MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Azken dantzak

Udako azken dantzak ere ari gara egiten eta sanferminekin hasten den festa egutegiari gutxi geratzen zaio. Badira udazkenarekin batera iritsiko diren jaiak baina hiriburuetakoak amaitzeko zorian daude. Ez nieke bilbotarrei amaiera sentsaziorik eman nahi, hala ere, eta gozatu ditzatela atzo bertan hasi zen Aste Nagusiak ekarriko dizkien une guztiak.

Kontua da aurten berriz ere errepikatu egin dela, eta jai eremua ez dela guztiontzat gozagarri izan; eta sanferminetan izandako bortxaketa eta eraso matxista larrien ostean, errepikatu egin dela hemen eta han lakra baten gisara. Kontua da neskek, andreek, ezin ditugula era librean bizi urtean behin herri eta hiriak aldatzen dituzten olgatzeko egunak.

Aurtengo Bizkaiko ikastolen festan, Ibilaldian, eragile moreak ezagutu genituen. Ekimen berritzailea izan zen. Prebentziorako agente gisara aritu ziren eraso sexistak ekiditeko, gune libre eta anitzak aldarrikatzeko eta jendearen konpromisoa batzeko.

Peto morea jantzi zuten 330 eragileek eta kolore bereko pegatina itsatsi zuten 150ek oso baikortzat jo zuten bere lana. Jendearen artean, oro har, harreman eta jarrera osasuntsuak elikatzeko asmo eta gogoa topatu zuten, baina hala ere beren presentziak ekidin zituen hainbat jarrera ezkor. Horretarako sortu ziren eta gelditzeko sortu zirela aldarrikatu zuten.

Antzeko ekimena jarri dute martxan Bilboko konpartsek ere, eta «erasorik gabeko eremua» aldarrikatu dute. Areatza, Zazpikaleak eta Bilbo osoa ere eremu seguru eta lasaia izatea nahi dute. Herritarren parte hartzea eskatu dute «emakumeon askatasunean eta segurtasunean eragiten duten eraso larriez jabetu behar garela» defendatuz. Agiria sinatu duten konpartsek tinko erantzungo dutela hitzeman dute gainera. Herri gehiagotan ere hartu dute gai hau aintzat eta agerian jarri.

Hau guztia ikusita sortzen zaidan sentsazioa anitza da. Batetik, sekulako bidegabekeria iruditzen zait XXI. mendea aurrea joan arren hain egoera larriak bizi behar izatea, emakumeak beldurrez bizitzea. Beldurrari aurre egitea da zabaltzen den mezuetako bat baina beldurra ez da beti kontrolatzen erraza eta ezin du emakumeen bizkar egon. Gizarteak egoera hauei aurre egiteko sortutako ekimenek erakusten dute arazoa larria dela, gero eta jabetuagoak gaudela arazoaz, eta beraz, orain Ibilaldiko eragile moreek, gero konpartsek, edo beste une batean beste talderen batek abian jar ditzakeen ekimenez gain, politika bateratuak behar dira premiaz. Premiazkoa da andre eta gizonen berdintasuna era errealean bermatuko duten politika eraginkorrak, beteko direnak, indarrean jartzea. Ez du balio desberdintasun egoera hauek muturrera heltzen direnean bakarrik asaldatzea, bortxaketa eta hilketen aurrean bakarrik haserretu eta orduan kalera irtetea. Gizarte honek bere buruari demokratiko izena jarri nahi badio, izanak ere demokratikoa behar du eta oinarri-oinarrian dago –ez dago oinarrizkoago beste ezer—andre eta gizonen berdintasuna bermatzea. Ea udako azken dantzak ederrak diren.