amagoia mujika
IRITZIA

Geratu mundua

Abuztua da, eguzkiak azala gozatu digu eta itzalak arima. Oinek ez dute zapata itxietan sartu nahi eta ilea zakartu zaigu. Pozikago beharko nuke, baina amorratu samar nago.

Bortxaketa bat bestearen atzetik. Estatistikak zorrotzak eta mingarriak dira eta esaten dute Estatu espainolean bost ordutik behin bortxaketa bat gertatzen dela. Eta sei bortxaketetatik bakarra salatzen dela. Beraz, estatistikak are latzagoak dira egiatan. Eta estatistika horiek berek esaten dute kasu gehienetan, %80 inguruan, bortxatzailea biktimaren ezaguna dela.

Guretzat ez dago espazio segururik. Berdin bortxatzen gaituzte parrandan, parrandaren ostean ustez toki seguruan lo gaudela, lanera bidean goazela, etxetik ateratzerako, zaharren egoitzako logelan... Beti gara zaurgarriak, beti gaude arriskuan, nonahi, noiznahi eta edozein adinetan. Horregatik, ez dakit askorako balio ote duen kontuz ibiltzea. Hondartza joaten denari hondar alerik etxera ez ekartzeko eskatzea bezalakoa iruditzen zait. Hondarra dagoen bitartean...

Eta sutan jartzen nauena, erasoa jasateko arriskutik harago, erasorik izanez gero eskatzen zaigun jokabidea da. Bortxatua izatea da gerta dakizukeen gauzarik ikaragarriena. Edonori gerta dakioke eta, gertatuz gero, burua altxatzea ezinezkoa da, betirako markatuko zaitu, betirako zama izango da. Arnasa pisutsua bihurtuko zaizu, beldurra etengabeko presentzia, plazerari uko egin beharko diozu...

Virginie Despentes idazle eta zinemagilea bortxatu egin zuten 17 urte zituela. “Teoria King Kong” liburuan kontatzen duenez, «bere duintasuna errespetatzen duen emakumeak nahiago luke akabatu izan balute. Ni bizirik egotea bera, nire kontrako bihurtzen da. Hiru kabroiren pelbis kolpeek utzitako traumak baino beldur handiagoa sortzen zidan akabatu egingo nindutela pentsatzeak. Izan ere, beharrezkoa da traumatizatuta geratzea bortxaketa baten ondoren. Badaude errespetatu beharreko eta denen bistan erakutsi beharreko marka batzuk: gizonezkoei beldurra izatea, gauari beldurra izatea, norbere askatasunari uko egitea, sexua eta txantxak ez gustatzea...».

Neskatoei ez zaie erakusten beren burua defendatzen. Indarkeria ez da femeninoa. Gainera, gehiegi defendatzen bazara, erasotzailea are gehiago haserretu daiteke. Otzantasuna seguruagoa da. Isilik egoteak asko balio du. Gero, erasotzen bazaituzte, gutxiegi defendatu zarela leporatuko dizute, ez duzula buila nahikorik egin, otzanegia izan zarela. Benetan defendatu behar zenuela, hiltzeraino. Eta bizirik ateraz gero, ez egoteko biziegi, pixka bat hilda behar duzula, burumakur, itzalita, triste.

Mafalda handiak esaten duen bezala, «geratu mundua, nik jaitsi egin nahi dut».