Buru makurtuen tribua
Txinan aztoratuta dabiltza. Auto batek bi urteko haurra harrapatu du eta hil egin da. Bere ama bizpahiru metro atzetik zihoan, smartphoneari begira. Irudiak gogorrak dira, segur aski, ezagunegiak zaizkigulako, gertukoegiak.
Txinan aspalditik dabiltza kezkatuta kalean pantailari begira eta burua beheratuta dabiltzanekin, “buru makurtuen tribu” izendatzeraino. Beren inguruan gertatzen denetik erabat kanpo ibiltzen dira, inguratzen dituenetik aparte, pantailarentzat baino ez dituzte begiak eta arreta. Arriskutsua da, bai beraientzat eta bai ingurukoentzat. Smartphoneak konpontzen dituzten dendetan dagoeneko konturatuta daude aberia gehienak hortik datozela; bata bestearen kontra talka egin duten oinezkoak, farola baten kontra hartutako kolpea... Pentsa, Txinan –eta Europako hiri batzuetan– badira “smartphone bideak” kalean, “buru makurtuen tribukoak” lasai ibil daitezen.
Ez da ikerketa soziologiko sakonik eta luzerik egin behar gure bizimoduan smartphoneak daukan eraginaz jabetzeko. Autoan noala, zebra-bide batean gelditu naiz, emakume bat pasatzeko zain. Burua jaitsita darama, makurtuta, eskuetan duen telefonoari begira-begira. Zebra-bide erdian geratu da, ez aurrera eta ez atzera, telefonoaren pantailari pega-pega eginda.
Lagun batekin topo egin dut kalean. Umore txarrez dago. Lankide bati deitu dio «aspaldi» eta ez du harrapatzen. Whatsapp bat ere bidali dio eta ezer ez. «Eta ikusi du, bi marratxo urdinak hor ditu». Baina, zer da «aspaldi»? Nerabezaroko nire lagunen etxeko telefono gehienak buruan ditut oraindik –orain, kontaktuen agendarekin, ez da zenbakirik buruan hartu behar–. Eguerdian deitu eta «orain ez dago, deitu iluntzean» esaten zizuten lagunaren etxekoek. Eta iluntzean deitzen zenuen, lasai ederrean, larritu gabe. Ez dakit, akaso norbaitek esango dit oraingo arazoak eta kezkak urgenteagoak direla. Susmoa daukat orain dena urgente eta premiazko bihurtu dugula. Eta horregatik bizi garela egun askotan ukabil bat sabelean bagenu bezala, arnasa larrituta.
Kafe bat hartzen ari naizela ondokoak ardo bat eskatu du, telefonoari begira. Tabernariak ardoa atera dio eta bueltak barraren gainean utzi dizkio. Bezeroa ez da enteratu ere egin, berean segitzen du, telefonoarekin. Berriro eskatu dio ardoa, tabernariak atera ez duelakoan. Tabernariak hasperen egin du. «Jakingo bazenu egunean zenbatetan pasatzen zaizkidan horrelakoak. Telefono zikin horiek!».
Arrazoi. Telefono zikin horiek! Ahaztu zaigu besterik gabe bakarrik edo besterik gabe zain egoten. Hainbeste daukagu pantailan ikusteko, ingurukoa ikusezin bihurtu zaigula. Halako batean burua altxatu eta bakarrik gaudela konturatuko gara.

Por una actitud más saludable en Navidad
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin
