amagoia mujika
IRITZIA

Interneten garena

Internetek, 30 urte. Gutako batzuk, horiek eta gehiago. Beste batzuk, hor barruan jaioak. Belaunaldi desberdinen arteko arrakala Internetek zabaldu ote duen, susmo hori izaten dut batzuetan pantailari begira dauden nerabeei begira. Baina, segituan, nire adin bueltakoak ikusten ditut pose berdinetan eta susmoak uxatzen zaizkit. Internetek denak aldatu gaitu.

Orain ez omen da nahikoa norbait izatea oinezkoen munduan. Orain, beharrezkoa omen sarean ere norbait izatea, sarean nortasuna izatea. Inuzente-inuzente pentsatu dezakegu Internetekoa jolasa dela, oporretako eta parrandetako argazkiak zintzilikatzeko erakustoki ponpoxoa baino ez dela. Baina ez. Adituek garbi daukate. Gu denak datuak gara eta datu horien arabera neurtzen eta epaitzen gaituzte. Datu horien arabera balio bat edo bestea daukagu. Eta Interneten datuak erraz eta kontentu ematen ditugu, inork eskatu gabe. Sarean gabiltzanean, datuak sortzen ditugu une oro. Eta toki askotatik zorrotz begiratzen dituzte datu horiek, beren mesedetan erabiltzeko. Marketinaren eta publizitatearen alorrean horretan dabiltza, datuen arabera zer gustatzen zaigun eta zer erosiko genukeen asmatu nahian. Eta zuzen bidaltzen dizkigute iragarkiak. Baina aseguru enpresak, bankuak, alderdi politikoak... ez daude beste aldera begira. Horiei ere interesatzen zaizkie gure datuak.

Baina, zer kontatzen dute datuek guri buruz? Adituen arabera, nortasun digitalak hiru geruza ditu. Lehena, norberak sare sozialetan kontatzen duenarekin osatzen da; argazkiak, aipamenak, gustatzen zaizkigunak... Bigarren geruza gure portaeraren arabera marrazten da; ikusten ditugun film motak, entzuten dugun musika, Googlen egiten ditugun bilaketak, geolokalizazioak... Badira, gainera, gu konturatu gabe harrapatzen dituzten datuak. Adibidez, tekleatzeko gure abiadura. Hirugarren geruza, periferikoena eta kontrolatzen zailena omen. Lehen bi geruzen arteko nahasketatik osatzen da, horiek jaso eta interpretatzen eta «nor garen» asmatzen saiatzen da. Adibidez, erabiltzaileak haur jaioberri baten argazkia argitaratzen badu, sareak interpretatzen du guraso izan dela eta jaioberrientzako produktuak beharko dituela. Agian asmatuko du edo agian ez.

Dagoeneko gertatzen ari da. Bankuan kreditu eskaera egin eta ezezkoa eman diote bere nortasun digitalaren arabera ez delako fidatzekoa. Adibidez, behin isun bat berandu ordaindu zuen. Eta lan eskaintza batera aurkeztu eta ezezkoa eman diote, bere sare sozialetan ematen duen irudia ez delako egokia lanpostu horretarako. Postureoaren garaian, ez genuke ahaztu behar Internet ez dela irribarre perfektuak zintzilikatzeko erakustoki ponpoxoa.