, baditu izaera ezberdinak, nolabait esateko. Eta izaera horietako bat, argirik ezak ematen dionetik harago, bere ezkutu-izaera da, iluna baino gehiago beltza dena, izuaren espazio bihurtzen duena. Eta gauaren ezkutuan esnatzen direla ematen du betiereko loan behar luketen zentzu harrapariak.

Gaueko ordu ilunenetan egin izan dira gure herrietan atxiloketarik bortitzenak; gauez eginak izan dira gure herrian oraindik ilunpean ezkutatu nahi diren itsuskeriak, indarkeriak, bortxakeriak, larderiak. Gauaren ezkutuan eta gau beltza bezain ilunak diren lekuetan, inork ikusterik nahi ez duten lekuetan, torturak. Gauez egiten dira gehiegitan, hainbat herritako jaietan salatu denez, bortxaketa eta gehiegikeria itsusienak.

Zorionez, gauak badu bere ifrentzu gozoa, eta, edozein herriko jaietan, geure zentzurik gozoenak, adeitsuenak eta elkartasunezkoak esnarazten dizkigula esaten zidan lehengoan Palok, eta arrazoi duela iruditzen zait.

Gauezkoak badirenik ez dela sinistu behar baina ez direnik ez dela esan behar erakutsi ziguten. Ez dakit gauezko izaki beregainak badiren ala ez, baina ematen du badirela geugan bizi diren iratxo gauzaleak, egunez lotan egonda gauak esnatzen dituenak. Eta geu gazte ginenean gazteago ziren, beharbada, iratxook, bihurri eta jostariago sentitzen baikenituen. Baina laguntzen digute adinean aurrera egin dugunean ere. Nola ez ederretsi jai gauetako irudiak, gazteak eta ez hain gazteak nahasten direnean elkarrenganako arrimu-nahi horretan… Palok dioen moduan, jolasgura eta maitasuna borborka kaleetan, txosnaguneetan, bultzaka lekua egin ezinean sartu behar den tabernetan, musikak geldi egoten uzten ez duenean…

Geure izaeratik onena esnarazten digute iratxo gautar jostari hauek, eta beste izaerako guztiei gain har diezaieten zaindu behar genituzke. Bidegabea eta guztion lotsarakoa ere bai baita bortxakeriaren mamuak estaltzea edozein herritako jaiak.

Hemen dira zure herriko jaiak, Pipe, eta agian asfaltoa beteko da izarrez, kaleak zeru izan daitezen.